Albistea entzun

Euskal Hirigune Elkargoa. Talde politikoen sorrera

Peio Etxeleku, herri txikien bozeramaile

Bere inguruan hautetsi talde bat biltzen ari da Peio Etxeleku Errobi lurralde eremuko erreferente eta IBBko burua, talde politikoa sortzeko. Herri txikietako ordezkariak lirateke nagusiki.
BOB EDME / IPARLA Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2022ko azaroak 13

Ezin baztertuzko pertsonaia politikoa bilakatu da Peio Etxeleku Euskal Hirigune Elkargoan. Ipar Euskal Herriko enpresa munduan ezaguna da, eta plaza politikora salto egin du azken urteetan. 2014tik Kanboko (Lapurdi) herriko etxeko hautetsi bada ere, 2020ko bozen ondotik agertu da gehien: Errobi lurralde eremuko erreferente izendatu zuten elkargoan, eta EAJko Ipar Buru Batzarreko presidente hautatu zuten 2020ko abenduan. Bi kasketa horiek jantzita ari da. Baina beste bat ere badu, elkargoko batzarretan behin baino gehiagotan egin dituen adierazpenekin jantzi duena: Etxegarairen kudeaketarekin eta elkargoaren funtzionamendu orokorrarekin ados ez direnen ordezkarietako bat bilakatu da.

Ikusi gehiago: TALDE POLITIKOEN ALDAGAIA

Bi kritika nagusi egin izan ditu Etxelekuk orain arte: elkargoaren funtzionamenduan Baionak eta bere hiriguneak hartzen duten «zentralismoa», eta fiskalitate arloan hartu izan diren erabakiak. «Euskal Hirigune Elkargoan jakobinismoa erreproduzitu dugu», adierazi zuen, besteak beste, 2021eko urtarrilean BERRIAk egin zion elkarrizketan. Aurtengo martxoan, Etxelekuk dokumentu bat bidali zien hautetsiei, orain arte egin diren inbertsioetan lurraldeen artean izan diren desorekak agerian eman nahian. «Gardentasun falta» salatu zuen. Azterketaren «akatsak» eta bere anbizio politikoa nabarmenduta erantzun zioten elkargoko arduradunek.

Etxeleku Etxegarairen lekua hartu nahian? Goizegi da halako aurreikuspenetan sartzeko. Baina, BERRIAk baieztatu ahal izan duenez, bere inguruan hautetsi talde bat biltzen ari da Errobi lurralde eremuko erreferentea, talde politiko bat sortzeko borondatearekin. Mediabask-en arabera, Elgarrekin herriarentzat - Amassas en tau pais izeneko testu bat osatu du, eta 47 hautetsi bildu ditu jadaneko horren inguruan. Etxeleku bera EAJkoa izanik ere, etiketa politikorik gabeko taldea litzateke BERRIAri hainbat iturrik baieztatu diotenez.

Haserren baten bozgorailu

Ipar Euskal Herri barnealdeko herri txikiek duten sentimendu bat da Euskal Hirigune Elkargoan badela lurraldeen arteko desoreka. Haserre horren bozgorailu izan da Etxeleku azken hilabeteetan, eta badirudi bozeramaile izan nahi duela orain. Ikusteko dago nor biltzera iritsiko den, baina mahai gainean dago gaia. Talde politikoei buruz mintzatzeko deituta, BERRIAren galderei erantzuteari uko egin diote Nafarroa Behereko bi herri txikitako auzapezek, oraindik «goizegi» dela adierazita. «Beharbada hori da entzunak izateko dugun modu bakarra. Ez dut gauza handirik gehitzeko», ihardetsi du horietako batek. Etxelekurekin joanen denez galdetuta, ez du ezezkorik eman bigarrenak, «laster» mintzatuko direla iradokita.

Ximun Akozeberri Larraineko (Zuberoa) hautetsiak talde politiko bateko kide izateko proposamena jaso duela baieztatu du, proposamen hori norengandik jin zaion zehaztu gabe. «Ari naiz pentsamenduetan», esplikatu du. «Nik argiki erran dut edozein taldetan sartzekotan ene libertatea nahi nuela. Sartzen banaiz, hori argi izanen dut». Gaur-gaurkoz, ez du «klarki ikusten» talde politikoen sorrerak ekar lezakeena. «Ez da aise erratea, elkargoa berria da; nihaur hautetsi berria naiz. Zerbait kanbiamendu ekarriko du; zer, ikusiko».

Lurraldeen artean diren desorekak nabarmendu izan ditu Akozeberrik behin baino gehiagotan, baina elkarren arteko ezagutza eskasean ezarri du azpimarra: «Uste dut elkargoan diren gehienek ez dakitela Larraine non den ere». Haren ustez, ez dira barnealdea eta kostaldea oposizioan ezarri behar: «Behar dugu elkar konprenitu». Haatik, argi du lurraldearen eremu batean edo bestean ez direla, halabeharrez, lehentasun berak. «Larrainen gure eskolaren alde ari gara; egunero pentsatzen ari gara gure eskola nola atxikiko dugun herrian. Miarritzeko auzapezak ez du egunero arrangura hori. Kontu ematen duenez ere ez zait iruditzen».

