Albistea entzun

Literatura

Hizkuntza gudu zelai

Mendebaldearen kolonialismoak Afrikan utzitako ondorioen artetik, Europako hizkuntzak dira arrastorik sakon eta agerikoenetako bat, eta idazle afrikarrek hizkuntza gatazka horri aurre egin behar izan diote beren literatura jardunean.
Chinua Achebe idazle nigeriarraren <em>Gainbehera dator dena</em> nobela Afrikako literaturaren gailurtzat jotzen da.
Chinua Achebe idazle nigeriarraren Gainbehera dator dena nobela Afrikako literaturaren gailurtzat jotzen da. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Joannes Jauregi -

2020ko abenduak 20

Chimamanda Ngozi Adichie, Amos Tutuola, Chinua Achebe, J.M Coetzee, Wole Soyinka, Gabriel Okara, Nadine Gordimer, Ngugi wa Thiong'o, David Diop, Gael Faye, Leopold Sedar Senghor, Peter Abrahams...

Hainbat modu daude zerrenda hori interpretatzeko. Nahi bada, idazle afrikarrik ezagunenetako batzuk izan litezke, edo gehien itzuli, kritikatu eta leitu direnak. Lehenago, ordea, kanon hori baldintzatzen duen beste ezaugarri bat dute denek: Europako hizkuntzetan idatzi duten idazle afrikarrak dira denak.

Beste eremu bortxaz elebidundu (edo eleaniztu) ez gutxitan bezala, Afrikan ere auzi kultural eta politiko inportantea izan da idazleen hizkuntza hautua, eta hamaika eztabaida piztu ditu: edo Afrikako berezko hizkuntzetan idatzi (idazle horietako ugarik ama hizkuntza esaten dieten horietan), edo tokian tokiko erdara europarrera jo. Ez da auzi makala, eta beren jarrera irmo defendatzen dutenek ere justifikatu beharra sentitzen dute: «Bidezkoa ote da norberaren ama hizkuntza abandonatu eta beste inorena hartzea? Traizio izugarria dirudi, eta erruduntasuna sortzen du. Baina niretzat ez dago beste aukerarik. Hizkuntza emana izan zait, eta erabiltzeko intentzioa dut». Hizkuntza dioenean ingelesa esan nahi du Chinua Achebe idazle nigeriarrak, ez igboera, bere ama hizkuntza. Gainbehera dator dena nobela ingelesez idatzi eta euskaratua Afrikako literaturaren gailurtzat jotzen da mundu zabalean, gordintasun betean kontatzeagatik europarrek Nigeria hegoaldea kolonizatu zuteneko esperientzia. Kolonialismoan datza, izan ere, hizkuntza auziaren mamia: Afrikako idazle ugarik Europako hizkuntzak erabiltzearen alde egin dute kolonialismoaren aurkako nolabaiteko posizio politiko gisa. Achebek berak esana du «etsaiaren lerroetan infiltratzeko» erabaki zuela ingelesez idaztea, eta bere borondatez ikasia zuela: «Britainiarrek ez ninduten muturka behartu ingelesera».

Acheberen belaunaldikoen artean, Europako hizkuntzen onarpen irmoak hizkuntza ereduei eta idazmoldeei buruzko eztabaida ekarri zuen. Askok erreibindikatzen zuten beharrezkoa zela, besteak beste, hizkuntza horiek eraldatu eta egokitzea, Mendebaldeko forma eginek ez baitzieten balio Afrikako errealitateak atzitzeko. «Iruditzen zait ingeles hizkuntza gai izango dela nire afrikar esperientziaren zama garraiatzeko. Baina ingeles berri bat izan beharko du [...], eraldatua», esan zuen Achebek. Jakina denez, Afrikako hizkuntzak ahozko tradizio literario indartsu batean zurkaizten dira, eta idazle horiek, molde berrien bila, ahalik eta gehien zukutu nahi izan zuten ahozkotasun hori, esate baterako Amos Tutuolak eta Gabriel Okarak, Acheberen belaunaldikoak biak ere. Okarak esana da hau: «Sinesten dut albait gehien erabili behar direla afrikar ideiak, filosofia [...]. Hori behar bezala egiteko, nago ia literalki itzuli behar dela berezko hizkuntza afrikarretik dagokion hizkuntza europarrera».

