begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Historia, zinemaren arabera

2021eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Aurrejuzgu hutsa da. Badakit. Baina fundamentuzkoa. Zimendu sendoak dituena. Aurreiritzi petrala, badakit. Baina justifikatzeko erraza. Aitortuko dizuet ahalik eta luzeen mantenduko naizela Maixabel-etik aparte. Erreparatu, arren, erabilitako deklinabide atzizkiari Maixabel-etik idatzi dut eta ez Maixabel-engandik.

Ahalik eta luzeengorde nahi dut neure burua Iciar Bollainen Maixabel pelikulatik ahalik eta urrunen. Eta ez Maixabel Lasarengandik.

Joango dira Donostiako Zinemaldiaren egunaketa bertan izandako zinema puskak estreinatuko dira gure etxe ondoko areto komertzialetan. Momentu horretan, ofizioak, lanbideak, beharrak bultzaturik, ikusiko dut Maixabel. Oraindik ez. Utz iezadazue nire libertateaz gozatzen, nire erabakitzeko eskubidea aprobetxatzen.

Zergatik egiten diodan errefus Maixabel pelikulari? Ba aspalditik ezer ez diodalako aurkitzen Iciar Bollainen zinemari, hain politikoki zuzena eta genero kontuetan hain orekatua eta egokia den horri. Ezer berririk ez dit eman, ez dit oparitu aspaldi zaharrean.

Sekula ez nau amildegiaren ertzerantz kolpatu. Zakarra deritzot bere zinemagintzari. Eta esku eta kamera artean darabilen etikak ez dit interesik pizten. Aurrejuzgua, bai horixe. Aurreiritzia, onartzen dut. Porlanezko zimenduekin, alta.

Badago beste zio bat, nerbioso, artega jartzen naute «zauriak sendatzeko»-edo egiten diren filmek. Jendea hunkituta eta malkotan uzten duten horiek. Kontatzen dutenagatik eta ez kontatzeko erabilitako moduagatik. Beldurra diot Maixabel-i. Eta promozionatzeko sortutako zaratak ematen dit min barrenetan.

Baina beste kontu batekin natorkizue, Iciar Bollainen filmaren harira. Hemengo, bertako, tokiko hainbat kritikari duda-mudatan izan dira egun luzez… Ulertu ahalko ote dute ez hemengoak, ez bertokoak, ez tokikoak ez diren horiek biktima eta biktimarioaren arteko topaketa honen testuinguru politiko eta sentimentala? Konprenitzen ahalko dituzte biktima horren eta biktimario horren bizitzak-eskolak-gizarteak-kulturak- lagun eta familia artekoak-sorterriak eraginiko jarrerak, jokabideak, hartutako erabaki zuzen-okerrak?

Badugu euskaldunok harrokeria puntu hori; inork ez ditu inoiz inon gure historia eta gure istorioak ondo eta zuzen kontatuko, gu bezalakorik ez baitago multibertsoan.

Antza, izugarriak gara. Ez besteak baino hobeak, baizik eta konplexuagoak, bide. Inork ez du bizi guk bizi izan duguna. Inork ez du oinaze bertsua jasan. Inork ez daki kontatzen bere sakonean guk pasatutakoa.

Ematen du ez dugula ez hemengoa ez bertakoa ez tokikoa ez den ikuslearengan inolako konfiantzarik. Are gutxiago zineman. Ez dugu ikasi pelikulak ez direla ez entziklopediak ez saiakerak. Pelikulak pelikulak dira, besterik gabe. Istorioak kontatzen dituzten artefaktuak. Istorioak kontatu, inkluso historia aldrebestuz. Erreparo handirik gabe. Azken finean, historia ez al da beste artefaktu bat? Harago joanda ere, hainbat eta hainbat kasutan guk bizitakoa ez al da guk geuk sortutako ameskeria hutsa?

Beste aldetik, seguru al gaude ez hangoak ez bertakoak, ez tokikoak ez garenok ezer ez dugula galtzen Kurosawaren, Glauber Rocharen, Rosselliniren, Kiarostamiren, Satyajit Rayren zinema dastatzen dugunean? Dena ulertzen al dugu Potemkin korazatua filmean kontatutakoak eragin zuen tragediaz, une eta gune hartako basakeriaz? Zer dakigu Oesteko pelikulek azaltzen duten mundu horretaz? Eta ez badugu doktorego baterako behar, axola al du?

Ez da batere ona osasunarentzat gure mixeriek parekorik ez dutela pentsatzea. Ez da batere komenigarria gu ulertuko gaituenik ez dela aldarrikatzea. Nahiko igualtsuak dira gure eta besteen istorioak.

Mundu gurea eta mundu horretaz dakiguna asmazioa da. Guk geuk, zinemagileek, margolariek, musikariek, idazleek, irabazleek, garaituek, biktimek eta biktimarioek —bai hitz pottoloa hori; errazagoak ziren garaietan, borrero, traidore, hiltzaile, gaizkile, kulpante bezalakoekin moldatzen ginen...— sortutako artifizioa (baita amarrua ere). Ez dakigu oso ondo nola funtzionatzen duen baina ibili, badabil, ba gabiltza.

Mantenduko naiz Maixabeletik urrun. Jendeak dio negar egin duela pelikulan. Nik, barkatuko didazue, Joyceren eta Hustonen The Dublinersekin nahiago dut penatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.