Koronabirusa

Maskara jantzita, badaezpada

Indarrean sartu da Jaurlaritzaren neurri berria, «jendea dabilen hiriguneetan» maskara eramatera behartzen duena. Nahastea handia bada ere, Barakaldon, oro har, jendeak zintzo bete du agindutakoa.

Emakume bat maskara jantzita, atzo, Barakaldon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Barakaldo
2021eko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren neurri berriak indarrean sartu eta hurrengo egunean, Barakaldoko erdigunean (Bizkaia) dabiltzan herritar ia guztiek daramate maskara. Baina zaila da jakitea hori Jaurlaritzaren aginduaren ondorio den ala ez; aire zabalean musukoa derrigor eramateko beharra bertan behera utzi zutenean ere, asko izan ziren maskarari eutsi ziotenak, inertziaz, ohituraz edo horrela babestuago sentitzen zirelako.

Patxi Fernandezek, adibidez, maskara darama, baina Jaurlaritzak neurri berriak ezarri zituenik ere ez zekien: «Orain berriro derrigorrezkoa da maskara eramatea? Ez nekien ezer. Hainbeste neurri eta hainbeste aldaketarekin, ni neu behintzat galdu samar nago aspalditik».

Dioenez, «erosoago» delako eramaten du maskara: «Etxetik ateratzen banaiz, igogailuan maskara jantzita eraman behar dut; gero, kalean, ken dezaket, baina taberna batera sartzean edo norbaitekin hizketan gelditu eta berriro jantzi behar badut... Etengabe kendu eta jarri ibili beharrean, nahiago dut beti jantzita eramatea eta kito».

Jabi Martinezek badu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Labi Babes Zibileko Planaren aholku batzordeak emandako aginduen berri, baina uste du «nahasia» dela egoera: «Ikusten dut jendeak ez daukala batere argi zelan egin behar duen, maskara eraman behar duen ala ez duen eraman behar. Lehengo egunean ipini zituzten neurriak berriak zirela agertu da hedabideetan, baina badirudi, maskarari dagokionez behintzat, neurri horiek aldez aurretik ezarrita zeuzkala jada Espainiako Gobernuak».

Jende gutxi kalean

Beste urte batzuetan, Barakaldoko Arteagabeitia auzoa borborka egon da egun hauetan. Galiziar jatorriko herritar ugari han bizi dira, eta han dago Centro Galego izenekoa ere, munduko zaharrena Montevideokoaren ondoren 1901ean sortu zuten. Dia da Patria Galega edo Galiziako egun nazionalaren bezpera izaki, festa giroa nagusi izan da iragan urteetan. Aurten, berriz, jende gutxi dabil kalean, eta ez dago musikarik edo ospakizunik, taberna batzuek iluntzerako queimada iragarri duten arren.

Josune Canok ez darama maskararik, kafe bat hartzen ari delako. Amaitutakoan jantziko duela esan du, baina aitortu du ez duela beharrik ikusten: «Hemen behintzat, ez dago jende pilaketarik. Kontu pixka batekin ibilita, 1,5 metroko aldeari eustea ez da zaila. Nik uste dut neurria apur bat absurdoa dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.