Albistea entzun

Serneus Bertrand. Ekintzailea

«Haiti ez da txiroa; pobre egin dute»

Desegonkortasuna, baliabide falta, klima larrialdia eta analfabetismoa dira Haitiko arazorik larrienak, Serneus Bertrand ekintzaile haitiarraren arabera. Luze eta zabal jardun du horien inguruan.
ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Elkoroberezibar Beloki -

2022ko azaroak 12 - Bilbo

Ingeniari agronomoa da ofizioz Serneus Bertrand (Jacmel, Haiti, 1975), eta ekintzaile lanetan dihardu CROSE Hego-ekialdeko Antolakundeen Eskualdeko Koordinakundea gobernuz kanpoko erakundean (GKE). Haitiko nekazari familien bizi baldintzak aldatzeko helburua du CROSEk. «Haitiarren bizimodua aldatu nahi dugu», azaldu du Bertrandek. Euskal Herrian egongo da hilaren 17ra arte, erakunde horren ordezkari moduan, Nazioarteko Elkartasuna GKEak gonbidatuta.

NBE Nazio Batuen Erakundeak esan berri du Haiti amildegiaren ertzean dagoela.

Haiti ez dago amildegiaren ertzean, eta ez da txiroa; pobre egin duten herrialde bat da. Egiturazko krisiak ditu, eta lagun dituen herrialdeen eta kanpoan duen diasporaren laguntza eta babesa behar ditu.

Zeintzuk dira Haitiko egiturazko krisi nagusiak?

Nire ustez, oinarrizko lau arazo ditu Haitik. Lehenik, herrialdea Karibe itsasoan dagoenez, beti sufritu behar izaten ditu baldintza meteorologiko ankerrak: lurrikarak, ekaitzak, zikloiak eta uholdeak.

Bigarrenik, desegonkortasun politikoa dago, eta horrek manifestazioak, arpilatzeak, talde armatuen sorrera, erregaien eskasia eta bizitzaren garestitzea eragiten ditu. Hirugarrenik, baliabide falta dugu. Izan ere, herrialdearen garapen jasangarria bultzatzen hasteko, ezinbestekoa da Haitin dauzkagun baliabide naturalak ustiatzea.

Laugarrenik, biztanleen %75 analfabetoak dira. Hori azpigarapenaren adierazle argi bat da, zalantzarik gabe.

Hirugarrenari helduta, zeintzuk dira Haitin eskura dauzkazuen baliabide naturalak?

Haitik urre eta kobalto meatzeak ditu, besteak beste. Bada petrolioa dugula esaten duenik ere; hori ikertu beharra dago. Haitiar asko gizarte zibilaren parte dira, eta denetariko antolakundeak sortu dituzte. Horien bidez has gintezke aldatzen herritarren bizi baldintzak. Ahalegindu gintezke, behintzat.

Nolakoak dira herritarren bizi baldintzak?

Erregaien eskasia dago, oso garesti daudelako. Jendea ez da gai garraio publikoa ordaintzeko, eta beti oinez ibili behar dute batetik bestera. Familia ugarik ere ez dute jateko ezer. Etxe askotan otordu bakarra egiten dute egunean, edo bi egunean behin. Ia sei milioi haitiarrek ez daukate bermatuta elikagaien segurtasuna. Gosea da Haitiko arazo nagusietako bat.

Gainera, oso desegonkorra da herrialdeko egoera politikoa. Nork du boterea Haitin?

Une honetan, lehen ministro bat dugu [Ariel Henry], bere gobernuarekin. Politikariek esaten dute de facto dela gobernua, ez duela zilegitasunik eta ezin diela erantzun bakar bat ere eman haitiarron arazo nagusiei. Bat nator: gobernua ez da gai Haitin ditugun denetariko arazoei erantzuteko.

Zergatik ez da gai, zure ustez?

Oso finantza baliabide gutxi dituen gobernu bat da, eta, gainera, ez du bultzatzen gainerako alderdi politikoen eta gizarte zibilaren parte hartzea. Haitiren lagunak direla dioten herrialdeen babes nabarmen eta zuzenik ere ez du.

Nola esku hartzen du gobernuak urre eta kobalto meatzeen ustiapenean?

Zera dio herrialdeko konstituzioak [1987an onartutakoak]: «Baliabide naturalak estatuarenak dira». Sakondu egin behar dugu, ordea, gai horretan: ea benetan badauden baliabide natural horiek, zenbat dauden, eta ustiatzeko moduak bilatu behar ditugu. Politikarien esku dago lan hori: haiei dagokie ikertzea nola hel gaitezkeen baliabide horiek ustiatzera.

Kontua da Haitin ez dagoela teknologia nahikorik baliabide horiek ustiatzeko. Gobernuak jakin beharko luke teknologia hori daukaten herrialdeekin akordioak egiten, geure baliabide natural horiek ustiatu ahal izan ditzagun. Akordio horiek garapen plan oso baten barruan egon beharko lukete.

