Noiz sortua: 2020-01-31 00:30:00

Zientzia

Kimikan ez galtzeko mapa

Taula periodikoaren nazioarteko urtea ospatu da 2019an. Hain zuzen, 150 urte igaro dira elementu kimikoak batzen dituen antolaketaren lehen eredu modernoa sortu zutenetik. Ordutik, zientziaren ikur ezagunenetako bat bilakatu da. Hainbat zientzialariren lan kolektibo batetik abiatu zen.
Tamaina handiagoan ikusi

Zihara Jainaga Larrinaga -

2020ko urtarrilak 31
«Hezkuntza, zientzia eta ikerkuntza alorretan ikur bat izateaz gain, materian protagonista diren elementuei buruzko ezagutza laburbiltzeko erabiltzen den tresna bat da taula periodikoa». Hala definitzen du elementu kimikoak antolatzeko erabiltzen den taula Pascual Roman kimikari eta EHUko Kimika katedradunak. 150 urte igaro dira sortu zutenetik, eta egun ikasleek buruz ikasi beharreko beste ikasgai baten moduan soilik ikusten badute ere, gizartean, egunerokoan, kontziente izan gabe, hainbat erabilera ematen zaizkio. Ikur zientifiko, sozial eta kultural bilakatzea lortu du urte hauetan guztietan, eta hainbat dira gordetzen dituen bitxikeriak. Adibidez, hasieran uste zen Dmitri Mendeleiev errusiarrak sortu zuela egun ezagutzen den taula periodikoa, baina ez zen hala izan. Henry Moseley ingelesaren ekarpena izan zen. Hala ere, hainbat zientzialarik parte hartu izan dute taula periodikoaren osaketan.

NOIZ SORTU ZEN TAULA PERIODIKOA?

Taula periodikoaren aurkikuntza, anizkuna, kolektiboa eta zenbait unetan aldiberekoa izan zen. «Hainbat zientzialari aritu ziren elkarlanean maisulan hau egiteko. Horretarako, elementuak sortu, aurkitu edota bakartzen zituzten», azaldu du Romanek.

Taula periodikoaren lehen bertsio modernoa Dmitri Ivanovic Mendeleiev errusiarrak egin zuen, 1869ko otsailaren 17an. Elementu kimikoak pisu atomikoaren arabera antolatu zituen. Lehen taula periodiko modernoak 63 elementu izan zituen. Mendeleivek hamasei elementu iragarri zituen, baina horietatik zortzi izan ziren soilik balekoak.

Mendeleiven aurretik, baina, beste hainbat zientzialarik ere aurkeztu zituzten proposamenak. Horietako bat Antoine-Laurent de Lavoisier izan zen. 1789an argitaratutako lan batean 33 substantzia sinple igarri zituen Lavoisierrek. Horietatik, gaur egun, 23 daude onartuta.

Egun ezagutzen den taula periodikoaren antolaketa ez da Mendeleiev errusiarrak proposatu zuena. 1913. eta 1914. urteetan, Henry Moseley fisikari ingelesak lege periodiko berri bat aurkeztu zuen. Pisu atomikoaren arabera ordenatu ordez, zenbaki atomikoaren arabera ordenatzea proposatu zuen Moseleyk.

NOLA ANTOLATZEN DA?

Gaur egun, taula periodikoa antolatzeko mila modu baino gehiago ezagutzen dira. Gehien erabiltzen dena, baina, «erdi-luzea» deituriko da. Eredu horrek hamabost elementu kimiko taulatik kanpo adierazten ditu. Zehazki, harri arraroak deiturikoak dira hamabost horiek. «Gainerako elementuak zenbaki atomikoaren arabera antolatzen dira taldeetan eta periodoetan, handienetik txikienera. Hala, multzo bakoitzean ezaugarri fisiko eta kimiko berberekoak daude», azaldu du Romanek. Hots, metalak, metal alkalinoak, lurralkalinoak, lantanoideak, aktinoideak, trantsizio metalak, metaloideak, ez-metalak, halogenoak eta gas metalak bereizten dira. Guztira 118 elementu kimiko daude taula periodikoan.

Antolakuntzari lotuta, Romanek adierazi du oraindik ere taula periodikoaren antolakuntzan badaudela zuzendu beharreko zenbait kontu. Hidrogenoa, adibidez, ezkerraldean ageri da, eta eskuineko zutabean behar luke, gasekin batera. Bestalde, taulatik kanpo gelditzen diren hamabost elementuekin zer egin eta non kokatu erabakitzeko garaia ere badela dio. Horregatik, zientzialari bakoitzak bere irizpideen araberako taula osatzeko baimena du neurri batean.

