KOTIZAZIOEN KORAPILOAK

Espainiako Gobernuak nahi du langile autonomoen kotizazio sistema aldatzea, Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuota irabazien araberakoa izan dadin. Autonomoen elkarte gehienak bat datoz neurri horrekin, baina ohartarazi dute xehetasunen berri izan arte zaila dela ondorioak neurtzea.

Zerbitzari bat Donostiako taberna bateko terrazan, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
aitor biain
2022ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Irabaziak nolakoak, Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kotizazioa halakoa. Autonomoen kotizazio sistema etekinen araberakoa izatea kolektiboaren urteetako eskaria izan da, eta Espainiako Gobernua prest da eredu hori onartzeko. Negoziazioak etenda daude orain, baina Madrilek nahi du 2023rako indarrean egotea, nahiz eta aldaketa mailakatua izango litzatekeen datozen bederatzi urteetan. Proposamen bat ere helarazi die autonomo elkarteei. Zalantzak sortu ditu langileen artean halere, gehienek ez baitakite eskema berriarekin orain baino gehiago ala gutxiago ordainduko duten.

Autonomoen elkarteek begi onez hartu dute Espainiako Gobernuaren proposamena, baina ohartarazi dute berandu datorrela: «Bost urte daramatzagu eztabaida honekin. Mahaiaren gainean zegoen aldaketa, baina asko atzeratu da. Kosta zaie proposamen bat aurkeztea, eta, noski, orain garaiz kanpo dator», adierazi du Silvia Martinez EAEko UPTA autonomoen elkarteko idazkari nagusiak. «Lehenago onartu izan balitz, COVID-19arekin sufritu dugun guztiari aurre egiten lagunduko zigun».

2018an adostu zuten aldaketa: Espainiako Gobernuak konpromisoa agertu zuen irabazien araberako kotizazio sistema bi urteren buruan martxan jartzeko. Hala, erdibideko modu bat ezarri zuten 2019an, sistema berria nola gauzatuko zuten hitzartzen zuten artean, baina pandemiaren ondorioz eten egin ziren negoziazioak, eta iazko maiatzean berrekin zieten ostera. Urtarrilean aurkeztu zituen Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroak aurreneko xehetasunak.

Bistan denez, paisaia nabarmen aldatu da azken urteetan, pandemiaz gain, aurrena lehengaien krisiak eta ondoren Ukrainako gerrak prezioak etengabe garestitu baititu. Jarduera ekonomiko asko ataka estuan jarri du horrek, tartean norbere kasako askoren negozioak. Horregatik, hain zuzen ere, Juan Carlos Ekiza Nafarroako ATA autonomoen elkarteko presidentearen hitzetan, «epe ertain batean» aldaketa egin beharko bada ere, kotizazio sistema berria datorren urtean martxan jartzea «hondamendia» litzateke autonomo askorentzat. «Ez da une egokia langile bati gastuak handitzeko; ezinezkoa da kotizazioak igotzea orain. Azken kolpea izan daiteke kolektiboarentzat».

Etekinak, nork eta nola

Martinezek azpimarratu du, ordea, autonomo gehienek kotizazio txikiagoak ordainduko dituztela proposamena onartzen bada. «Autonomoen %74 inguruk 1.500 euro baino gutxiago irabazten dute hilean; beraz, gaur egun baino gutxiago kotizatuko dute. Gehienek izango dute deskontua kuotan». Autonomoen elkarteen arabera, Hego Euskal Herrian %84 inguruk ordaintzen dute gutxieneko kotizazio oinarriaren arabera. 294 euro da gutxieneko kuota orain.

Zaila da, halere, egungo sistemaren eta berriaren arteko alderaketa egitea. Izan ere, gaur egun autonomoen kotizazio erregimenean izena emana duten gehienek ez dute inoiz izan martxan jarri nahi denaren antzeko sistemarik, eta, beraz, aldaketa erabatekoa litzateke horientzat guztientzat. Orain, autonomo bakoitzak aukeratzen du zer oinarriren arabera kotizatu. Hau da: ez du jarduerari esker izango dituen etekinen arabera ordaintzen soldatapeko baten moduan, azken finean ez dakielako hilabete amaieran zenbat irabaziko duen.

Hori dela eta, gutxieneko oinarriaren arabera kotizatzen dute gehienek, nahiz eta gehiago ordaintzeko gaitasuna izan. Bada,modu hori ez da «solidarioa», Martinezen arabera,«eta, gainera, Gizarte Segurantzaren kutxari kalte egiten dio». «Ez da normala Bilboko Kale Nagusiko notario batek eta nire etxe azpiko harakinak kotizazio bera izatea. Eta hori orain posible da. Ez da justua».

Ekiza ere bat dator egungo sistemaren desoreka horrekin, baina ohartarazi du argitzeko dagoela sistema berriaren muina: langile bakoitzaren etekinak nola kalkulatuko diren. Gobernuak «errendimendu garbiak» deitu die horiei, eta proposatu du diru sarrerei kenkariak kenduta kalkulatzea zenbatekoa. «Funtsezkoa da, planteamendua horretan oinarritzen baita, eta ez diru sarreretan. Errendimendu garbiak zeintzuk diren ez daki ogasunak ere, autonomo guztiek ez baitute aukerarik jarduerari lotutako gastuak kenkari gisa aurkezteko».

Gizarte babesa

Beste kezka nagusia prestazioena da; izan ere, kotizazioen araberakoa izateak gehienetan laguntza txikia dakar, jarduera eten behar izanez gero, adibidez. Eta agerian geratu da hori izurriaren gordinenean. Bada, Ekizaren ustez, «inkongruentzia» asko ditu sistemak, ez duelako errealitate hori aintzat hartzen: «Autonomo batek ezin du soldatapeko langile baten moduan kotizatu».

Gutxien irabazten dutenen gizarte babesa hobetu behar dela iritzi dio Martinezek ere, baita pentsioei begira ere: «Hori da gure beste borroka. Orain etorriko da horri buruz hitz egiteko garaia; adi egon behar dugu». Ordea, UPTAko idazkari nagusiak ohartarazi du ez diela bakarrik autonomoei eragiten. «Soldatapeko langileei ere gertatzen zaie: irabazitakoaren eta kotizatutakoaren araberako pentsioak dituzte. Denoi eragiten digu horrek».

Ukrainako gerra hasi zenetik, agenda politikotik erabat desagertu da gaia, eta elkarteek ere ez dakite noiz berrekingo dieten negoziazioei. Martinezek adierazi du gobernuaren eta autonomo elkarteen arteko akordioa «ezinbestean» lortu behar dela, «konpromiso bat» dagoelako. Ekiza «ziur» da ados jartzea lortuko dutela, baina ohartarazpena igorri dio Escrivari: «Halako gauzak ezin dira dekretu bidez egin: ATAk ez du horrelakorik onartuko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.