Koronabirusa

Bizitza hankaz gora jarri duten bi hilabete

Bi hilabete dira aurreneko bi koronabirus kasuak agertu zirela; bi hilabete, krisi unibertsal batean; bi hilabete, datuei begira; bi hilabete, kaosa ordenatu nahian; bi hilabete, ez ahaztekoak

Zeledonen eskulturari ere maskara jarri diote Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
mikel p ansa
2020ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Otsailak 28 zituen. Ostiral gau hartan baieztatu zituzten aurreneko koronabirus kasuak: bat Gasteizen, eta bestea Donostian. Handik bi astera, konfinatuta zegoen Euskal Herria, eta goitik behera aldatua bizimodua. Gaur dira bi hilabete lehen kasu haiek agertu zirela; orduan inor gutxik imajinatzen zuen bi kutsatu haiek milaka askoren arteko aurrenekoak izango zirela, eta gaitzak 1.675 pertsona hilko zituela.

Lehen suak

Oraindik ez dago erabat argi gaitza nola zabaldu zen. Argitaratutako datuen arabera, ondoriozta liteke jatorri askotako foku bat baino gehiago sortu zirela aldi berean. Gasteizko lehen kasu hura mediku bat zen, hamar egun lehenago Malagan (Espainia) egondakoa; Txagorritxuko ospitaleko langilea zen. Baina martxoaren 7an 90 urteko gizon bat hil zen ospitale berean, eta bazeramatzan bi aste han; Gasteizko zahar etxe batetik eraman zuten. Beraz, medikuari koronabirusa atzeman aurretik zegoen han. Beste eri bati Santiago erietxeko larrialdietan detektatu zioten gaitza. Gipuzkoan egiaztatutako aurreneko kasua, berriz, Italia iparraldetik itzuli berria zen pertsona bat zen.

Horiekin batera, birusa hedatu zuen beste foku nagusietako bat: otsail bukaeran Haron (Errioxa, Espainia) egindako hileta bat. Dozenaka lagun kutsatu ziren han, eta horietako batzuek Gasteizera eraman zuten. Oso denbora gutxian agertu ziren horiek guztiak, eta Araban COVID-19ari aurre egiteko erreferentziazko ospitalea zena, hau da, Txagorritxu bilakatu zen gaitzaren foku nagusia.

Sindikatuek salaketa egin zuten, aurrena diagnostikatu zuten mediku hark astebete zeramalako lanean, sintomekin. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bere jarduna defenditu zuen, medikua ez zelako sartzen probak egiteko orduko baldintzetan. ELAk eta LABek «gaizki eta berandu» ekitea egotzi zioten Jaurlaritzari.

Harotik, bestalde, Bastidara ere(Araba) igaro zen birusa. Eta horrela sortu ziren aurreneko foku larriak Euskal Herrian. Txagorritxun, gainera, aurreneko medikuaren kasu harekin harremana izan zuten osasun arloko beste profesional batzuk ere gaixotu ziren, eta aurki, astebete baino lehenago, ehun osagile baino gehiago zeuden berrogeialdian. Euskal Herriko beste osasun zentro batzuetara ere zabaldu zen gaitza horrela, osagileen artean.

Barearen osteko ekaitza

Astea igaro zenerako, martxoaren 6an, 33 positibo agertuak ziren, eta gaixo bat zen hila, Bizkaian; ordurako Nafarroan eta Bizkaian ere agertuak baitziren aurreneko kasuak. Italiak eskolak eta unibertsitateak ixteko agindu zuen martxoaren 4an, baina bizimoduak lehengo martxa berean jarraitzen zuen. Jendetzak saihesteko neurriak baztertu zituen Nafarroako Gobernuak, eta Jaurlaritzak errepikatzen zuen «euste fasea» zela. Igande hartan, Martxoaren 8ko aldarriek hartu zituzten kaleak, eta aste hartan Reala eta Athletic Espainiako Kopako finalean sartu ziren. Hurrengo astelehenetik aurrera hasi ziren bizitzak hankaz gora jartzen.

