Artigas zabortegiko auzian «azpijokoan» aritzea egotzi dio diputazioak EH Bilduri

Bizkaiko Ingurumen diputatuak ez du argitu Artigasera tratatu gabeko hondakinak botatzen ari diren.TMB planta ez dela gelditu esan du

Artigas inguruko lur eremuan dagoen errekatxoaren egoera, herenegun. A. L. L.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2015eko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Bilboko Artigas zabortegiaren funtzionamenduari buruzko eztabaidak elkarri muturka jarri ditu Bizkaiko Foru Aldundia eta EH Bildu. Asier Vega koalizioko batzarkideak «iluntasunez» jokatzea egotzi dio diputazioari: duela bi hilabete zabortegiaren ondoko mendialde bat plastikozko poltsaz beteta agertu zen arren, horri buruzko azalpenik eman nahi ez izatea eta gertatu zena ezkutatzea. Iosu Madariaga Ingurumen diputatuak, berriz, «exajeratzea» eta «azpijokoetan» aritzea leporatu dio EH Bildukoari. Ez du gezurtatu BERRIAk urtarrilaren 30ean kaleratu zuen albistea. Sinesgarritasuna eman dio, baina gertaera bere interesetarako erabiltzea egotzi dio EH Bilduri. «Manipulatzea».

Urrutiago joan da Nerea Ahedo EAJren ordezkaria, eztabaida beroan. Vegari «arduragabe» ari dela esan dio Ahedok; «errealitatea faltsutzen eta herritarrak engainatzen» ari dela. Egunkari hau ere «manipulazio» horren erdian kokatu du, gainera: «Ez dakit zer izango zen lehenago, oiloa edo arrautza». BERRIAk albistea argitaratu zuen egunean EH Bilduk balorazioa azkar egin zuela gogoratu du, eta bizkortasun hori susmopean jarri du: «Ez dakit albistea egunkarian irakurri eta korrika egingo zuten balorazio oharra, edo, alderantziz, ez ote zuen EH Bilduk horrelako zerbaiten beharra izango eta ez ote zion egunkariari deituko halako zerbait egiteko».

BERRIAk bere kasa izan zuen gertatutakoaren berri, eta bere kasa landu zuen informazioa. Are, argitaratu bezperan albistearen berri izan zuen bakarra Bizkaiko Ingurumen Saila izan zen, gertatuari buruzko azalpenik bazuen jakiteko hots egin baitzion egunkari honek. Komunikazio arduradunarekin hitz egin zuen BERRIAk; ez zuen diputatuarekin zuzenean hitz egiteko aukerarik izan.

Hondakinak tratatzeko TMB tratamendu mekaniko biologikoko planta geldituta egon izana posible zela esan zion, orduan, prentsa arduradunak egunkari honi. Ez zuen ziurtatu garai haietan geldirik egon zela, baina mantentze lanak egin ahal izateko planta itxita egotea ohikoa izaten dela azaldu zion.

Ingurumen diputatuak zeharo ukatu du hori Batzar Nagusietako batzordean. Madariagak azaldu du Artigasko TMB plantaren ardura duen Garbiker enpresari txostena eskatu ziola EH Bilduk azalpenak galdegin zituenean, eta behin eta berriz ziurtatu du tratamendurako planta ez zela gelditu. «Informazioa erabat gezurtatzeko aurkezten dugu txosten hau», irakurri du, hitzez hitz Garbikerren idazkia. «TMB planta ez da inoiz ere itxi azken hilabeteetan. Jardunik izan ez duen egun bakarrak igandeak eta jaiegunak izan dira».

Arduradun bakarra, haizea

Zaborra Arraiz mendiaren inguruan agertu izanaren zergatia ez du argitu, hala ere. Haizeari egotzi dio, erabat, plastikoak zabaldu izanaren ardura, zabor hori tratatu gabe egotearen arrazoiari buruzko argibiderik eman gabe. Milaka poltsa sakabanatuta egon zirela onartu du, Vegak BERRIAren argazkiak zein bideoa pantaila handian erakutsi ondoren.

Atzo argitaratutako informazioa ere erakutsi dute pantaila handian, eta bertan plazaratutakoari buruzko argibideak eskatu dizkio EH Bildukoak Ingurumen diputatuari. Artigasko zabortegira tratatu gabeko zaborra bota dela zioen albiste hark.

Galderari ez dio erantzun, ordea, diputatuak. Ez du baieztatu Artigasko zabortegira TMB plantan tratatu gabeko hondakinak botatzen direla, eta ukatu ere ez du egin. Baina Vegak zaborra horrela botatzean Europako arauak urratzen ari direla aurpegiratu ondoren, honako hau erantzun dio Madariagak: «Zein arautegik dio ezin dela tratatu gabeko zaborra bota?».

Europako zuzentaraua

Hain zuzen, hondakinen kudeaketari buruzko Europako zuzentarauak desegokitzat ezarria du hondakinak zabortegira botatzea aurrez tratatuak ez badira; hierarkiaren azken tokian jarri du jardun hori. Baina Europak zuzentarau hori derrigorrezko bihurtzeko epemuga ez da oraindik heldu: 2016. urterako hala jarduten ez duten zabortegiak itxiaraziko direla dio arauak.

Hortaz, tratatu gabeko zaborrak lurperatzeak oraindik zigorrik izango ez lukeen arren, zabortegiaren arduraduna den Bizkaiko Foru Aldundiak ez du sekula onartu hori egiten denik. Are, alor horretan Europa osoko lurralderik aurreratuena dela esan izan du, eta Artigas «eredu» dela hargatik.

Bestalde, 2013. urteko otsailaren 18an, Artigas alboko TMB planta inauguratu zen egunean, Bizkaiko ahaldun nagusiak esan zuen planta zabaltzearekin batera amaitu zirela tratatu gabeko hondakinen garaiak: «Hemendik aurrera, Bizkaiko hondakin guztiak tratatuko dira desegin aurretik, hondakinen tratamendurako hierarkiak agintzen duen bezala». Argiago ere hitz egin zuen Jose Luis Bilbaok ekitaldi hartan: «Zabortegira ez da bideratuko aurrez tratatu gabeko zati bat ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.