Massouda Kohistani. Aktibista

«Afganistango emakumeek rol eta inplikazio baliotsua zuten gizartean»

Afganistandik alde egin behar izan zuen duela hiru hilabete pasa, bestela ziur baitago talibanek hil egingo zutela seguru. Nazioarteari eskatu dio ez ditzala gobernu gisa onartu, eta lagun dezala erresistentzia fronte nazionala eratzen.

BERRIA.
Igor Susaeta.
2021eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Massouda Kohistani abokatu eta aholkulari afganiarrak (1982) batez ere genero gaiak landuz eta emakumeen eskubideak defendatuz garatu ahal izan zuen ibili profesionala bere herrialdean, ia hogei urtez. Talibanak boterera iritsi ziren abuztuan, ordea, eta jaioterritik alde egin behar izan zuen, dena han utzita. Espainian dago egun. Posta elektronikoz erantzun die BERRIAk bidalitako galderei.

Noiz iritsi zinen Espainiara? Nolakoak izan ziren Afganistanen egin zenituen azken egunak? Zer oroitzapen duzu?

Gau berandua izango zen Kabulen, 04:30 inguru, 2021eko abuztuaren 21a. Ezin izan nituen agurtu ez ama eta ez familiako gainerako senideak, gizon batek mehatxatu egin ninduen-eta goizean, goizean goiz. Ongi irizten diot Espainiako Gobernua gutaz arduratzeari, baina nik hantxe utzi behar izan nituen ama eta familiako gainerako senideak, eta ahizpa, ilobak, jaioterria eta bizilekua, eta bizitza osoa.

Azkeneko gauean, 2021eko abuztuaren 20ko hartan, Espainiako kazetari batek elkarrizketatu behar ninduen, emakumeen eskubideen defendatzaile naizen aldetik emakumeen egoerari buruz hitz egin niezaion; izan ere, emakume aktibistek esana zidaten emakume harekin hitz egin behar nuela. Nolabait ere, ni elkarrizketatzen hasi zen, debekuari eta beste zenbait konturi buruzko galderak eginak zizkidan ordurako, baina, sakelakoa bateriarik gabe geratzen ari zitzaidanez, esan nion ea posible izango ote zen elkarrizketa beste batean osatzea, edo hurrengo goizean bertan, eta baietz esan zidan, biharamunean hitz egingo genuela.

Zer sentitu zenuen?

Goizean goiz izango zen, emakumeen okindegira irtena nintzelarik, gosaritarako ogi bila. Orduan, etxetik irten, eta gizon bat aurkitu nuen, nire etxeko kaletik gertu zegoen postu batean. Haren ondotik pasatzean, ozenki hasi zitzaidan onartezinak eta ezin gaiztoagoak ziren hitz mingarriak esaka. Eta okindegitik itzultzean, berriro hasi zitzaidan, hitz oso itsusiak erabiliz, eta honelakoak esaka: «Talibanekin hitz egingo dut, zure familiako emakume guztiak ezkonarazteko eta zure familiako senide guztiak harrapatzeko». Orduan, mantso-mantso atzera egin, eta galdetu nion zergatik esaten zidan halako bidegabekeria bat. Eta joka hasi zitzaidan, arrapaladan, eta neuk ere, auskalo zerk indarturik, jo egin nuen bera. Baina gizonak min egin zidan oinean eta besoan, eta gorputzeko zenbait atal beltz-beltz utzi, eta gero eta nekezagoa zitzaidan nire gorputz minberatuaren oinazea jasatea. Etxean sartu nintzen, eta berehala oroitu nintzen Espainiako kazetariarekin hitz egitekoa nintzela, hala agindu bainion. Eta sakelakoa piztu orduko deitu zidan, hasia genuen elkarrizketa osatzeko asmoz, baina esan nion ezin nuela hitz egin berarekin, eta zergatik galdetu zidan, eta esan nion ez nengoela ongi, eta teman segitu zuen, zergatik eta zergatik galdezka, eta ezin izan nion eutsi luzaroan, eta negar batean hasi nintzen, eta kontatu egin nion zer gertatu zitzaidan bost minutu lehenago.