Eskolak ixten

Bastidan itxi zituzten eskolak aurrena, martxoaren 9an. Biharamunean, Gasteizko ikastetxeak itxi zituzten. Hurrengo egunean, Arabako eskola guztiak, eta baita Balmasedakoak ere, Bizkaian. Eta hurrengo eguneko arratsaldean, martxoaren 12an, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola guztiak ixtea erabaki zuen Jaurlaritzak. Beste lau probintzietan hurrengo astelehenean itxi zituzten —Maria Txibite Nafarroako lehendakariak martxoaren 10ean baztertu zuen eskolak ixtea, handik bi egunera agindu zuena—. Lehen kasuak agertu eta bi astera, martxoaren 13an, 528 ziren kasu positiboak, eta hamalau hildakoak.

Aurrea hartu zutenak

Ordurako beste foku bat sortua zen Bizkaian. Basauriko Kareaga auzoko erretiratuen zentroaren jiran agertu ziren bi kasu positibo, martxoaren 7an. Hango udala izan zen neurri zorrotzak hartzen hasi zen aurrenetako instituzioa. Orobat, goragoko administrazioei aurrea hartu zieten udal askok, eta aste horretan zerbitzuak ixten eta ekitaldiak bertan behera uzten hasi ziren. Gizarte eta kultur eragile batzuek ere aurrea hartu zuten: Loraldia, Herri Urratseko kontzertua, pentsiodunen protestak, Gipuzkoako zahar etxeetako greba... Dena gelditzen hasi zen pixkanaka. Martxoaren 13an, Gasteizko eta beste herri askotako tabernariek bilerak egin zituzten, eta beren kasa erabaki zuten ostatuak ixtea; eta Gipuzkoako sagardogileek txotx garaia bertan behera utzi zuten, inork ezer agindu aurretik. OME Osasunaren Mundu Erakundeak martxoaren 11n pandemia izendatu ostean etorri ziren erabaki horiek. Espainiako Kopako finala ere atzeratu zuten, lan eskaintza publiko batzuk; diputazioek zahar etxeetarako bisitak debekatu zituzten, Espainiako Gobernuak kartzeletarakoak... Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdia izendatu zuen martxoaren 13an, agindu zehatzik eman gabe, ordea. Espainiako Gobernuak gauean ezarri zuen alarma egoera, Jaurlaritzari ekinbidea murriztuz.

Ezin da atera

Martxoaren 14an herritar batzuk asteburupasa abiatu baziren ere, gehienak arnasari kontu eginez zeuden, eta batzuk dagoeneko borondatezko itxialdian, Moncloak alarma egoera hori zertan gauzatuko zuen argitzeko esperoan. Telefonotik telefonora ibili zen bueltaka gobernuak konfinamendurako prestatutako dokumentuaren zirriborroa, eta gauean baieztatu zuen Pedro Sanchez Espainiako presidenteak. Itxialdiko aurreneko gau hartan bertan hasi ziren herritarrak balkoietara ateratzen; Donostian, danborrada bat antolatu zuten osasun arloko profesionalak animatzeko. Behar handiena zuten auzoei laguntzeko sareak ere asteburu hartan bertan hasi ziren antolatzen, herritarren ekimenez aurrena.

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan guztiz bestelakoa zen giroa. Martxoaren 15ean, herriko bozen lehen itzulia egin zuten. BERRIAk bertatik bertara egiaztatu zuenez, kutsatu gabe ibiltzeko bermerik gabe eta urruntze fisikoa errespetatu gabe bukatu zen eguna; botoak kontatuta, hori bai. Hurrengo egunean agindu zuen konfinamendua Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, eta gero bertan behera utzi zuen martxoaren 22an egitekoa zen herriko bozen bigarren itzulia, ez kalapitarik gabe, bozen egunean hautetsi ugari kutsatu zirelako. Uste da Bokalen (Lapurdi) horrek eragin zuela gaitzaren foku bat.

