Korrika

Gaur abiatuko da Korrika, Amurrion

16:30ean emango zaio hasiera euskararen aldeko lasterketari, eta Donostian amaituko da, apirilaren 10ean. 'Hitzekin' lelopean, ekintzara igaro beharra aldarrikatuko dute.

21. Korrika. Euskararen aldeko lasterketa Amurriotik igaro zeneko irudi bat, 2019ko apirilaren 10ean. KORRIKA.
Olatz Enzunza Mallona.
2022ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Urtebeteko itxaronaldiaren ondoren, gaur egingo ditu aurreneko urratsak 22. Korrikak. Amurrion (Araba) abiatuko da, 16:30ean, eta Asier Amondo arduradunak lekuko barruan mezua sartu ondoren, 2.500 kilometroko ibilbidea egingo du Euskal Herri osoan barrena. Lekukoa eskuz esku eta etenik gabe joango da aldatzen, eta apirilaren 10ean iritsiko da azken helmugara: Donostiara.

21. Korrika amaitu zenetik «ohi baino denbora gehiago» igaro dela gogoratu du Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak, baina, bide horretan, euskararen alde lanean jarraitu duten herritarren «gogoa eta ilusioa» nabarmendu nahi izan ditu. Pandemiaren eragina, baina, agerikoa izan da tarte horretan guztian, eta ohartarazi du kasu askotan euskara kaltetua izan dela: «Jakitun gara pandemiak euskara ia ezabatu duela errotik plaza ugaritan zein askoren bizitzan». Ondorioz, garrantzitsutzat jo du Korrikaren bitartez «euskararen aldeko uholdea» berreskuratzea.

Hain justu, Iribarrenek adierazi du Korrikak «akuilu lana egin dezan» nahi dutela, eta, horrez gain, euskaltegien diruztatzean ere jarri du arreta: «Administrazioari dagokionez, euskaltegiei bideratutako baliabideak ez dira nahikoa oraindik». Urterik urtera, arlo horretan ere aurrerapausoak eman direla dio, «baina oraindik badago zer hobetu». Besteak beste, ikasteko doakotasuna eta irakasleen lan baldintzen normalizazioa aipatu ditu Korrikaren koordinatzaileak, eta aurrerantzean «hobekuntza» horiek «areagotuko eta sendotuko diren itxaropena» duela kontatu du.

Ekiteko garaia

Euskararen aldeko ekintza masiboa da Korrika, baina Hitzekin lelopean, aldekotasun hori ekimen bihurtzea jarri du erronkatzat AEK-k: hitzetatik ekintzetara igarotzea. «Hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea. Euskarak aurrera egin nahi badu, euskaldun (pro)aktiboak behar ditu, konbentzimendutik ekintzara, praktikara, jauzi egingo dutenak». Finean, «ernatzeko deia» egin dute antolatzaileek, bai herritarrei eta baita erakundeei ere: «Ekin diezaiogun berehala: aldekotasunetik konpromisora, eta konpromisotik erakunde orok urrats sendoagoak egin ditzan eragitera».

Sustrai Colinarenak dira hitzak, eta Nerea Urbizuk jarri dio doinua kantuari. «(E)ta berriro egin mundua zurekin, beti baitago norbait hitz egiteko prest», dio abestiak, errepikan, pop doinuek lagunduta. Urbizu bera, Ane Garcia eta Anari dira abeslariak, eta bideoklipa ere ikusgai dago dagoeneko: Tripulante Produce ekoiztetxeko Eymard Uberetagoenak zuzendu du bideoa.

Horrez gain, dokumental bat ere aurkeztu du aurten Korrikak: Uhinak. Txakur Gorriak zuzendu du, AEKrekin elkarlanean, eta Euskal Herriko bederatzi ahotsen bitartez, euskarari lotutako bederatzi errealitateren berri ematen dute bertan.

Ohi bezala, Korrikaz gainera, datozen egunetan kultur egitarau zabala eskainiko du AEK-k, Korrika Kulturalaren barruan. Joan den otsailaren 9an abiatu zen dinamika hori, baina oraindik ere hainbat saio eskainiko dituzte, apirilaren 9ra bitarte. Tartean, Ruper Ordorikaren eta Bernardo Atxagaren Hautsi da anphora ikuskizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.