Hong Kong. Gobernuaren aurkako protestak

Iraultzaren ahotsak

Hongkongdar asko, gazteak gehienbat, kezkatuta daude lurralde autonomoa Txinan integratzeko aukerarekin. Batzuk independentistak dira, eta ez dute indarkeria baztertzen. Herritar askok, berriz, hiriaren berezitasunari eutsi nahi diote.

Poliziak begietara espraia jaurti dion kazetari bat, manifestari baten laguntza jasotzen. ZIGOR ALDAMA.
Zigor Aldama.
Hong Kong
2019ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Iragan uztailaren 21ean, Calvin So-k, igandero legez, gaueko hamarrak baino lehentxeago eskegi zuen bere amantala. 23 urteko gazteak sukaldari jaka kendu zuen, eta laneko galtzak eta elastiko gris bat soinean, lan egiten duen merkataritza gunetik atera zen. Lanetik etxera bueltan zihoan, Hong Kongeko Yuen Long auzora. Bidean, jendetza aurkitu zuen kalean, haserre. «Ehun bat gizon zeuden, alkandora zuriak soinean eta banbuzko makilak eskuetan. Hitzik egin gabe, 20-30 oldartu egin zitzaizkidan eta ni jipoitzen hasi ziren», gogoratu du, jipoia jaso zuen lekuan bertan.

Erasotzaileen talde handi hori demokraziaren aldeko manifestarien zain zegoen. Manifestariek istiluak sortu zituzten kolonia britainiar ohiaren erdigunean, eta, gero, sare sozialen bidez antolatu ziren Yuen Longera joateko. Txinaren aldeko herritarrak bizi dira bertan batez ere. Ez dute babesten estradizio legearen kontra sortu den mugimendua.

Erasotzaileek uste zuten Calvin So demokraziaren aldeko manifestari bat zela, elastiko iluna zuelako soinean. Sekulako jipoia eman zioten. Hiru egun pasatu zituen ospitalean, eta oraindik ubelduak dauzka bizkarrean eta mina hanka batean. Calvin Sorekin izandako istilua izan zen Hong Kongeko ehun protesta egunetako —ekainaren 9ko manifestazio baketsutik— gertaerarik bortitzena piztu zuen txinparta.

Gorrotoa gobernuari

«Hasieran telebistaz eta Internetez ikusten nituen protestak. Ordura arte bi milioi lagun elkartu zituen ekainaren 16ko manifestazio baketsuan parte hartu nuen soilik», dio Calvin Sok. «Baina jipoia jaso eta gero, askoz ere gehiago inplikatu naiz. Ikusi dut protesta baketsuek ez dutela balio ezertarako. Eta zerbait egin beharra daukagu Txinak Hong Kong ez suntsitzeko».

Calvin So, beste hainbat herritarren moduan, kezkatuta dago Hong Kong Txinan integratuko delako. Hiria Txinari eman zion Erresuma Batuak 1997an, herrialde bat, bi sistema ereduaren pean. 2047a du guztiz integratzeko epea, baina batzuek Txinaren esku sartze gehiegi ikusten dituzte.

Kenny Tai-k eta Kibby Leung-ek 25 eta 22 urte dituzte, hurrenez hurren. Bikotea dira, eta elkarrekin joaten dira manifestazioetara. Lehen lerroa saihesten dute, eta moderatutzat dute beren burua. «Gogoan dut», dio Kenny Taik, «2008an, Pekingo Olinpiar Jokoak egin zirenean, harro nengoela txinatarra izateaz. Ospatu egiten nituen dominak eta herriaren lorpenak. Baina Aterkien Mugimenduak [2014ko protestak] kontzientzia politikoa eman zidan. Pixkana-pixkana Txina beste modu batera ikusten hasi nintzen, eta orain gobernua gorrotatzen dut».

Bat dator Kibby Leung. 1997an jaio zen, Hong Kong Txinari bueltatu eta gutxira. Uste du belaunaldien arteko amildegia dagoela, eta berak aurre egiten die gurasoei.«Gurasoek babestu egiten dituzte estradizio legearen proposamena eta Poliziak manifestariak atxilotzeko bortizkeria erabiltzea; ez dakite manifestarietako bat naizela», azaldu du, irribarre herabe bat ahoan.

«Daukatena galtzeko beldur dira edadetuak. Askok gogoan dute Tiananmen, eta uste dute Txinak orduan bezala erantzun dezakeela; baina gu etorkizunak kezkatzen gaitu, haiek hilda daudenean gerta daitekeenak», gehitu du Kenny Taik. «Ez dugu bizi nahi Txinaren mende».

Woody Tamek 24 urte ditu, eta Txinan jaio zen, baina bat egiten du Kenny Tairekin eta Kibby Leungekin. «Orain beldur naiz Hong Kongek utzi egingo diola nik ezagutu dudan Hong Kong izateari. Beldur naiz ez dugula izango adierazpen askatasunik, Txinan gertatzen den moduan, eta gure nortasuna urtu egingo dela, Tibeten eta Xinjiangen gertatzen den moduan».

Hala ere, Tamek onartu du gatazka ez dela politikoa soilik. Ekonomikoa ere bada. «Sistema bidegabe baten kontrako borroka da: gutxi batzuek pilatzen dituzte aberastasun eta baliabide guztiak. Lanerako gero eta aukera gutxiago daude guretzat, eta Txinak presio bikoitza egiten du alor horretan: alde batetik, aberatsek erosi eta ondasunak pilatzen dituzte; horrek etxebizitzak izugarri garestitzen ditu, gehienontzat ezinezko bihurtzeraino; bestetik, egunero 150 txinatar etortzen dira Hong Kongera, bertan geratzeko, presio demografikoa handituz eta hiriaren baliabideak agortuz. Burujabetza lortu behar dugu horrelako gaiei buruz erabaki ahal izateko».