Lantokiak eta botoak

Hegoaldean, bitartean, konfinamendu aroan lanera joateko obligazioari buruzko eztabaida goritzen ari zen. Martxoaren 16a astelehena zen, eta Arantxa Tapia Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako sailburuak goizean berretsi zuen jarduera ekonomikoari eutsi beharra, enpresa handi batzuk beren jarduera gelditzen hasiak zirela: Volkswagen, CAF, Irizar... Gasteizko Mercedesen, goizeko txandako langileek planto egin zuten enpresak ez zizkielako segurtasun neurriak bermatzen, lantegia itxiarazi zuten arte —atzo itzuli ziren lanera, hilabete geroago—. Sidenor, Tubacex, Aernnova eta beste enpresa handi batzuek jarraitu zieten hurrengo egunean, eta erreskadan joan ziren enpresa txiki eta ertain asko.

Eusko Legebiltzarrerako bozak ere —apirilaren 5ean egitekoak zirenak, Iñigo Urkullu lehendakariak aurreratuta— bertan behera uztea erabaki zuten alderdiek, aho batez. Eta Frantziak eta Espainiak, Europako beste estatu askok bezala, mugak itxi zizkieten herritarrei, ez garraiolariei.

Administrazioaren egun haietako deskoordinazioaren seinale izan zen martxoaren 16ko goiza: Bilboko metroa jendez gainezka, segurtasun tartea zaindu ezinik. Bi agindu kontrajarri zirelako: garraio publikoa murriztea, eta lantokietara joateko obligazioa. Jaurlaritzak iluntzean zuzendu zuen murrizketa, eta garraio publikoa %100ean mantentzea erabaki.

Heldu den krisi ekonomikoari tamaina hartu gabe oraindik, baina susmorik txarrenekin, instituzio publikoak martxoaren 17tik aurrera hasi ziren kalteberenentzako laguntzak zehazten: hipotekak, argia, Internet, autonomoak... Espainiak, Jaurlaritzak, Nafarroak eta aldundiek diru funtsak zehaztu zituzten. Hori guztia, gatazka politiko baten erdian: Jaurlaritzak eta Kataluniako Generalitateak «ezkutuko 155. bat» ezartzeko asmoa aurpegiratu baitiote Espainiari, konfinamendua ezartzearekin batera Moncloak hartu duelako aginte ia osoa.

Gerra

Sanchezek gerra terminologiarekin arrazoitu ditu salbuespen neurriak, Europako eta munduko beste agintari askok egin duten bezala, eta militarrak ere prentsaren aurrera eta kalera atera ditu, ia berrogei urtez eduki ez duten protagonismoa emanez. Martxoaren 17an agertu ziren aurreneko aldiz Euskal Herrian, Gasteizen. Geroztik, herri askotan ibili dira, desinfekzio lanetan batez ere. Nafarroan, Iruñeko Alde Zaharretik paseatu ziren, eta Mendabian «viva España»-ka (gora Espainia) ibili ziren kalean.

Erizain bat hil da

Krisiaren kudeaketa politiko-ekonomikoari buruzko eztabaida horien guztien erdian, osasun krisiak bere gordinean jarraitzen zuen: martxoaren 19an 52 urteko erizain bat hil zen, Basurtun, Bizkaian. Galdakaoko erietxeko langilea zen; koronabirusak Euskal Herrian hil duen aurreneko osasun langilea. Iruñean, txistulari batek haren omenez jotako Agur, jaunak kantuaren doinuek urratu zuten gau hura. Hurrengo egunean, lehen bi gaixoak agertu eta hiru astera, 1.992 ziren positiboak, eta 81 hildakoak; ospitaleetan 766 pertsona zeuden, eta 21 ziren ordurako sendatu zirenak. Oraindik iristeko zegoen okerrena, baina erietxe batzuetan hasiak ziren lan karga ezohikoak eta kasu ugarien presioak sentitzen.

«Jokoz kanpo»

Martxoaren 20an bertan, Zuberoako lehen hildakoaren berria heldu zen; Atharratzeko biztanle bat zen, Paueko (Okzitania) erietxe batean hil zena. Beste foku bat azaleratu zuen horrek: Italian ibilitako jende talde batean agertu ziren kasu batzuk, Zuberoan. Mediku batek BERRIAn azaldu zuen gaitza detektatzeko probarik ez zirela egiten ari, eta ezinezkoa zela gaitzaren hedapena ezagutzea. Hegoaldean ere apenas ari ziren testak egiten. Bistan da: Europako instituzioak ez zeuden prestatuta izurrite baterako, eta euskal administrazioak ere ez. Rafael Bengoa Jaurlaritzako Osasun sailburu izandakoak aitortu zuen, BERRIAn: «Jokoz kanpo harrapatu gaitu birusak».