Elkargoak hartu izan dituen posizioetan ere ikusten du hori: «Euskal presoen aldeko mozioak onartu izan ditu elkargoak, eta ni horren alde naiz. Baina galdegiten dugularik mendiguneetan diren eskolak atxikitzea, edo laborarien eta hartzaren arteko kohabitazioaz posizioak hartzea, elkargoak ez du nahi». Beste arloetan ere balirateke «gauza anitz» egiteko, haren iduriko: «baina badakit zer erantzunen didaten: dena ez dela posible». Argi utzi du berak zer duen lehentasun: «Herri txikiak arra-entzunak izan daitezen».

«Gehiengo berriak»

Elkargoaren proiektuarekin «bat egiten» badu ere, sorreratik ahots kritiko bat izan duenetarik da Mathieu Berge Baionako hautetsia. Euskal Hirigune Elkargoaren esku hartzea oinarrizko eskumenetara mugatu beharko litzatekeela erran du behin baino gehiagotan: «Ez dugu finantzabide eta inbertsio gaitasunik», adierazi dio BERRIAri, «alta, baditugu alimaleko erronkak erantzuteko». Etxebizitza, ekonomia, uraren garbitzea eta energia jarri ditu, besteak beste, lehentasunetan. «Eta gure lurraldearen berezitasunak. Bada garaia hizkuntza politika arloan Euskal Elkargoak abiadura alda dezan. Orain arte egin duen urrats bakarra Euskararen Erakunde Publikoari ematen dion diru emaitzan beste erakundeen mailan jartzea izan da».

Ontzat eman du talde politikoen sorrera, argitze batzuk ekar ditzakeelakoan. «Akordio sekretuetatik lurraldearen ikuspegi batera» pasatzeko bidea ikusten du. «Badira naturalak ez diren aliantzak, elkargoaren sorreratik hartu diren erabakiak». Honela laburbildu du: «Gobernuan badira kostaldeko Frantziako eskuina eta ezkerreko abertzaleak. Elkargoak ezkerreko abertzaleen aldarrikapen identitario legitimoak babestu ditu. Eskuinak hori onartu du, inbertsioak kostaldean egitearen truke».

Talde politikoen sorrerak funtzionamendua aldatu, eta, ororen buru «gehiengo berriak» agerrarazi ditzakeela uste du. Baina bera horietako baten gidari izanen denik ukatu du. Generations alderdiko kide izan da orain dela gutxi arte Berge; Alain Rousset Akitania Berriko PSko presidentearekin bat egiteko utzi zuen. «Ez nago oposizio erradikal baten logikan; bateratze logika batean goberna dezakeen ezkerraren parte naiz».

Etxelekurengandik hurbilduko ote litzatekeen galdetuta, «egiten dituen analisi batzuetan» bat egiten duela onartu du. «Gertatzen dena begiratuko dut behintzat; behatzaile naiz eragile baino gehiago». Atea osoki itxi gabe, bere mugak adierazi ditu: «Izanen duen osaketa kontrolatzen ez dudan talde bateko kide izatea ez da gaurkotasunean».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Alonsotegiko udaletxea, artxiboko irudi batean. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Alonsotegiko alkate ohiarentzat zazpi urteko espetxe zigorra eskatu dute

Iosu Alberdi

Prebarikazioa egitea, dokumentuak faltsutzea eta dirua bidegabe erabiltzea egozten die fiskaltzak Aitor Santiestebani eta beste bost laguni
Espeleologoak Lezetxikiko sistema karstikoaren barruan aurkitutako tunelaren alboan. ©LEZETXIKIREN LAGUNAK

Adifek eta Gipuzkoako Aldundiak txostenak egin zituzten galeria kaltetuaren inguruan

Xabier Martin

Espainiako Garraio ministro Raquel Sanchezek ziurtatu du Lezetxikiko aztarnategiak ez duela «inolako katerik» izan AHTaren tunela dela eta.

Inma Jurio PSNko parlamentaria, atzo, Nafarroako Parlamentuan. ©IÑIGO URIZ / FOKU

PSNk ontzat eman du Nafarroako torturen eta tratu txarren txostena

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Navarra Sumak esan du Poliziari «oso eskertuta» dagoela: «Baina torturatu duena ez da gutarra». PSE-EEk ez zuen PSNren iritzi bera izan duela sei urte; «gatazka baten teoria elikatzen» zuela iritzita arbuiatu zuen txostena.

Torturari buruz «oraindik asko» dagoela ikertzeko nabarmendu dute

Laura Pego eta Jeanette Ruiz Kriminologiaren Euskal Institutuko kideak, iaz landutako txostena eskuetan, Nafarroako Parlamentuan. Atzo eman zuten haren edukiaren berri. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Torturari buruz «oraindik asko» dagoela ikertzeko nabarmendu dute Nafarroako Parlamentuan

Joxerra Senar

Kriminologiaren Euskal Institutuak bere txostena aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan. Laura Pego ikerlariaren arabera, kasu kopurua «garrantzitsua» da, eta azterlana «amaitu gabe» dago oraindik

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...