Nolako harremana du Haitik munduko gainerako herrialdeekin?

Azken 28 urteetan, lankidetza izan du Haitik nazioarteko komunitatearekin; [Ameriketako] Estatu Batuekin eta Nazio Batuen Erakundearekin, besteak beste. Nazio Batuek hamar misio baino gehiago jarri dituzte martxan Haitin urte horietan guztietan. Izan ere, krisi ugari izan ditugu: politika desegonkor badago, herrialdea ezin da garatu. Dena den, misio horien helburuak ez dituzte bete.

Zeintzuk ziren helburu horiek?

Lehena egonkortasuna izan da. Konstituzioak dioen moduan, gobernu bakoitzak bost urte irautea zen misioen helburua, baita Haitin bakea, justizia eta estatuko egiturak izan genitzala ere. Hala ere, beti erori dira gobernu guztiak.

Ba al da bakerik Haitin?

Herrialdeak hamar departamentu ditu. Hiriburuan, Port-au-Princen, talde armatuek presentzia oso handia dute. Gainerako departamentuetan, indarkeria ez dago hain hedatuta, eta nolabaiteko bakea dugu. Ezin dugu esan herrialdeko eremu bakar bat ere baketsua ez denik.

Zein da Port-au-Princeko talde armatuen helburua? Zergatik erabiltzen dute indarkeria?

Talde armatu horiek, hein batean, gizartearen ondorio dira. Dirurik, jatekorik eta bizitzeko modurik ez duen jende batek lan egin nahi du, baina beste batzuek bestelako bizimodu bat topatzen dute. Pobreziak mesede egiten die talde armatuei.

Askotako buruzagiak mafiosoak dira, eta ez dute nahi herrialdea egonkortu dadin, egoera horretatik etekina ateratzen baitute. Dirudunak bahitzen dituzte —eta dirurik ez dutenak—, eta horiek askatzeagatik senideek ordaintzen dietenarekin lortzen dute dirua.

Baldintza meteorologikoez ere jardun duzu. Klima aldaketak ere zuzenean eragiten du Haitin, ezta?

Bai, asko eragiten digu. Uholdeak ditugu, eta ur eskasia, aldi berean. Asko zailtzen du herritarren bizitza.

Etxebizitzei ere eragingo die.

Etxe oso txikiak ditugu Haitin. Gehienak egurrezkoak dira, eta trapuekin eta balio ez duten gauzekin eraikitzen dituzte. Gainera, estatuak ez du arautzen non eraiki daitezkeen etxeak eta non ez.

Nolakoak dira azpiegiturak?

Oso gutxi daude. Errepideak oso txarrak dira. Etxeen arteko kaleak ez daude asfaltatuta, eta landa eremuko bideak egin gabe daude. Baserritar askok ezin dituzte beren produktuak saldu garraio publikoak ez direlako haien ingurura iristen, eta, gainera, kamioiak ezin dira hara iritsi produktuak jasotzera. Horri erregaien eskasia ere gehitu behar zaio.

Analfabetismoa oso handia dela esan duzu. Zenbatek dute aukera eskolara joateko?

Haurren %40 inguru joaten dira eskolara, baina unibertsitatera %15 heltzen dira gehienez. Haitiar gehienak nekazariak dira. Are, herrialdeko barne produktu gordinaren %35 osatzen du nekazaritza produktuen salmentak. Oro har, tokiko kontsumorako ekoizten dira elikagaiak.

Gosea nabarmena da, ordea.

Haiti menditsua da, eta nekazaritzan, bereziki, mendi inguruetan aritzen dira. Eremu horiek, ordea, ez dute errepide onik. Tonaka barazki ekoitzi ditzakete, baina ezin dira iritsi hiriburura eta ingurura. Hori dela eta, elikagaiak falta dira hiri eremuetan. CROSEkook, horregatik, asko babesten ditugu baserrietako familiak.

Bostehun urte baino gehiago igaro dira Kristobal Kolon Amerikara heldu zenetik.

Zoritxarrekoa izan zen gertaera hura, esklabotza ekarri zuen eta. Hiru mende behar izan genituen armekin frantsesak geure herrialdetik kanporatzeko. 1804an lortu genuen independentzia, eta garai hartan 400.000 esklabo baino gehiago zeuden Haitin, ez zekitenak ez irakurtzen eta ez idazten. Nola garatuko da herrialde bat hain biztanle gutxik baldin badakite irakurtzen eta idazten?

Txirotu egin duten herri bat da Haiti; izan ere, gainerako herrialdeek ez zuten aitortu nahi izan Haitiren independentzia. Milioika franko ordaindu behar izan genizkion Frantziari, gainera, ordain moduan. Horregatik, herrialdea itotzen ahalegindu ziren. Gaur egun, gauza bera gertatzen zaigu.