Hasieran, osasun administrazioak saiatu ziren kutsatutako eri guztiak detektatzen eta haiekin harremana izan zutenak berrogeialdian edukitzen, gaitzaren transmisioa eteteko. Ematen du Gipuzkoan funtzionatu zuela, neurri bateraino, lehen kasuetako bat han agertu bazen ere gerora herrialde hori izan delako gaitza motelen zabaldu dena. Baina Araban, Bizkaian eta Nafarroan estrategia hori motz geratu zen laster, kasu berriak eta heriotzak dozenaka pilatzen hasi baitziren aurki. Egun haietako uholdearen seinale da Osakidetzak eta Osasunbideak jarritako telefono zerbitzuak nola ibili ziren gainezka: osasun zerbitzuek ez zieten erantzuten herritar askoren deiei.

Baliabideak falta

Administrazioek ez zuten baliabiderik, gainera. Maskarak eta arropa babesteko jantziak falta ziren, baita arnasgailuak ere. Eta ez zegoen behar adina jenderi testak egiteko nahikoa material. Babes tresnak berrerabiltzeko eskatzen ari zitzaizkien administrazioak osasun langileei, eta haietako batzuek ezinegona kaleratu zuten BERRIAn, martxoaren 21ean: «Gaixotzera bidaltzen gaituzte».

Ordurako, konfinamendua hasi zenetik, Osakidetzak eta Osasunbideak erabakia zuten funtzio publikoko langileei eta ospitaleetan zeuden gaixoei bakarrik egingo zizkietela testak. Baina haiei ere ez zitzaizkien denei iristen. Zahar etxeetako langileei eta gaixoei ere ez zizkieten sistematikoki egiten; eta hasia zen egoera larritzen zaharren egoitza batzuetan, Gasteizen hasieran.

Beharrak eraginda, elkartasun keinuak ere ugaritzen hasi ziren, aldi berean: martxoaren 24an, Lizarrako (Nafarroa) zahar etxe bateko langileek egoiliarrekin ixtea erabaki zuten, gaitza ez zabaltzeko; beste zentro batzuetako langileek ere gauza bera egin zuten gero. 3D inprimagailuak zituzten herritar batzuek maskarak, aurpegia babesteko pantailak eta arnasgailuak fabrikatzeari ekin zioten. Jostun sareak ere hasi ziren antolatzen maskarak egiteko.

Gailurrera bidean

Osasun zentroek gainezka egiteko kezkak eraginda, Hegoaldeko administrazioek egokitzapen handiak egin zituzten egun haietan. Batetik, zainketa intentsiboetako oheak ugaritzeko baliabideak jarri zituzten. Bestetik, barne antolaketa goitik behera aldatu zuten, gaixo oldeak hartu ahal izateko: larrialdi zerbitzuak berrantolatu zituzten, presazkoak ez ziren kontsultak eta ebakuntzak atzeratu, lehen arretako zentro batzuk koronabirusari aurre egiteko prestatu, hotel batzuk atondu eriak hartzeko... Martxoaren 27an, lehen kasuak agertu eta lau astera, 6.249 positibo zeuden detektatuak, eta 266 ziren hildakoak; ospitaleetan 2.300 pertsona zeuden, eta horietatik 228 zeuzkaten zainketa intentsiboetan; sendatutzat emanak zituzten 830.

Gelditu (ia) dena (edo)

Gaitza okerrenera iristen ari zen; koronabirusa osasun sistema publikoari azterketa bat egiten ari zitzaion, eta ordurako agerikoa zen bi asterako agindutako konfinamenduak askoz luzeagoak izango zirela. Espainiako Kongresuak martxoaren 25ean erabaki zuen luzatzea, eta Frantziako Gobernuak, martxoaren 27an; baldintza batzuk gogortu ere egin zituen Eliseoak, aire libreko merkatuak debekatuz, besteak beste. Martxoaren 28an, Madrilek beste urrats bat egin zuen: «funtsezkoak» ez ziren jarduera ekonomikoak geldiaraztea erabaki zuen, Aste Santuaren atarian.