Edonor birrintzeko modukoa behar zuen izan egoerak...

Gaur egun ere, gure auzoan, ohikoa da jendeak emakumeei horrela hitz egitea, eta irainka ekitea, eta eraso egitea, joka eta mehatxuka aritzea. Goiz hartan, 08:10ean, emakumeen okindegi batera jo nuen, etxetik gertu. Kalean behera nindoala, gizon batek ekin zidan laino artetik, tontakeria eta epelkeria ugari esaka: «Utikan!, ez dago demokraziarik, neuk probokatuko ditut talibanak, eta esango diet amerikarrekin elkar harturik zure familiari erasotzeko, eta zu torturatzeko». Ez nien ezer esan familiakoei, beldurraren beldurrez. Tehreek-e-Taliban mugimenduak halako zentzugabekeriaz jokatzen badu, ez dakit zer egin. Norbaiti kexa eman beste aukerarik ez dut. Gero, zer erabaki hartuko nuen galdetu zidan emakume hark, ea Afganistandik irten nahi nuen, eta baietz erantzun nion, baina ez zela posible, ez neukalako amerikarren agiri berderik edo beste herrialderen bateko bisarik. Iluntze hondarrean deitu zidan berriro, eta aireportu ingurura agertzeko esan. Han, Espainiako zenbait kazetari zeuden; haietako gizon bat zain neukan, eta aireporturaino lagundu zidan. Bidean gindoazela, Baron ate parean, talibanak joka hasi zitzaizkidan berriro, baina, zorionez, norabidea aldatu genuen, eta herrixketatik barrena eta ozta-ozta lortu nuen aireportuan sartzea, AB atetik.

Huraxe izango zen Kabulgo aireportuan gau bat egin nuen azkeneko aldia, eta goizean goiz aireratu ginen abuztuaren 21ean bertan, Dubairantz, eta handik gero Madrilera; hegaldi eta bidaia latza izan zen, eta sekula ez dut hainbeste negar egin. Sorterria utzi, eta munduaren beste aldera nindoan, sekula pentsatuko ez nuen toki batera, eta, gaur egun, Salamancan nago.

Ez dakit benetan, baina emakume hark handik irteten lagundu ez balit, seguru nago talibanek hil egingo nindutela, eta familiako gainerako senide guztiak ere bai.

Duela urtebete edo urte bi, pentsatuko al zenuen talibanek boterea bereganatuko zutela 2021ean?

Ez, sekula ez; izan ere, duela bi urte, pentsatu genuen NATOren indarrek eta Afganistanen indar militarrek ez zutela onartuko talde terrorista txiki batek 2021ean boterea eskuratzea; ez genuen sekula imajinatu ere egingo. Joko politiko arriskutsu bat izan zen hura, [Axraf] Ghani presidenteak egina; hain zuzen, talibanak paxtun etniako tribu batzuetatik eratorriak dira, eta Ghanik betidanik babestu izan ditu talibanak, eta haiek baliatuz nahi izan du beraren tribuek boterea eskuratzea, betidanik izan baita oso gizon fanatikoa, modurik ankerrenean; argi zegoen Ghanik talibanak babestuko zituela, herrialde osoa aise bereganatzen ahalegintzeko. Presidente gisa egindako bi aldietan, paxtun jendearen sostengua lortu nahian aritu da, eta beste batzuena ere bai.

Talibanek boterea bereganatu zutenean, abuztu erdialdean, aurrez boterean egon zirenean (1996-2001) ez bezalakoak izango balira bezala agertu ziren. Zer pentsatu zenuen zuk orduan, duela bi hilabete?

