arantxa elizegi egilegor
Gerra Ukrainan. ANALISIA

Moskuk zehazten du agenda

2022ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Asteetako krisi diplomatikoa piztu da. Ezustean piztu ere. Duela hiru egun grabatu zuen Errusiako presidente Vladimir Putinek gaur goizaldean Ukrainaren aurkako erasoaldia hasi baino minutu batzuk lehenago zabaldutako hitzaldia; Donetsken eta Luhansken independentzia aitortu zuen egun berean. «Ukraina desmilitarizatzen eta desnazifikatzen» ahaleginduko direla dio bertan. Mendebaldeko indarrak dira naziak, AEBak, NATO Ipar Atlantikoko Aliantzaren Erakundea eta Ukrainako egungo gobernua zehazki.

Erasoa «nazioarteko zuzenbidearen urraketa» izan dela esan du NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek. AEBetako presidente Joe Bidenek bonba hotsak entzuten hasi eta gutxira deitu dio Ukrainako estatuburu Volodimir Zelenskiri sostengua adierazteko. Eskuak burura eraman dituzte EB Europako Batasuneko buruzagi ia guztiek ere. «Gerra Europara ekartzea» egotzi diote Putini, eta haren erregimenaren aurkako zigor ekonomikoak iragarri dituzte. Baina hor amaitu dira Mendebaldearen indar erakustaldiak.

Krisiaren hasieratik Putinek argi utzi du berak hartzen dituela erabakiak, eta ez beste inork. Hainbat astez Errusiaren inbasioa «berehalakoa» izango zela ohartarazten aritu den Biden bera makurrarazi eta harekin bilera bat hitzartzeko gai izan da Errusiako zerbitzu sekretuetako buru izandakoa. Hain zuzen ere, AEBetako eta Errusiako Atzerri ministroek bilera egitekoa zuten egun berean hasi du Putinek erasoaldia. Ezin mezu argiagorik helarazi.

AEBek Irak inbaditu zutenetik egindako tropa mugimendurik handiena da Errusiarena —ordu hartan 175.000 soldadu bidali zituen Washingtonek—. Ukrainak badaki bakarrik dagoela gerra honetan, adierazpenak adierazpen, ez NATOri, ez AEBei, ez zaielako esku hartzea komeni, horrek gerra Europa osora zabaltzeko arriskua dakarrelako, eta, trukean, irabazteko gutxi dutelako. Horiek hala, muturrera jo du Zelenskik, eta iragarri du Kievek armak emango dizkiola «borrokarako moduan den herritar orori».

Kiev bakartuta, eta Mendebaldearen kritikei entzungor eginez, badirudi Putinek dagoeneko erabaki duela hurrengo hitzordua noiz eta non izango den. Moskuk ziurtatu nahi du SESBeko kide ohia ez dela NATOn sartuko, baina baita bertako gobernuak ez diola gehiago bizkarra emango ere, eta bide batez, mugakide dituen gainontzeko estatuei, eta Mendebaldeari, argi utzi nork duen aginte makila. Erasoaldi honek zenbat iraungo duen Moskun erabakiko dute, baita haren osteko egoera geopolitikoazer-nolakoa izango den ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.