Tentsio politiko eta ekonomiko gehiagoren iturri izan zen erabaki hori. Espainiako Gobernuak martxoaren 29ko gauerdian—igandez— kaleratu zuen funtsezko jarduerak ez zirenak geldiarazteko dekretua. Patronalak eta instituzio batzuek, tartean Jaurlaritza, presioa egin zuten, eta, biharamunean, lantokietan mantentze lanak egiteko eta jarduera oinarrizko batzuei eusteko zirrikitu bat onartu zuen Sanchezen gobernuak. Ez ziren gutxi izan kritikak, alde guztietakoak, astelehenean eta asteartean lanean jarrai zezaketen enpresen zerrenda ez zegoelako batere argi.

San Frantzisko bideoan

Igande hartan, bideo batzuek inarrosi zituzten sare sozialak. Bilboko San Frantzisko auzoan, bizilagun batzuek grabatu zuten ertzain talde bat, zeinak gazte bat eta haren ama jo eta atxilotu baitzituen; amak poliziei eskatzen zien semea bakean uzteko, buruko osasun arazoak zituelako. Segurtasun Sailak barne ikerketa bat egingo zuela agindu zuen. Apirilaren 15ean, isuna jarri eta inputatu egin zituzten bideoak grabatu zituztenak. Konfinamenduan kalean poliziekin sortutako tentsio ugarien adierazle bihurtu zen bideo hura. Konfinamendua hasi zenetik, 20.000 isun baino gehiago jarri dituzte udaltzainek, foruzainek eta ertzainek, eta 320 pertsona baino gehiago atxilotu.

Daturik okerrenak

Egun haietan ari zen Hego Euskal Herria gaitzaren gailurrera heltzen; gerora ikusi da argi datuetan. Martxoaren 22tik apirilaren 6rako hamabost egunetan izan zen eguneko positibo kasu berrien gailurra: hamabostaldi horretan, egunero 620 kasu baino gehiago gehitzen ziren batez beste. Ospitaleetan, martxoaren 31 izan zen aldi berean jende gehien egon zen eguna: 2.614. Zainketa intentsiboek 4an jo zuten goia, 325 pazienterekin. Heriotzen estatistikak beste bilakaera bat izan du; martxoaren 20tik aurrera hasi ziren espero baino askoz heriotza gehiago gertatzen, eta martxoaren 27tik aurrera goia jotzen hasi zen datua, baina, gaitzaren zabalpena makaldu eta gero ere, apiril erdira arte gutxienez, datu txarrak metatuz joan dira. BERRIAren datuetan ageri da: 1980tik, inoiz ez da hainbeste jende hil martxo batean (3.743 heriotza). Gainera, martxoaren 16tik apirilaren 16ko estatistiken arabera 2.700 heriotza espero zituzten, eta 4.500 gertatu dira. Koronabirusak hildakoen munduko tasa erlatibo handienetakoa du Euskal Herriak.

Krisi bat ate joka

Krisi ekonomiko larriaren arrastoak ere hasi dira agertzen. Martxoko datua: 14.364 langabe gehiago. Inoiz hilabete bakarrean gertatu den langabezia igoerarik handiena da; 2008ko krisiak ere ez zuen halako daturik utzi. Diputazioen zerga bilketa %7 gutxitu zen martxora arte.

Beste erizain bat hil da

Koronabirusak jotako beste osagile baten heriotza ekarri zuen apirilaren 3ak: IMQko erizain laguntzaile batena, Bilboko Zorrotzaurre klinikan lan egiten zuena. Bost aste ziren aurreneko bi kasuak agertu zirenetik, eta ja baziren 10.644 positibo, eta 597 hildako. Ospitaleetan 2.435 pertsona zeuden orduan, horietatik 323 zainketa intentsiboetan. 3.021 gaixo ziren sendatuak. Osasun sistema ez zen kolapsora ailegatu, baina egun larriak izan ziren langileentzat, eta Gurutzetako ehun bat erizainek, adibidez, apirilaren 7an salatu zuten gaixo larriak artatzeko langileak falta zituztela.

