Tokio 2020. Asier Martinez. Atleta

«Ez diet beste atletei begiratzen, hesiak baitira benetako aurkariak»

Asteartean lehiatuko da nafarra 110 metroko hesidunen sailkatze probetan. Azken urtean bilakaera handia izan du, eta helburua tarte horretan egindako lasterketen maila ematea da: «Konforme egongo nintzateke hori eginda».

IDOIA ZABALETA / FOKU.
ainara arratibel gascon
Tokio
2021eko uztailaren 31
00:00
Entzun
Europako 23 urtez azpiko txapelketa irabazi ostean, sasoi betean iritsi da Tokiora Asier Martinez (Iruñea, 2000). «Konfiantzaz nago». Ez du uste egin dezakeen beroak eta hezetasunak bere jarduna baldintzatuko duenik. Asteartean du sailkatze proba, 12:10ean Euskal Herrian.

Iaz, Espainiako txapeldun; aurten, laugarren Europako Txapelketan, eta, orain, Olinpiar Jokoak. Non egon da halako bilakaera bat izateko gakoa?

Ez da arrazoi edo gako jakin bat egon. Nik uste dut behar bezalako testuinguru bat izan dudala lan egin ahal izateko. Lasaitasunez egiteko aukera izan dut, eta helburuak lortzeko prozesuan konfiantzarekin aritzekoa. Ingurukoek asko lagundu naute.

Bilbon bizita, entrenatzailea urrun izanda lortu duzu, eta askotan bakarrik entrenatuz. Horrek indartsuago egin zaitu?

Zalantzarik gabe. Zenbait kasutan garai zailak bakarrik gainditzera behartzen zaitu halako egoera batek, eta horrek zaildu egiten zaitu psikologikoki. Prozesu pertsonal bat izan da.

Sailkatzekoa gainditzea gauza handia litzateke?

Ez diot helburu zehatzik jarri neure buruari. Helburua hemen egotea zen, eta hori lortuta dago. Hortik aurrera, urte osoan eman dudan maila hemen erakustea da buruan dudana, eta horrekin konforme nengoke, emaitza onak lortu ditudalako,

Aurten egindako lasterketetatik zerk asebete zaitu?

Lasterketa aurretik izan dudan patxadak eta konfiantzak asebete nau gehien. Hori izan da ondoren ondo lehiatzeko gakoa. Lehen, presio handia jartzen nion neure buruari, eta aurkarien jarduna begiratzen nuen. Orain, berriz, ez. Arreta osoa nigan jartzen dut, eta hesiei errespetua izaten. Azken batean, beste atletak baino gehiago, hesiak dira zure aurkari nagusia.

Beti aipatu duzu zure garaiera dela-eta irteeran ez zarela nahi bezain ondo moldatzen. Kezkatzen zaitu?

Benetako arazoa irteerako potentzia optimizatzean dago: berez dudan potentziari etekin handiagoa ateratzean. Horretarako ari gara lanean, baina denbora behar da.

Asma izateak zertan baldintzatzen du zure jarduna?

Lasterketan bainoago, entrenamenduetan eragiten dit, batez ere luzeak badira. Baina aurten alde horretatik urte lasaia izan da. Ez dut aparteko arazorik izan.

Nola bizi dute etxekoek zu Olinpiar Jokoetan egotea, kontuan hartuta ama atleta izan zela eta anaia ere atletismoan aritzen dela?

Ilusio handiarekin. Nire kirol ibilbidean erabakigarriak dira; hau familia osoaren lorpen bat da. Haiek izan ziren atletismoaren arra sartu zidatenak, lau urterekin Ardoi klubera eraman nindutenak atletismoa egitera. Beti egon dira hor, garai zailetan edo kezkaren bat izan dudanean. Haiekin amets hau partekatzea izugarria da. Ea ondo biribiltzen dugun.

Familia ez ezik, zure entrenatzailea ere funtsezkoa izan da azken urte hauetan. Duela lau urte garaiera jauzia bazter utzi eta arreta osoa hesietan jartzeko esan zizun. Nola adostu zenuten?

Bien artean ikusi genuen ahalegin gehiegizkoa zela biak egitea, eta batean jarri behar genuela arreta. Entrenamenduetan gehien disfrutatzen nuena hesiak ziren. Lasterketak badu sufrimendu eta bizitasun puntu bat kateatu egiten nauena. Horregatik hartu genuen erabakia, eta denborak erakutsi zigun ez garela erratu.

Noizko pista estali bat Iruñean?

Hori galdetzen dugu guk ere. Aspaldiko eskaria da. Izan ere, halako azpiegitura bat ez edukitzea desabantaila bat da beste atleta batzuekiko. Neguan jakina da Iruñean zer hotz egiten duen, eta tarteka euria ere bai. Bada, pista estalirik gabe, ezin dugu baldintzarik onenetan entrenatu. Izan ere, gurea bezalako lasterketa bat intentsitate handikoa da, oso bizia. Beraz, hotzarekin giharrek asko sufritzen dute. Gainera, euria egiten duenean ezin dugu aire zabalean entrenatu, eroriko bat izateko arriskua dugulako.

Zientzia politikoak ikasten ari zara. Zaila izango zen biak uztartzea, ezta?

Bai. Egia esan aurten ia ezin izan diet arretarik jarri ikasketei, buru-belarri aritu bainaiz Tokioko sailkapenaren bila. Beraz, datorren urtean ikasgai dezente pilatuko zaizkit.

Liburu artean hobeto moldatzen zara elkarrizketak ematen baino? Izan ere, hasieran esaten zenuen oso lotsatia zinela.

Pixkanaka banoa ohitzen horretara ere. Zenbat eta gehiago egin, lasaiago hartuz noa gauzak. Alde horretatik ari naiz patxada eta neurria hartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.