begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Labur-laburrean eta laburbilduz, badon hamahiru

2022ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Hamahiru izan behar. Zenbat bestela? Ezin liteke hamalau izatea. Ezta 11 ere. Bai. Gauza jakina da, gure inguruetan, gure bazterretan, gure mitologian, gure herri-hizkuntza-eraikuntzaren identitatean ez omen dok (h)amairu. Baina gaur (barikua) eta hemen (Bilbon) ozen, alai eta maltzur, On Resurreccion Maria Azkue txit agurgarriari kasurik egin barik eta Deabruari zor diogun errespetu osoa erakutsiz, aldarrika dezagun anaia-ahizpok: Badon, badok (h)amairu!

Hamahirua baita azpimundua gustuko, gogoko, begiko dugun guztion zenbaki arras maitatua. Ez 11. Ez hamabi. Ezta hamalau ere. Bai, egia. Hamalau dira denbora luzez Arantzazurako bideko arekan izan ziren Oteizaren apostoluak. Baina guri gaur (barikua, ezin liteke ez eguena, ez zapatua, ez domeka izan), Jurgiren hamalau horiek bost. Guri gaur (afari gabeko baribakoeun zorgarri honetan) 13 zenbakiak biltzen gaitu alaitasun ilun batean. Hemen. Bilbon. Baina ez Arriagan. Ez Alondegian. Ez. Gu Eliseo soroetan gara elkartzekoak. Non bestela? Ez al zarete akordatzen, anaia-ahizpok, joandako garai urrunetan landa horiek zirela heroiak hil ondoren bizi ziren lekua?

Bai, hortxe, Eliseo soroetan. Ez, ez Pariskoetan. Ez, ez Donostiako Martutenekoetan, non gure aitona-amonek dantza egiten zuten. Ez. Atzerago, askoz atzerago joan behar duzue aroetan barna, jainkoak Olinpo mendian bizi zirenekoetara iristeraino. Beraiek han goian zirela amodio-amorru jolasetan, gu, heroiak, hil eta gero, Eliseoetara gindoazen. Betiereko. Beraz, ez 11, ez hamabi, ez hamalau existituko diren gaurko egun gurean ez gara ez Azkuna zentroan, ez Areatzan izango, baizik eta Bertendona kaleko Bombonera-n, Campos Eliseos antzokian. Badon/badok eta hamahiru.

Hamahiru ditugu Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 28. akelarrean ikusgai izango diren euskal laburrak. Gauez, jakina. Noiz, bestela? Ezingo genuke guk, malefizio guztien miresleok, Erromako zubi gainean ibili, nahiz eta Oz-eko aztiari bisita egiteagatik izan.

Gu beti gauez. Gu beti infernuko soroetan. Gu beti hamahiru.

Bada jendaia majo-maltzurra hamahiru horiek aurkezten dituena. Batzuek badute eskarmentu handia. Esaterako, David Perez Sañudok. Ane filmaren autoreak, oraingoan, serial killer bat toreatzen du, maisuki, Manolo Escobar kantari delarik eta dutxan au pair moduan landa etxera arrimatu den neska frantziarra dagoela. Besteek, ordea, munduko hainbat film bilkuretan frogatu dute frogatu beharreko adorea. Nortzuek? Ba Kevin Iglesiasek eta Pedro Riverok, Los días que nunca fueron-en egileek. Bada Abernua ohiko aterpe duenik... Hikikomori-ren kulpantea den Borja Crespok. Bada ospelean gustura ibili ohi den Azpeitiko Kamikaz kolektibo bat, bere Pa(i)saia pertsonal eta besterenezina sortzen ari dena. Bada bi minutuz atzeraka filmatzen duenik: Amaia San Sebastianek deslapidazio bat kontatzen digu bere Rewind horretan, nolabait aldarrikatuz gizakion justizia injustua denean, zinemak baino beste ezerk ez duela justiziarik egingo.

Sentitzen dut Martintxo, gure aspaldiko ipuin zaharretako heroia, baina zuk egin ez zenuena plazer handiz egingo dugu guk gaur (barikua), hemen (Eliseo Soroetan), gauez. Guk, Deabruak berak eskatzen badigu hamahiru ahoskatzeko, aho betez emango dugu aditzera gurean hamahiru badirela, nahiz eta euskal kantagintza berritu zutenen hezur sakratuak dardaraz hasi lurpean.

Badok, badon (h)ama(h)iru, bai. Hamahiru malefizio. Eta hain da hori egia biribila, ezen Fant 28.ak bereak egingo dituen maiatz honetako 13an. Ostirala. Nor Abernurako bidaide? Nosferatu! Murnau! Max Shreck!

Gure lur ospelean, demonio guztiak lagun, 13 zenbaki maitatua bider bi egiten dugu. Barikuak gustuko ditugulako Eliseo soroetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.