Laguntza eskaintzak

Osasun administrazioek langile guztiei testak egingo zizkietela iragarri arren, sindikatuek behin baino gehiagotan salatu dute horrelakorik ez zirela egiten ari; osasun zentro pribatuetan ere ez. Eta eztabaida horien erdian iritsi da azkeneko asteetako polemikarik bizienetako bat: apirilaren 9an EHUko ikerlari talde batek jakinarazi zuen test azkarrak egiteko protokolo bat zehaztu zuela. Espainiako Karlos III.a Institutuaren onespena jaso zuen gero, eta ikertzaile taldeak Jaurlaritzari eskaini zion, baina ez dira test horiek erabiltzen hasi. Nekane Murga Osasun sailburuari sarritan galdetu diote horri buruz, eta test azkarrak erabiltzeko segurtasun guztiak eduki behar direla eta elkarlanean ari direla erantzun du. CIC Bioguneko ikertzaileek, berriz, PCR testak egiteko eskaini dute laguntza, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako farmazialariek ere beren burua eskaini dute laguntzeko. Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak ezetz esan diete.

Hezkuntzari errebalida

Konfinamendua luzatzen ari zela ikusita, hezkuntza sistema ere hasi zen erabakiak hartzen. Batetik, selektibitateko probak atzeratu zituzten martxoaren 25ean, eta, bestetik, baxoa eta brebeta bertan behera gelditu ziren apirilaren 3an. Espainiako Hezkuntza Ministerioak irizpideak jarri zituen apiril hasieran, eta Euskal Herriko Unibertsitateak, Nafarroako Unibertsitateko Publikoak, Mondragon Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak apirilaren 8rako erabakia zuten aurtengo klase presentzialak bertan behera uztea —orain berriro eztabaidan dago klaseetara itzultzeko aukera—. Ikasturtearen ebaluazioa eta unibertsitaterako sarbidea nola egin zehazten ari dira, eta segurua da matrikulazio aldia uztailera atzeratu beharko dutela. Hortik beherako hezkuntza mailatan ikasturtea nola bukatu ere pentsatzen hasiak daude; ikasturte osoko ebaluazioak aintzat hartzea aholkatu dute.

Aste Santuko 'su-etena'

Horrela iritsi zen seigarren astea, apirilaren 10ean, aurreneko kasuak agertu zirenetik. 13.909 positibo baziren ordurako, eta 993 gaixo hilak. 1.892 lagun zeuden erietxeetan, eta horietatik 278 ZIUetan. 5.184 pertsona gaitzetik sendatuak ziren. Datuak hobera egiten hasiak ziren, eta Aste Santuak su-eten txiki bat eman zien katramila politikoei, salbuespen batekin: Jaurlaritzak azokak debekatu zituen apirilaren 8an. Berehala, arlo ugaritako 200 bat eragilek sinatu zuten agiri bat, erabaki hori zuzentzeko eskatuz. Apirilaren 11n egin zuen atzera Jaurlaritzak. Handik lau egunera, etxeko baratzeak lantzera joateko baimena ere eman zuen Lakuak.

Apirilaren 12an Aberri Eguna balkoietan Txoria txori kantatuz ospatu eta gero, hilaren 14an itzuli ziren langile gehienak lantokietara. Apirilaren 17an, aurreneko kasuak agertu eta zazpi astera, 16.535 ziren positiboak, 1.342 hildakoak, eta 1.500 ospitaleratuak, horietatik 216 ZIUetan. 7.036 gaixok jasoa zuten sendagiria.

Zahar etxeen larria

Apirilaren erdialderako argitzen ari zen beste fase bat zetorrela, baina arazo handienak zaharren egoitzetan zeuden. Polemika iturri izan da hori ere, Bizkaiko Foru Aldundiak ez duelako egunero jakinarazten egoitzetan hildakoen kopurua, eta Nafarroak, berriz, ez dituelako hildako guztiak zenbatu: apirilaren 16an jakinarazi zuen ordura arte zahar etxeetan hildako 79 lagunen heriotzak ez zituela kontatu estatistika ofizialetan. BERRIAren datuen arabera, COVID-19ak Hego Euskal Herrian hildakoetatik %40 zahar etxeetako egoiliarrak dira; nahiz eta detektatutako positibo guztien %15 ere ez diren berez. Bizkaiko eta Nafarroako datuak eguneratu gabe daude, baina gutxienez 687 adineko hil dira zentro horietan. ELA eta LAB sindikatuek administraziora eta auzitara jo dute, eta epaile batzuek arrazoia eman diete, zentroei eta instituzioei aginduz langileentzako babes neurriak berehala jartzeko.