«Martiriren bat»

Alex Law ere Hong Kongen independentziaren alde dago. 28 urte ditu, kristaua da, eta boluntario gisa lan egiten du istiluetan zauritutako borroka kideei lehen arreta eskaintzeko. Manifestazioetara joaten da. Poliziaren piper gasak, negar gasak eta gomazko balek zaurituak artatzen ditu. «Hong Kong Txinari bueltatu ziotenetik izugarri handitu da Txinarekiko mendekotasuna. Orain ekonomia gehiegi oinarritzen da turismoan, eta migratzaile txinatar gehiegi daude. Horrez gain, sistema politikoa oraindik ere ustela da, eta herriak ez du aukerarik bere buruzagia aukeratzeko».

Gogor kritikatu du Polizia. Bortizkeria gehiegi baliatzea leporatzen dio: «Hasieran, poliziek hainbat ohartarazpen egin eta gero bakarrik [koloretako banderak erakusten dizkiete manifestariei] erabiltzen zuten; baina orain gomazko balak erabiltzen dituzte aldez aurretik jakinarazi gabe, eta raptor-ek [Poliziaren eliteko taldea] edozein jotzen dute, polizien identifikazio faltak zigorgabetasuna eskaintzen dielako».

Lawk uste du polizia txinatarrak Hong Kongeko herritarren artean sartuta daudela. «Estilo propioa dute, bertako poliziek erabiltzen duten SASen eskuorriarekiko ezberdina. Beste jarrera batzuk dituzte, eta kantondarra beste doinu batekin hitz egiten dute. Guztiek hil beharko lukete, baita haien senideek ere», oihukatu du. Haren diskurtsoa gero eta erradikalagoa da: «Uste dut beharrezkoa dela martiriren bat izatea, norbait hiltzea, mugimendua beste aro batera pasatzeko».

Zorionez, ikuspegi tragiko hori ez da nagusi. Herritar talde handiago eta isilago batek tarteko bideak nahi ditu, Hong Kongen idiosinkrasia Txinan txertatzeko. «Nik uste dut Pekinek nahikoa konfiantza baldin badauka 2047an eutsi egingo diola 'herrialde bat, bi sistema' ereduari», Jeremy Ng enpresariaren iritziz. «Ez dut uste behartu egingo gaituztenik egun batetik bestera kapitalismoa uztera eta sozialismoa hartzera. Ez zaio interesatzen gobernuari». Txina asaldatzeak hiriaren gainbehera ekonomikoa indartzeko arriskuaz ohartarazi du. «Ederra iraultza pobretu egingo bagaitu!».

Junios Ho Txinaren aldeko diputatua da. Manifestariek gehien gorrotatzen dutenetakoa. Haren esanetan, erreboltek finantza guneko ekonomiari kalte egitea lortuko dute soilik. «Haren indarraShenzhenena [ondoko hiriarena] baino apalagoa da jada». Hok Txinak Hong Kongeko badiarako dituen planak gogoratu ditu: «Hong Kong oso azkar haziko diren hirien talde batean sartuko du. Hor ez badago, etorkizunari bizkarra emango dio».

Polizia, «eusten» soilik

Diputatu polemikoa da Ho. Yuen Longeko gertakarietan Txinaren aldeko mafien alde egotea leporatu diote. Hok uste du Txinako Gobernua onbera izan dela manifestari bortitzenekin. «Terrorista» deitzen die. «Poliziak eutsi egin du, hori izan da istiluen kudeaketaren ezaugarri nagusia. Horren erakusgarri da atzera egin zutela parlamentuari eraso ziotenean, sarraski bat gertatzeko beldurrez. Beste herrialde batzuetan errotik mozten saiatuko lirateke. Uste dut erantzuna indartsuagoa izan balitz protestak betikotu egingo ziratekeela».

Ez dauka hain garbi Kent Lau-k. Uste du zenbaitetan Polizia urrunegi joan dela. Badaki zertaz ari den, polizia baita. Hitz egitera ausartu da, zalantza asko izan eta gero, eta izen faltsu bat erabiliz. Billie Wong emaztea du ondoan. Manifestarien bost eskaeren aldekoa.

«Ez nago amnistiaren alde, zuzenbide estatuan eta legea errespetatu beharrean sinesten baitut», argitu du Lauk. «Baina ez zait zuzena iruditzen gobernuak Polizia baliatzea parlamentuan konpondu beharreko arazo politiko bat konpontzeko». Poliziak kritika asko jaso ditu. «Lehen errespetatzen eta maitatzen gintuzten. Orain inoiz ez dut esaten polizia naizenik, zinpeko zaindaria baizik. Gure seme-alabek mehatxuak jasotzen dituzte eskolan [eskuorri bat argitaratu dute bullying mota hori saihesteko], lagunek Whatsapp taldeetatik kentzen gaituzte, eta lur jota gaude. Beldurra dut agian bortizkeriak gainezka egingo duela eta egoera kontrolaezina bihurtuko dela».

Wongek, isilik, bat egiten du. Egoerak beren bikote harremanean eragina duela dio, eta etengabe eztabaidatzen dutela etxean. Lauk oso garbi dauka 2047an Hong Kong Txinako hiri bat gehiago izango dela. Hala ere, uste du manifestazioen eraginez jendeak ez duela etsia hartu halako etorkizun baten aurrean. Tentsioak, ordea, luzaroan jarraituko du Hong Kongen, elkarrizketatu guztien arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.