aitor biain
GEURE KONTU

Salbuespenak, zubiei eusteko

2022ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Kuriosoa da. Abuztuan, AEBetako The New Yorker aldizkariak euskal kooperatibismoaren ikurrik handiena eta haren eredua nabarmendu zituen. Eta, besteak beste, hizpide izan zuen nola ulergaitza litzatekeen halakorik martxan jartzea ordainsari astronomikoak dituzten buruzagi bakarreko multinazional handien herrialdean —ez bada haien konpromisorik gabe—. Bost hilabete eskas geroago, ordea, bi kooperatiba eta korporazioa beraiek ari dira elkarri egozten elkartasunik eza, atxikimendu askearen eta burujabetzaren printzipioak ez errespetatzea eta buruzagien lidergoak ezbaian jartzea.

Batasuna eta elkartasuna izan dira Mondragonen ikurrak, eredua bera bereizgarri egin dutenak. Taldeko kooperatiben konpromisoari esker lortu dute ez soilik unean uneko oztopoei eta erronkei erantzutea, baita mende erdian arrakasta itzela izan duen ereduaren oinarriak dardarka utzi zituen gertaerei aurre egitea ere.

Edonola ere, euskal kooperatibismoaren bide guztiak ez doaz Arrasatera; hura da egun epizentroa, baina Mondragonena ez da eredu bakarra, eta errealitate hori argi islatu da Ulmaren eta Oronaren kasuarekin. Bi kooperatiba horiek pauso bat albora ematea erabaki dute, bide propioa hasteko. Elkarrekin jarraitzeko bezainbat askatasun baitute bakarrik aritzeko.

Haustura bat eragin du horrek korporazioaren eta bi kooperatiben artean, eta itxiak ziruditen zauriak ireki ditu ostera. Lehen ere izan baitziren barne desadostasunak eta ereduen arteko talkak. Fagor Etxetresnen hondoratzearen ondotik, halere, bi kooperatibek jada harreman berezitu bat zuten gainerakoekin alderatuta. Esaterako, 2016az geroztik ez dute parte hartzen Mondragonek kudeatzen duen dibisioen arteko funtsean. Baina bereizgarritasun hori ez zaie nahikoa izan arrakalak ixteko, bistan denez.

Izan ere, salbuespenak bat baino gehiago izan dira korporazioan; Mondragonek behin baino gehiagotan onartu ditu enpresen arteko kontsentsuaren eta akordioaren izenean. Horregatik, ikusteko dago zer jarrera hartuko duen bi kooperatibek proposatutako harreman eredu berriaren inguruan, eta zenbaterainoko garrantzia emango dion antolaketa egitura bereko kide ez izateari. Edo, bestela esanda, salbuespen gehiago onartzeko prest ote dagoen, proiektu kooperatiboaren hobe beharrez.

Ulmak eta Oronak argi utzi baitute ez dutela Mondragonekin guztiz eten nahi, eta hitzarmenen bidezko harreman bat garatu nahiko luketela harekin. Baliabideak eskaintzen jarraituko dutela proiektu kooperatiboa osatzen duten bestelako ekinbideei, hala nola Lagun Arori, Laboral Kutxari eta Mondragon Unibertsitateari —ez al da hori ere elkartasuna edo proiektu kooperatiboari egindako ekarpena neurtzeko modu bat?—.

Korporazioko presidente Iñigo Uzinek berak aitortu du taldearen «aniztasunari» arreta handiagoa jarri beharko diotela aurrerantzean, «oinarrizko balioei uko egin gabe». Keinu gisa uler daiteke hori, bi kooperatibei zein gainerako guztiei zuzendutakoa. Ukaezina baita zubi batzuei eustea onuragarri izango litzatekeela bi aldeentzat eta proiektu kooperatiboarentzat, jakinda luze gabeko estrategian ados egon ez arren asmo eta helburu berak dituztela.

Mondragonetik aterako balira Ulmak eta Oronak utziko luketen hutsunea handia baita. Ez alferrik, industria atalaren enpleguaren %28 dute bi kooperatibek, eta salmenten laurden bat dagokie. Talde osora zabalduta, aldiz, lanpostuen %13 dute, eta salmenten %15. Dena den, bi kooperatibentzat eta korporazioarentzat eragina, izatekotan, sinbolikoa izango da ekonomikoa baino gehiago.

Kontuak kontu, bazkideek izango dute azken hitza —2.789 dira Ulman eta 1.750 Oronan—. Bost egun barru, datorren ostiralean, erabakiko dute beraien enpresak zein bide jarraitzea nahi duten, eta norekin eta nola jardutea nahi duten. Hori baita garrantzitsuena, eta Mondragonek marka gisa saldu izan duena: erabakimen eta jarduteko modu propioa. Azken asteetako ika-mikek eta hitz itsusiek ia lurperatu egin badute ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.