Ordea, zergatik daude horren setaturik Afrikako hizkuntzak alboratzeko jarreran? Ngugi wa Thiong'o idazle kenyarrak galdera horixe plazaratu zuen 1986an argitaratutako saiakera ezagun eta eztabaidatu batean: Decolonising the Mind (Gogoaren deskolonizazioa). Tinko salatu zuen hainbat eta hainbat idazle afrikarren hizkuntza hautuak logika fatalista bat daukala atzean: «Zergatik hartu behar du idazle afrikarrak, edo edozein idazlek, bere ama hizkuntzarekin beste hizkuntza batzuk aberasteko obsesioa? Zergatik jo behar du bere misio partikulartzat? Sekula ez diogu galdetu geure buruari: 'Nola aberastu ditzakegu geure hizkuntzak?'». Ngugi ere ingelesez hasi zen idazten, eta halaxe izan zuen lehen arrakasta, baina 1977k aurrera erabaki zuen kikuyuz idaztea bere fikziozko lan guztiak (besterik da ez-fikziozkoekin); «kolonizazio mental» horri itzurtzeko, idazle afrikarrak Afrikako hizkuntzetan idaztera dei egin zituen, salatuz ezen ingelesa afrikartzeak, Achebek-eta aldarrikatu izan zuten moduan, ez duela balio benetako zapalkuntzaren aurkako posizio gisa. Elkarrizketa batean esana du ez direla baztertu behar intelektual afrikarrek ingelesez edo frantsesez eginiko ekarpenak, baina erabat ustela dela pentsatzea horrela Afrikako hizkuntzei mesede egiten zaienik: «Afrikak baditu bere hizkuntzak. Intelektual afrikarrei dagokie hori defendatzea, intelektualak dira-eta hizkuntzaren aurrerabidearen erantzule. Intelektual batek hizkuntza abandonatu eta beste batean idazten duenean, hizkuntza buru bat gutxiago duela uzten du». Deitoratu du kolonizazioak Afrikako hizkuntzak afrikarren kontrako arma bihurtu dituela: «Tiroak azpiratze fisikorako tresnak izan ziren; hizkuntza azpiratze espiritualerako tresna izan zen».

Iritzi horietan, Ngugi wa Thiong'ok talka egiten du Chinua Acheberekin, zeinari iruditzen baitzitzaion alferrik dela «hizkuntza baten kontra borrokatzea». Halere, ondo posible da erasotzat jotzea Achebek berak bere ama hizkuntza igboerari buruz esan zituenak. Izan ere, Achebek Euskal Herrian ezaguna den diskurtso diglosikoaren oso antzeko batekin baztertu zuen Gainbehera dator dena eleberria igboerara itzultzea; haren esanetan, igboera dialekto sorta bat da, eta igboera batu formala misiolari kristauen ekimenez sortu zen, Biblia Afrikako hizkuntzetara itzultzeko. Acheberen esanetan, igboera batu hori «nahas-mahas estrainio bat» da, «dotorezia linguistikorik, erritmo naturalik edo ahozko benetakotasunik gabea», eta inola ere ez luke onartuko bere lana «fartsa linguistiko» horretara itzultzea. Hortaz, paradoxikoki, Afrikako literaturako lanik zabaldu eta seguru asko arrakastatsuena ezin leitu daiteke hizpide duen kulturaren hizkuntzan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Iñaki Uriarte arkitektoa. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

HANDITZEA TXIKIZIOA DELAKOAN

Iñigo Astiz

EAEko Ingurumen eta Hirigintza fiskalak tramiterako onartu du Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko proiektua geldiarazteko eskaria. Iñaki Uriarte arkitektoa buru, herri mugimendu batek salatu du ustezko irregulartasun eta lege hauste «multzo bat» egon dela Norman Fosterren proposamenean eta hura onartzeko prozesuan.
Aldoux Huxley, 1930ean. ©DOROTHY WILDING / LONDRESKO NATIONAL PORTRAIT GALLERY

Hilketa politikoa: teorian eta praktikan

Gorka Arrese

Aldous Huxleyren 'Bai mundu berria' euskaraz argitaratu zela 50 urte dira. Beste bat da, ordea, idazle ingelesaren nobelarik konplexuena eta anbizio handikoena: 'Point Counter Point', intriga paraleloekin eta argumentuen kontrapuntuaz.

Gerlaren gizalegea

Irati Majuelo

Idazlea: Slavenka Drakulic. Itzultzailea: Amaia Apalauza. Argitaletxea: Txalaparta.

Ezohiko atsegina

Imanol Mercero

Idazlea eta ilustratzailea: Adrien Albert. Itzultzailea: Bego Montorio. Argitaletxea: Astiberri.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.