KRITIKA. Antzerkia

Lydia Cacho

2022ko urriaren 11
00:00
Entzun

'La infamia'

Moldaketa: Lydia Cacho eta Jose Martret. Zuzendaritza: Jose Martret. Aktorea: Marta Nieto. Agertokia eta jantziak: Alessio Meloni. Argiak: David Picazo. Soinua: Sandra Vicente. Bideo eszenak: Emilio Valenzuela. Kameraria: Alicia Aguirre Polo. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Urriaren 7a.

Agus Perez kritikariak honela azaldu zidan behin: «Izenburuarekin gustura geratzeak esan nahi du idazleak badakiela zein den haren testuaren mamia, badakiela zer transmititu nahi duen». Eta nik, haren aholkuari jarraituz, Lydia Cacho kazetari feminista mexikarraren izen-abizenak baino ez ditut idatzi, ezagutzen ez duenak Internetera joko duen esperoan. Hona bi apunte baino ez: 2005eko Los demonios del Eden [Edeneko deabruak] liburuan Cancuneko Jean Succer Kuri ostalaritzako enpresariaren ume-pornografia eta beste praktika pederasten sarea salatu zituela, bata; eta, bestea, 2007ko Memorias de una infamia-n [Doilorkeria bati buruzko memoriak] deskribatu zigun salaketa harengatik poliziek gauzatutako bahiketa legal pairatu zuela.

Agertokian iluntasun beltza dugu nagusi. Barruko paretako pantaila erraldoia zuzeneko bideo proiekzioetarako; taulen gaineko ezkerreko aldean, jatetxe bateko mahai eta aulkiak eta 4x4 jeep zaharra; eta, eskuinean, polizia etxeko ziega irudikatzen duen kaiola. Elementu gutxi, baina—argi zenitalen laguntzaz— funtzionalitate handikoak.

Goian aipaturiko bi liburuek osatzen dute kontakizunaren bi geruzen bizkarrezurra, zeinetan Marta Nietok kontatzen eta antzezten dizkigun Cachok bizi eta salatutakoak. Horrela, hasiera batean ikusten eta entzuten dugu nola bahitzen duten, baita unean uneko abusuak eta mehatxuak, beldurrak eta izuak ere. Protagonistari jarraitzen dion kamerariaren lan borobilak gertatzen ari denaren testigantza zuzena eskaintzen dio publikoari. Bitxia da protagonista auto barruan daramatela zenbait aldiz galtzen dugun bistatik, eta, aldi berean, zein presentzia handia duen grabatzen dizkioten lehenbiziko planoetan.

Era horretan, kamera erabiltzeko hautuak geruza honetako antzerki estiloa guztiz baldintzatzen du: aktoreak, publikoari begiratu ordez, kamerarentzat antzezten du, antzerkia zena antzerki-zinema bihurtuz eta, gainera, iluntasunean ezkutatuta dagoena argitara ekarriz. Hor nagusitzen dira lanaren originaltasuna eta Sorogoyenen Madre [Ama] filmean ezagutu genuen Nietoren iaiotasun zinematografiko itzela.

Bigarren geruzan, bahiketa baino lehenagoko memoriak narratzen eta antzezten dizkigu protagonistak, umezarotik hasita, harik eta abusuak jasandako adin txikikoen testigantzak jasotzen hasten den arte. Pasarte horietan, grabazioak eten, eta Nietoren gorputzak sostengatzen du kontakizunaren zama guztia, eta primeran defendatzen ditu antzerki mota eta antzezpen estilo aldaketa sotilak. Hor aitortu behar zaio ezagutzen ez genion antzerkirako trebetasun ikaragarria, zeinak antzezlea oholtzan bakarrik dagoela ahantzarazten digun.

Egia esan, ostiraleko saioan ikusle gehiago espero nituen, beste publiko mota bat. Martret zuzendari lanetan dagoelako, batetik, eta, bestetik, gutxitan eskaintzen zaizkigulako hau bezalako testigantza hurbilak, zuzenak, egiatiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.