Badakigu talibanak gezurti batzuk direla eta ez dutela ez obligaziorik eta ez konpromisorik esaten duten horrekin; hain zuzen, bake elkarrizketek iraun duten bitartean, sekula ez diote utzi ez erasotzeari, ez jarduera terroristak egiteari —eraso suizidak egin dituzte, eta jende errugabea eta soldadu gazteak hil—, eta giza eskubiderik ere ez zegoen haien kontrolpeko eremuetan. Eta ezin garrantzitsuagoa den kontu bat: talibanek ez dute sekula izan ez errespeturik eta ez sinesmenik gizatasunari eta giza eskubideei dagokienez.

Garai hartan zer pentsatzen nuen? Bada, talibanek helburu eta araudi argiak dituztela, eta, darabilten politika horren bidez, gu hiltzen ari direla, persiar hiztunen arerioak baitira, edota pobreziara eramango gaituztela, eta goseak hilarazi. Gainera, talibanek iragarria dute indarrez ezkonaraziko dituztela emakume ezkongabeak eta alargunak.

Talibanak gobernuan direla, emakumeek zer egin dezakete eguneroko bizimoduan? Zer eskubide dituzte?

Talibanen arabera, emakumeek gizonei obeditu behar diete. Emakumeek ardura jakin batzuk bakarrik dituzte: sukaldean aritzea, etxea garbitzea, haurrak zaintzea eta haietaz erditzea. Talibanak guztiz tematuta daude: emakumeek ez dute zertan hezkuntzarik izan, gero lanposturik eskuratu ez dezaten.

Ia hogei urtean aritu zara lanean emakumeen eskubideak defendatzen. Alde horretatik, zein zen benetako egoera duela pare bat urte, talibanek boterea bereganatu aurretik. Emakumeak benetan al zeuden inplikatuak gizartean?

Hogei urte hauetan, emakumeek gogotik lan egin dute; are, familia eta komunitate horietako emakume batzuek goi mailako hezkuntza izan dute, eta lanpostu hobeak lortu dituzte. Auzo herrialdeen aldean, emakume ugari ditugu parlamentari eta senatari direnak. Emakume akademiko asko daude hainbat alorretan lan egiten dutenak; askok literatura irakasten dute unibertsitatean, eta emakume irakasle mordoa dugu eskola publikoetan eta eskola pribatuetan. Gaur egun, akademikoen eskasia dugu hezkuntzako zenbait sailetan, eta talibanek ez diete uzten emakumeei beren lanpostuetara joaten. Gure gizarteko emakumeek rol eta inplikazio baliotsua eta garrantzitsua zuten gizartean.

Zer-nolakoa da egoera orain eskoletan eta lantokietan?

Arestian aipatu dudanez, hezkuntzako gabeziek pobretu egiten dute, eta egoera okertu. Lehenik, ez dago irakasle nahikorik eskoletan eta zenbait unibertsitate pribatutan, eta hori kaltegarria da herrialdeko hezkuntza sistemarako. Bigarrenik, pobreziaren eraginez, haur asko alde batera uzten ari dira eskolak, eta ez dira itzultzen gehiago. Bada beste arazo bat ere: talibanek ez dituzte onartzen neskak seigarren mailatik aurrera; beraz, egoera gero eta okerragoa da.

Zure ustez, talibanek zergatik diote beren gobernua «inklusiboa» izango dela, baldin eta hala ez bada?

Egiaz, talibanak ez dira benetako gobernu bat; izan ere, talde terrorista txiki bat dira, Pakistanek sortua, eta Pakistanek, Txinak, Qatarrek babestua, baita Turkiak, Errusiak eta Arabiako zenbait gobernuk ere nolabait babestua.

Ba al dago modurik gainerako herrialdeen aitorpena izateko?

Ez, talibanak terroristak baitira; munduak talibanak formalki onartuko balitu, arrisku larri baten pean jarriko lukete mundu zabala, mundu osoa erabat arriskatzeraino.

Zure iritziz, gainerako herrialdeek zer eginkizun daukate krisi honetan? Zer eskatuko zenieke?

