TOKIO 2020. Ion Izagirre. Txirrindularia

«Pixkanaka, gertatu zenari buelta ematen ari gara»

Orain arte, Tokioko Jokoak ez dira gozoak izan Izagirrerentzat. Larunbatean errepideko proban asko sufritu eta gero, bihar arantza atera nahi du erlojupekoan. Gustura legoke Rion bezala diploma olinpiko bat lortuta.

JEAN-CHRISTOPHE BOT / EFE.
ainara arratibel gascon
Tokio
2021eko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Ion Izagirrek (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1989) ahaztu egin nahi du ostiralean eta larunbatean gertatutakoa, eta arreta osoa biharko erlojupekoan jarri (07:00etan Euskal Herrian).

Ostiralean eta larunbatean bizitakoaren ondoren, nola zaude? Gorka anaiak esan zuen infernu hutsa izan zela.

Hala da. Ostirala oso egun txarra izan zen, selekzioko masaje emaileetako batek positibo eman eta gero. Hasiera batean esan ziguten ezingo ginela aritu, eta jota geratu ginen. Horri gehitu egun osoa itxialdian eman genuela. Horrek, noski, eragina izan zuen. Oso gogorra izan zen. Pixkanaka, gertatu zenari buelta ematen ari naiz. Ea erlojupeko ona egiten dudan.

Zer itxura hartzen diozu?

40 kilometro inguruko erlojupekoa da, eta ibilbidea gorabeheratsua da. Horrek mesede egiten dit, ez naizelako oso txirrindulari astuna eta aerodinamikoa.

Baikor izateko moduan zaude?

Bai. Munduko Txapelketa eta Olinpiar Jokoak proba bereziak dira, txirrindulari gutxiagok parte hartzen baitute. Dena den, baikorra naiz. Rion bezala diploma bat lortuko banu, pozik nengoke [zortzigarren izan zen]. Errealista izanda, espezialistak baino koska bat bat beherago nago: Van Aert, Evenepoel, Cavagna, Dumoulin...

Zure kasuan, zein da erlojupeko on bat egiteko gakoa?

Lehenik, larunbateko ahaleginetik osatzea, bai fisikoki, baina batez ere, mentalki. Bigarrenik, sentipen onekin irtetea, sentipenek eragin dezente baitute erlojupekoan. Gaizki hasten bazara, kosta egiten da buelta ematea. Ondo amai dezakezu, baina oso zaila da hasieran galdutako segundoak berreskuratzea. Izan ere, muturreko esfortzura eramaten zaitu lanak. Azkenik, arreta handiz ibili behar duzu. Gainontzean, segundoak oso bizkor galtzen dira.

Uste duzu duela bost urte baino hobeto moldatzen zarela?

Orduan Movistarren nengoen, eta erlojupeko gehiago irabazten nituen. Hala ere, azken urte hauetan erlojupekoak lantzen jarraitu dut, aerodinamika batez ere, bizikletaren materialak egokitzea nire gaitasunei etekin gehiago ateratzeko. Hobeto ezagutzen ditut nire mugak eta gaitasunak, eta horrek beti laguntzen du errendimendua hobetzen.

Zeintzuk dira zure muga eta gaitasun horiek?

Muga nagusia aerodinamika da. Ez naiz txirrindulari aerodinamikoenetakoa, eta, arlo horretan, asko dut hobetzeko. Indarguneen artean, berriz, erregulartasuna aipatuko nuke. Oreka bat lortu dut, eta neurria hartu diot halako espezialitate batek eskatzen duen ahaleginari.

Horren egutegi estua izanda, sasoian baduzue denborarik erlojupekoa lantzeko?

Bai. Bi bizikletak ditut etxean, eta astean behin erlojupekoetarako bizikletarekin irteten naiz. Bestalde, taldearen egonaldietara biak eraman behar izaten ditugu.

Bizikleta moduan, zein duzu gustukoago, errepidekoa edo erlojupekoetakoa?

Errepidekoa baino deserosoagoa da erlojupekokoa, eta entrenamenduak dezente motzagoak izaten dira: ordubete eta bi ordu artekoak, gehienez. Eraman behar duzun posizioa oso behartua da, eta lepoak eta gerriak asko sufritzen dute. Beraz, ez da komeni oso luze egitea.

Tokiora ekarri duzuen bizikleta zuena da? Edo Espainiako Federazioak utzitakoa?

Taldearenak dira. Federazioko mekanikariekin batera prestatzen dituzte.

Emaitzetatik harago, zein da zure ustez sasoi honetan egin duzun erlojupekorik onena?

Dauphinekoa, esango nuke. Bigarren amaitu nuen [Aleksei Lutsenko taldekideak irabazi zuen]. Baina, hasieratik, sentipen oso onak izan nituen: igoerak, jaitsiera, lautada... Oso ondo kudeatu nituen, eta teknikoki ere lan ona egin nuen. Bihar lan hori egiten badut, ziur nago postu on bat lor dezakedala.

Sentipen horiek hasieratik antzematen dira?

Bai. Arrabolean berotze ariketak egiten ari zarenetik antzematen da zein gorputzaldi izango duzun. Gehienetan asmatu egiten da.

Lasterketaren atarikoa desberdina da?

Bai. Errepidekoan gauzak lasaiagoak dira: hiru ordu inguru lehenago gosaltzen duzu, eta ordu eta erdi lehenago joaten zara irteerara; teknikaz eta estrategiaz hitz egiten duzu... Baina denbora duzu lasterketan sartzeko. Erlojupekoetan, lau ordu lehenago gosaltzen duzu; beroketa egitean, jada estrategia bisualizatuz zoaz, dena oso neurtuta baitago: irten bezain pronto sartu behar duzu lasterketan. Erlojupekoan izaten den tentsio hori askatzeko eta motibazioa lortzeko, rock musika entzuten dut, batez ere euskal taldeena: Gatibu, Berri Txarrak, Barricada... Bizi eta beharrezko intentsitatearekin irteten laguntzen dit.

Egin dezakeen beroak eta hezetasunak kezkatzen zaituzte?

Ez dira baldintza onenak. Freskoago egingo balu, hobe. Euria eginez gero, ibilbidea ere zertxobait zailduko litzateke, eta hor teknika gehiago sartuko litzateke jokoan.

Uste duzu Tourrean aritu zaretenak hobeto irits zaitezketela?

Baliteke. Tourra ondo amaituta uste dut erritmoari begira abantaila izan daitekeela.

Rioko esperientzia duzu, errepidekoa eta erlojupekoa korritzekoa. Abantaila edo desabantaila da biak korritzea?

Ezin da jakin. Rion, errepidekoa oso gogorra izan zen. Ilusio handiarekin nengoen taldeari laguntzeko. Baina sentipen oso txarrak izan nituen beroa eta hezetasuna tarteko, eta ez nuen amaitu. Erlojupekoan, berriz, oso ondo ikusi nuen neure burua, eta diploma lortu nuen. Ea oraingoan ere berdina gertatzen den.

Riokoaz zein oroitzapen duzu emaitzak alde batera utzita?

Pena pixka batekin gogoratzen dut. Izan ere, guk ez genuen izan aukerarik olinpiar hirian egon eta giro berezi hori bizitzeko. Hotel batean geunden, aparte. Tristea da esatea, baina beste edozein proba bezalakoa izan zen. Pasatu zaigunarekin, Tokiokoez ere ez dut oso oroitzapen ona izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.