Desorekak agerian utzi dituen zerga

Frantziako Gobernuaren erregaiaren gaineko zerga bat dago Jaka Horien mugimenduaren hastapenaren oinarrian. Ekarpen hori lotuta dago karbono zergarekin.

inaki petxarroman
2018ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Teorian klima aldaketari aurre egiteko tresna baten gisa jaio arren, praktikan eragin txikia izan du karbono zergak horretan. Zer den, nondik datorren eta zertarako balio duen argitzeko dira ondoko galdera-erantzunak.

NOLA SORTU ZEN?

Klima aldaketari aurre egiteko Kyotoko Protokoloak aipatu zuen lehen aldiz, 1997an, karbono isurketei prezio bat ezartzea. Ideia horri tiraka ituna sinatu zuten herrialde asko karbono zergak ezartzen hasi ziren. Frantziaren kasuan, 2007an presidentetzarako hauteskundeetara aurkeztutako hautagai guztiek hartu zuten konpromisoa erregai fosilen gaineko karbono zerga bat onartzeko. Helburua zen produktu batzuen kontsumoaren gaineko ekarpen bat onartzea —hasieran txikia, baina handituz joango zena—, enpresak eta partikularrak bultzatzeko pixkanaka jarduera garbiagoetara: etxebizitzetan energia eraginkortasuna ezarriz, auto garbiagoak hartuz, kontsumo txikiagoko makinak erabiliz...

NOIZTIK DAGO EZARRITA FRANTZIAN?

2014tik. Aldez aurretik, bi ahalegin izan ziren, baina huts egin zuten. 2000. urtean, Lionel Jospin presidentea jarduera kutsatzaileen gaineko zerga ezartzen saiatu zen, bi helbururekin: klima aldaketari aurre egitea eta 35 orduko lan astea finantzatzea. Zerga hori elektrizitate kontsumoari ezarri nahi zion, eta Kontseilu Konstituzionalak atzera bota zuen, zergaren oinarri ekologikoa ez zuelako garbi ikusten, besteak beste, elektrizitateari eragiten ziolako, baina Frantzian, gehiena jatorri nuklearrekoa izanik, sektore hori ez da CO2 isurle handia. 2009an, Nicolas Sarkozy saiatu zen klima-energia ekarpena onartzen, baina Kontseilu Konstituzionalak hura ere baliogabetu zuen, egitasmoak salbuespen ugari zeuzkalako, eta, horien ondorioz, ez zuelako berdintasunaren printzipioa errespetatzen. 2014an, gobernu sozialistak berriz heldu zion proposamenari. Asmoa, kasu horretan, ez zen zerga ekologiko bat ezartzea, baizik eta karbono osagai bat ezartzea produktu energetikoen kontsumoari, baina ez elektrizitateari.

ZEIN DA ZERGAREN FUNTSA?

Karbono osagaia energiaren gaineko zergetan ezartzen da, gas, gasolio edo gasolina produktu batek isuritako CO2 kopuruaren arabera. Enpresek eta partikularrek ordaintzen dute, eta CO2 tona bakoitzeko euro kopuru bat finkatzen du. Karbono osagai horren maila handituz joaten da, erregai fosilak gutxiago erabiltzea bultzatzeko. 2014an, 7 euro zen zerga, eta, 2018an, 44,60 euro. Atzera egin ez bazuen, heldu den urtean 55 eurora igotzekoa zuen Emmanuel Macronek, eta, progresiboki, 100 eurora heldu beharko luke haren agintaldiaren amaierarako, 2022rako.

ZERGAK BAKARRIK IGO DU ERREGAIAREN PREZIOA?

Ez. Zergek erregaiaren prezioaren igoeraren heren bat eragin dute—%34 gasolinaren kasuan, eta %37 gasolioarenean—, baina petrolioaren upelaren garestitzeak eragin handiagoa izan du Frantzian, Euskal Herrian eta Europa osoan. Izan ere, upelaren prezioa ia hirukoiztu egin da 2016tik, nahiz eta oraindik ez den iritsi 2012ko preziora.

ZEINEK ORDAINTZEN DU?

Berez, erregai fosilen kontsumitzaile guztiek ordaintzea du zergak helburutzat, baina salbuespen ugari ditu. Esate baterako, nazioarteko hegazkinek eta itsas garraioak ez dute erregaiaren gaineko zerga ordaintzen, ezta zementu eta beira ekoizpenean aritzen direnek ere. Beste sektore batzuek murrizketa nabarmenak dituzte Frantzia mailako jarduerarako: hegazkinek, taxiek, salgaien garraioak, ibai bidezko garraioak, nekazaritzak... Aldi berean, gehien kutsatzen duten enpresek ere ez dute ordaintzen, CO2 isurketaren gaineko nazioarteko merkatuko kuotak dituztelako.

BA AL DU ZERIKUSIRIK KARBONO MERKATUAREKIN?

Ez, karbono merkatua ez da zerga bat. Europako Batasuneko 11.000 industria instalaziok jasotako emisio eskubideen inguruko merkatu bat da, nolabait kutsatze eskubidea aitortzen diena. Oso kuota txikiak ordaintzen dituzte enpresa horiek: isuritako CO2 tonako 20 euro ordaintzen dute gaur egun. Sistema horrek desoreka nabarmen bat uzten du begi bistan. Izan ere, Frantziako kontsumitzaileak tonako 44,60 euro ordaindu behar ditu karbono tasa bidez, eta kutsatzaile handiek, berriz, 20 euro bakarrik. Aipatutako enpresa horiek Europako Batasuneko berotegi efektuko gasen ia erdiak isurtzen dituzte.

ZERTAN ERABILTZEN DA ZERGETAKO DIRUA?

Trantsizio Energetikoaren Legearen arabera, karbonoaren tasaren igoera orekatu beharko litzateke beste produktu edo lan batzuen gaineko zergak arinduta. Izan ere, zerga hori urtetik urtera gobernuaren diru sarrera garrantzitsu bat bihurtzen ari da: 2018an, 9.000 milioi euro jasoko ditu Macronen gobernuak. Alabaina, diru hori ez da inbertitzen klima aldaketari aurre egiteko baliabideetan edo trantsizio energetikoa bideratzeko egitasmoetan. Diruaren %20 bakarrik erabili du gobernuak zeregin horietan.

ZER GERTATUKO DA ZERGAREKIN ORAIN?

Ez dago jakiterik. Macronek igoera sei hilabetez atzeratuko zuela agindu zuen lehenengo, eta bertan behera utziko duela gaineratu zuen gero. Printzipioz, tasak indarrean jarraituko du 2019an ere, baina 2018ko kopuru berean: 44,60 euro. Kontua da ea zertan geratuko den aurrera begira eta ea gobernua ausartuko den zerga horren inguruko igoera berriz ere mahai gainean jartzen.

BESTE TOKIETAN BA AL DA HALAKORIK?

Munduko 46 herrialdetan eta 26 eskualdetan (Quebec, Kalifornia...) jarri dituzte indarrean karbono zergak edo isurketak trukatzeko sistemak. Alabaina, kasu askotan diru hori ez da erabili izan klima aldaketari aurre egiteko. Diruaren erdia bakarrik, gutxi gorabehera, bideratu da karbono gutxiko egitasmoak bultzatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.