Zein da irtenbidea?

Gobernuak, instituzioek eta gizarte zibilak akordio bat egin beharko genuke, adostuta zer egin nahi dugun gure herrialdearekin. Erabaki hori ezin dute hartu Estatu Batuek eta Haitiren lagunak direla dioten gainerako herrialdeek; haitiarroi dagokigu erabakitzea nolako herrialdea izan nahi dugun. Gobernuak lan egin beharko luke herritarrei segurtasuna, bizibidea, elektrizitatea eta lana bermatzeko. Horretarako, agian gobernu berri bat hautatu beharko genuke.

Neurri horiek martxa jarrita, garatu egingo al litzateke Haiti?

Gobernu horrek egonkortasuna, lana eta segurtasuna lortzen saiatu behar luke, eta, hori baino lehen, hauteskundeak antolatu beharko lituzkete, herritarrek hautatu ditzaten presidentea, lehen ministroa, senatariak eta beste. Herritarrek aukeratutako gobernu berriak bost urte iraun beharko luke, eta lan egin herrialdea indartzeko.

Izan ere, gaur egun haitiar askok herrialdetik alde egiten dute.

Askok muga pasatzen dute, eta Dominikar Errepublikara joaten dira, eraikuntzan eta nekazaritzan lan egitera. Haitin baino lanpostu gehiago daude han. Gainera, Dominikar Errepublikan indarkeria handia jasaten dute haitiarrek, herri moduan gutxietsi egiten baikaituzte.

Are, legez kanpo Dominikar Errepublikan sartzen diren migratzaile haitiarrak kanporatu egiten dituzte. Arazo asko egon dira Haitiren eta Dominikar Errepublikaren artean, eta bi herrialdeetako gobernuei dagokie horiek konpontzea. Oraindik ez dute lortu, Haiti beti desegonkor dagoelako. Hala ere, lortu behar dugu, [Hispaniola] uhartea biona baita, eta anai-arrebak baikara.

Nolakoa ikusten duzu etorkizuna?

Konfiantza dugu CROSEn. Elikagaien subiranotasunaren alorrean egiten dugu lan, eta mugimendu aldarrikatzaile bat osatzen dugu. Nekazarien, emakumeen eta gazteen mugimenduak ahaldundu nahi ditugu, egoera ankerretik irten ahal izan daitezen.

Nabarmendu duzu Haiti ez dela herrialde txiroa, txirotua baizik. Nork edo zerk pobretu du?

Batetik, independentzia lortu eta gero Frantziari ordaindu behar izan genion dirutzak txirotu du Haiti. Bestetik, ustelkeria handia dago instituzioetan, eta aberria maite ez duten politikari horiek pobretu dute Haiti. Nazioarteko komunitatea ustelkeria horren konplizea da.

Hala ere, atzerriko erakunde askok lagundu egiten dituzte Haitiko gobernuz kanpoko erakundeak, eta hori eskertu egin behar diegu. Esaterako, Gipuzkoako eta Arabako foru aldundien, eta Zumaiako [Gipuzkoa], Astigarragako [Gipuzkoa] eta Balmasedako [Bizkaia] udalen finantzaketa jasotzen dugu, besteak beste. Denak ez dira gaiztoak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Poliziaren indarkeriaren kontrako manifestazio bat, atzo, Atlantan, Georgia estatuko hiriburuan. ©ERIK S. LESSER / EFE

Poliziak Nicholsi eman zion jipoiak protestak piztu ditu AEBetan

Gorka Berasategi Otamendi

Ostiralean publiko egin zituzten bost poliziak gazte afro-amerikarrari eman zioten jipoiaren irudiak. Grabazioetan ikusten denez, bortizki jo zuten, baita aurre egiteko aukerarik ez zuenean ere

 ©EMILIA GUTIERREZ / LV

«Ezohiko egoera bat sortu dugu: epaileek iritzia ematen dute guztiaren inguruan»

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Espainiako botere judizialak joera erreakzionarioa hartu duela uste du Pedro Vallinek, eta hori ez dela kasualitatea. Azaldu du Espainiako Estatuak bere iraupena arriskuan ikusten badu demokrazia «etsaitzat» eta «mehatxutzat» har dezakeela.
Greziatik kanporatutako migratzaile talde bat, baltsa batean, Turkiako kostazainen esku gelditzear. ©ERDEM SAHIN / EFE
Jerusalemgo atzoko erasoan zauritutako bat, esku ohe batean. ©A. SAFADI / EFE

Bi israeldar larri Jerusalemen izandako beste eraso batean

Berria

Erasotzailea 13 urteko nerabe palestinar bat da, Israelgo Poliziaren arabera. 42 lagun atxilotu dituzte Zisjordanian

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...