Modu atseginez, zera erregutu nahiko nieke munduko agintariei eta boteredunei —batez ere, hirugarren munduko herrialdeen garapenaren alde diharduten horiei, bereziki Afganistanenaren alde—: mesedez, ez formalki onartu taliban terroristak gobernu gisa. Bada garaia geure alde jarduteko eskatzeko, eta Afganistan lehenera ekartzeko, eskubide berberak defendatzeko gutako guztiontzat; historiak gogoratu gaitzala; eska diezaiogun nazioarteko komunitateari lagundu diezagula berandu baino lehen, eta erantzukizun hori bere gain har dezatela, besteak beste, Nazio Batuek, Europako Komunitateko Aliatuek, Europako Batasunak eta munduko beste zenbait herrialdek, eta babestu gaitzatela erresistentzia fronte nazionala eratzen.

Taliban terroristak gobernu gisa onartu gabe, Europako Batasunak eta nazioarteko erakunde guztiek elkarrekin presio egin diezaiekete talibanei emakume afganiarren eskubideen kontrako urraketak gerarazteko; familiak atzerrian batzeko modua eman diezaiekete senideak Afganistandik kanpo eta seguru eduki nahi dituzten afganiarrei; agintariek zilegi dute gu aitortzea, eta afganiarrok eta gure lurraldeak babestea; enbaxadak zabalik daude nonahi, eta edonor da ongi etorria, eta babesa ematen zaie familiei. Azken batean, babesa eskatzen dugu gure erresistentzia fronte nazionalerako, eta giza eskubideak eta emakumeen eskubide berdintasuna defendatzeko.

Gizaki gisa, eskubidea dut jakiteko zein izango den nire patua eta etorkizuna.

Milioika afganiar goseak egongo dira aurtengo neguan, nolabaiteko ekinbideren bat martxan jarri ezean, premiaz; hala ohartarazi du Nazio Batuen Munduko Elikadura Programak. Mundua jabetzen al da arazoaren larriaz?

Nik argi eta garbi daukat mundua ondo baino hobeto jabetua dagoela, baina arazoa da talibanen esku daudela boterea eta agintariak. Talibanen baimenik gabe, Nazio Batuen Erakundearen elikadura programak ezin du ezer egin; jende pobreari laguntzen hasiz gero ere, laguntza ezingo da iritsi benetan jende horrengana, talibanek beren soldadu ankerrak babesteko baitarabil laguntza, eta horrek lehen ere baino ahaltsuago egiten ditu.

Ezer sumatu al duzu egunotan Espainian, Afganistango krisia dela eta?

Badakite nire herrialdeko jendeak pobrezia arazo handiak dituela, eta egunero bizpahiru lagun hiltzen direla goseak jota, eta horrek are zailago egiten duela dena, baita talibanek ezarritako terroreagatik ere; talibanek gizonak atxilotzen dituzten bakoitzean, argi dago haiekin zer egingo duten, baita toki ezezagunen batera eramanago dituztela ere.

Konponbiderik ikusten al diozu? Zergatik gertatu da gertatu dena Afganistanen?

Nire ikuspegitik, abagune aproposa da Nazio Batuek, Europako Komunitateko Aliatuek, Europako Batasunak eta munduko gainerako herrialdeek ere gu babesteko, baita gure erresistentzia fronte nazionala ere; hain zuzen, erresistentzia fronte horrexek baino ez ditu defendatzen giza eskubideak eta emakumeen eskubideak, hark baino ez dirau zutik, eta hura baino ez da zuzenean borrokatzen Afganistango talde terrorista horren kontra.

Eta zergatik gertatu den gertatu dena Afganistanen? Bada, tartean direlako munduaren arduragabekeria eta Ghaniren diktadurarako joera eta fanatismoa; jenderik eta soldadurik gehienak etsiak jota dauzka Ghaniren jokabideak eta gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.