urtzirrutikoetxea
Atentatua Katalunian. LEKU-LEKUTAN

Beti Kataluniarekin

2017ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Bagenekien abuztuaren bigarren erditik aurrera Kataluniara begira egon behar genuela. Eta katalanek, bartzelonarrek zehazki, bazekiten hiriburua jomugan egon zitekeela, galdera «noiz» zela. Guri ere zerbaitek egin digu krak, Bagdad eta Londres eta Paris eta Kabul berdin zirela esaten genuenean, bagenekielako ez dela gauza bera Kataluniari jotzen badiote. Egunkari euskaldun bakarra itxi zutenean eta beste hainbat alditan, beste inork sinesten ez zigunean gure alde ahotsa altxatu zuten lehenak, bakarrak izan ziren, behar izan dugun guztietan hortxe izan dugun herria. Euskal PEN taldea sortu genuenean, katalanak etorri ziren, sortu behar genuela esatera lehendabizi, nazioartean gure taldea aurkeztu eta babestera hurrena, eta urteotan behar genuen laguntza guztia ematera ere bai. Ezin uka, hainbeste herri, ordezkari eta interesen nahas-mahasean zalantza uneetan, beti dugu lehen erreferente zertan ari diren lagunak. «Gu, beti Kataluniarekin» zioen Agirre lehendakariak.

40 egun falta dira doi-doi Kataluniako erreferendumerako. Aspalditik, baina data hurbildu ahala are gehiago, han gertatzen den edozer Espainiarekin daukan tentsioaren testuinguruan irakurri behar dugu. Urriaren 1era arte aurreikus genitzakeen hipotesi eta jokalekuen artean ez zegoen osteguneko erasoa; errazago irudika dezakegu atentatua hauteskunde kanpainan buru-belarri sartu den Alemanian: Angela Merkeli txistu egin diote egunotan herrialdearen ekialdean, errefuxiatuekiko izandako jarrera irekiagatik. Presazko kazetaritzak bizi gaitu, baina zuhurtzia puntu bat eskatzen dute beti horrelako gertakizunek, are gehiago, gertatuak Kataluniako prozesuan, erreferendumaren bidean eta Espainiarekiko gatazkan izan dezakeen ondorioez hausnartzeko orduan.

Luistxo Fernandezek bikain laburbildu du atentatu egunean jazotakoa, Kataluniako eta Espainiako agintarien lana, eta horren proiekzioa. «Guardia Zibilaren rola goresten saiatu dira azken egunetan aireportuko greban eskirol lan populistak egiten, baina benetako krisia piztu denean, mossoak ari dira lehen lerroan». Kaleko irudietan katalan agenteak ageri ziren, sare sozialetan mossoak eta Generalitatearen larrialdi zerbitzuak ziren informazio gehien ematen zutenak, katalanez den-dena, eta garrantzitsuena ingelesera eta espainierara itzuliz. Estatu gisa jokatuz, azken baten, Madrilgo gobernuaren arrastorik ere ez zegoela. Deskonexio mentala gauzatu da.

Bartzelonaren eta Madrilen arteko tentsioa lehertzear zen unean heldu da erasoa, eta estimatzekoa da bi aldeek jendaurrean batasun itxura emateko egindako ahalegina. Baina ezin ostendu, halaber, etengabe zabaldu diren katalanofobia mezuak: mossoek informazioa espainieraz eman eta burla-haizez idatzi zien poliziaren twitter kontuan hasi («garrantzitsua denean, egiten duzue espainieraz»), eta ostiral eguerdiko elkarretaratze jendetsuan Espainiako telebistak munduko agentzia guztietara zabaldutako irudiaz: Puigdemont president-a planorik zabalenetan baino ez zen ageri; hurbiletan, Espainiako erregea, Rajoy presidentea, eta Saenz de Santamaria presidenteordea.

Tentsiorik handieneko sasoi baten detaile txikienaren garrantziaz dihardugu. Hedabide independentistetan batasun mezuak gailentzen ziren artean, Espainiatik zabarkeria itsusienarekin jo dute Puigdemonten aurka. Independentista izan zein ez, katalan asko amorrarazteko gaitasuna erakutsi dute berriz. Baina ziur aski, atzerriko proiekzioak du garrantzi berezia: otso bakartiaren ordez talde antolatua izan denez, segurtasun akatsa ote Alcanar herrian askoz sarraski handiagoa prestatzen zebilen taldea detektatu ere egin ez izana? Eta hala balitz, Generalitat-earen ardura ote, ala, berriki Gabriel Rufian ERCko diputatuak salatu bezala, Interpolera eta Europako sareetara sarbidea eta informazioa galarazten dion Espainiako Gobernuarena?

Uste baino lehenago, eta askoz era tragikoagoan, Europako dimentsioa hartu du Kataluniako prozesuak. Lehen orduetan Kataluniako Gobernua, mossoak eta gainontzeko erakundeek lortu dute nazioarteko arreta, tragediaren kudeaketan eredugarri izan dira hainbat aldetatik begiratuta, baita komunikatiboan ere. New Yorker aldizkariak ere nabarmendu du Puigdemonten mezu integratzailearen garrantzia, Obama gogora ekarriz eta Trumpen diskurtsoarekin alderatuz. Eta, halaber, inoiz baino gehiago gelditu da agerian gatazka ahalik bizkorren konpondu behar dela. Onartezina dela Rajoyren gobernuaren utzikeria, Europaren bihotzean, Mediterraneo ertzean eta Europa osoko atari eta pasabide garrantzitsuenetakoan daukan gatazka baten aurrean. Eta berehala behar du: aste bi falta dira gehienez ere erreferenduma deitzeko, hiru Diadarako eta sei erreferendumerako. Zer gerta ere, gu Kataluniarekin beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.