Azkeneko egunetan heriotza kopurua murriztu egin da zentro horietan, baina joan den astean beste albiste larri bat iritsi zen: Gasteizko Caser zahar etxeko langile bat hil zen apirilaren 25ean.

Kulturgileen itomena

Azkeneko egunetan kezka eta arreta kulturgintzara ere joan dira. Itxialdiak gogor jo du sektorea, eta berez prekarioa zena hilzorian utzi du. Euskal Herriko mila kulturgilek baino gehiagok greba digitala egin zuten apirilaren 21ean eta 22an. Jaurlaritzak, greba iragarri zen egun berean, diru funts bat agindu zuen, 2,5 milioi eurokoa, haiei laguntzeko.

Umeak bai

Osasun krisiaren datuak oneratzen ari zirela tankera emanda, apirilaren 17tik aurrera hasi zirenitxialdia arintzeko urratsei buruzko eztabaidak. Umeei kalera irteten uztearen aldeko aldarriak indarra hartu zuen, eta Espainiako Gobernuak apirilaren 21ean aurkeztu zituen umeei konfinamendua arintzeko baldintzak. Iskanbila sortu zuten murrizpenek, eta gauean bertan aldatu zituen baldintzak. Herenegun atera ahal izan ziren umeak kalera, hilabete eta erdian aurreneko aldiz.

Maskak atzekoz aurrera

Ez zailtasun gutxirekin, baina instituzioak hasiak dira materialaren arazoa bideratzen. Mondragon taldeko Bexen Medical enpresa ere hasi da maskarak egiten; Txinan fabrikatutako makinak ekarri zituen apirilaren 20an Etxebarrira, eta Bizkaian hasi dira produzitzen. Baina polemikak ez dira agortu. Instituzioek milaka maskara akastun banatu zituztela jakin zen apirilaren 17an. Sindikatuek salatu zuten Basurtuko eta Gurutzetako (Bizkaia) erietxeetan dozenaren bat osagile gaixotu zirela horiek erabilita. Erretiratu egin zituzten—Nafarroan bakarrik, 43.000 inguru banatuak zituzten—. Eudelek joan den astean banatutakoek ere akatsak zituztela jakin da gerora.

Ekaitzaren osteko barea

Gaitzaren hedapenaren datuak asko apaldu dira azkeneko egunetan. Apirilaren 24an, lehen bi kasuak agertu eta zortzi astera, 18.966 ziren detektatutako kasu positiboak, eta 1.612 hildakoak; 1.073 lagun zeuden ospitaleratuta —krisiaren okerrenean zeudenen %40 inguru—, horietatik 163 ZIUetan, eta 10.011 gaixo zeuden sendagiria hartuta.

Konfinamendutik ateratzeko urratsei eta horrek guztiak ekonomian utziko duen lorratzari begira daude orain herritarrak eta instituzioak. Dagoeneko jakina da aldi baterako enplegu erregulazioek bost langiletik bati eragin diotela Hegoaldean, gutxienez. Eta erregulazio aldi horietako batzuk luzatu egingo dira, gainera.

Konfinamendua arintzeko planak zirriborratzen ari dira Espainia eta Frantzia, eta luzeagora begira jartzen hasteko garaia etorriko da orain, ahaztu gabe gaitzak beste uholde batzuk ekar ditzakeela, eta konfinamendu garai luzeago edo motzagoak etor litezkeela atzera, txerto bat asmatzen ez den bitartean behintzat. Eta gogoan atxikita itxialdi luzeak nolako ondorioak ekarri dizkien umeei, buruko gaitzak dituztenei, bakarrik bizi diren adinekoei, indarkeria matxista jasaten dutenei... eta talde ahul askori. Bizitza hankaz gora jarri baititu koronabirusak bi hilabetean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.