ZEIN DIRA ZAZPI ELEMENTU ANTZINAKOENAK?

Urrea, kobrea, eztainua, burdina, zilarra, beruna eta merkurioa izan ziren antzinako zazpi elementuak. Hots, horiek dira aurkitutako lehen elementu kimikoak. Antzinatik, kimika sortu aurretik, erabiltzen ziren tokian tokiko hizkuntza arruntean. Egun, berdin idazten dira, antzinako izena errespetatuz.

Elementu kimiko bakoitzaren latinezko izena hartu eta bi letra aukeratzea adostu zuten sinboloen izenak jartzeko. Bestalde, urteek aurrera egin ahala, ikerkuntza zentroak, zientzialari ospetsuak, toki geografikoak —hiriak, ibaiak, kontinenteak—, mineralak, izen mitologikoak eta propietate fisiko zein kimikoak hartu izan dira oinarri elementuei izena jartzeko.

ZEIN IZAN DA ERAGILE NAGUSIA BILAKAERAN?

Elementu kimikoen aurkikuntzak, kontzeptu, lege eta teoria berriak agertzeak, teknika berrien erabilpenak eta nomenklatura eta formulazioa erabiltzeak lotura zuzena izan dute taula periodikoaren 150 urteko bilakaeran. «Kuriositateak, gizakiak berezkoa duen jakin-minak, eragina izan du taula periodikoaren bilakaeran», azaldu du Romanek.

ZEIN IZAN DIRA AZKENAK?

2016. urtean gehitu ziren azken laurak: nihonioa, moskobioa, tenesoa eta oganesona. Lau horiek egun ez dute erabilera esanguratsurik zientziaren ikuspegitik. Iraupen gutxikoak dira, eta ez dira kantitate handietan ageri. Aitzitik, 1898. urtea izan zen elementu gehien aurkitu ziren urtea: bost elementu kimiko aurkitu zituzten zientzialariek. Hain zuzen, neona, kriptona, xenona, polonioa eta radioa izan ziren aurkitutakoak.

DESAGERTZEKO ARRISKUAN AL DAUDE?

Azken urteetan, helioa desagertzeko arriskua handitu egin da. Erresonantzia magnetikoetan erabiltzen da elementu hori. Bestalde, estrontzioak eta litioak ere desagertzeko arriskua dute. Txanponaren beste aldean dago oxigenoa: giza gorputzean 43 kilogramo oxigeno ditugu, gehienbat ur egoeran. Gorputzaren %70 osatzen du. «Unibertsoan, berriz, nitrogenoa, helioa eta sodioa dira elementu ugarienak», gaineratu du Romanek.

AURKITU AL DA ELEMENTURIK EUSKAL HERRIAN?

Elhuyar anaiek wolframa aurkitu eta bereizi zuten 1783. urtean, Bergaran (Gipuzkoa). Hasieran, tungsteno izena zuen. Bonbillak egiteko erabiltzen da. Erabilera militarra ere badu, tenperatura altuak jasaten baititu. «Azpimarratu behar da Elhuyar anaien lana, ez baita gauza bera elementua bakartzea eta aurkitzea».

EGUNEROKOAN, NON AGERI DIRA ELEMENTU KIMIKOAK?

Zientzialarien arabera, egunero erabiltzen ditugun sakelako telefonoek 29 eta 31 elementu kimiko artean dituzte. Giza gorputzean, bestalde, 59 elementu kimiko aurki daitezke. Hots, taula periodikoan dauden elementuen erdiak. Oxigenoa, karbonoa, hidrogenoa, nitrogenoa, kaltzioa, fosforoa, potasioa, sufrea, sodioa, kloroa, magnesioa eta burdina dira ugarienak. Gutxien ageri diren bost elementuak, berriz, torioa, uranioa, samarioa, berilioa eta wolframa dira.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Apirilaren 7an eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 12.401 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 790 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 4.149 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Saltoki txikiak itxita Iruñean. ©Iñigo Uriz / Foku

Kontrolak indartuko dituzte Aste Santuan

Berria

Martxoaren 21az geroztik SARS-CoV-2 birusaren kasu berri gutxien atzeman duten eguna izan da atzokoa Euskal Herrian. Testa egin gabe ari dira sendagiria ematen gaitzak jotako osasun langileei.

Urkullu lehendakaria eta Artolazabal sailburua ©Irekia
Etxeko Leihotik: Formol

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna