Albistea entzun

ANALISIA

Mikropolitiken botere biguna

Edu Apodaka - EHUko irakaslea

2022ko azaroak 18

Euskaraldia sinboloz beteriko ekitaldia da. Sintomatikoa ere bai. Ahoak eta belarriak, bereizirik eta bakarturik, gorputzik gabe irudikaturik, gabezia eta osatu beharra iradokitzen didate. Horretarako omen dira, euskara osa dezagun akuilu. Gorputz bat nola egin asmatu nahian dabiltzan bi organo horiek euskaldun askoren egoera eta izaeraren sinbolo iruditzen zaizkit. Gure aho biziaren ordainean, belarri prest eta presturik gabe, mutur oker eta marmar zatarra aurkitzen ditugun euskaldunon egoera, gure belarri prestetara aho bizien musurik jaso beharrean euskaldun norekin aritu eta norekin izan nekez aurkitzen dugunon sinboloa. Denona, ote?

Hitza aho-belarri katean egiten den bezala, aho-belarriek gorputz soziala behar dute. Esateak eta aditzeak, biek, sortzen dute hitza, nola? Nola gorputzik gabe? Berriketan zenbait datu soziolinguistiko jaso ditugu. Zalantza handiak ditut erabili diren kategoriekin eta metodologiekin, baina, hala ere, uste dut joera soziolinguistiko nagusien isla zuzena eman digutela. Berria ez izanagatik ere, bistan dugu euskara gorputz sozial trinkoa galtzen ari dela. Badira, oraindik ere, euskarak betetzen dituen kaleak, plazak, lantegiak… Holakoetan aho-belarriak ez dabiltza bakarka, gorputz soziala dute oraindino. Baina joera soziologikoek erakusten digute gero eta arruntagoak izango direla aho-belarri urratuak eta banakatuak. Eta gero eta nahasiagoak, azalekoagoak eta prekarioagoak, izango direla noiz edo noiz gertatuko diren euskararen gorpuzteak.

Bizilegeak hartara jo du, nonbait. Ez da harritzekoa euskaraz bizi nahi dutenen azken ekimen militantea pantailen auzia izatea, ezta makinen mintzaeraz hazten ari den ardura arineketan hedatzea ere. Biak dira gorputz sozial zatikatu eta saretu baten erakusle. Esango nuke euskararen gaurko egoerak etorkizun sozial orokorra iragartzen digula. Aurreratuta dugu ordulari soziologikoa. Eta aurreratuta ditugu etorkizun horri aurre egiteko nahiak eta ekimenak.

Euskaraldia, beharbada, bizitza komunaren erreakzio eta proakzio askoren prefigurazioa da. Ekimen eredu horien ahuldadearena ere bai. Mugak, uste dut, denok ikusten ditugu: norberaren jarrera eta fair play linguistikoan oinarritzea, berariazko akordio-keinuak behar izatea, esperimentu iragankorrak edo ariketa mugatua eta behartua izatea eta abar. Ahalmenak ere begi-bistakoak: herri-eragintzaren adierazpena izatea, berrikuntza soziala esperimentatzea, harreman berriak sortzea, euskara erdal gune askotan agerraraztea...

Euskaraldiari esker, gozatu eta gihartu ahal dugu euskararen jendartekotasuna, ez da gutxi. Euskal aho-belarriek, hala ere, txapetako ikurren, aurrez prestatutako erosotasunen edota adeitasun keinu eta zeinuen bitartekaritzaz gain, beste bitartekari eta topagune asko behar dituzte: pantailak, leihatila ofizialak, euskalduntzearen doakotasun osoa, lege berriak edota aurrekontu duinak, adibidez. Agian, ondo asmatuz gero, Euskaraldiaren mikropolitiken botere bigunak eragingo ditu behar ditugun makropolitiken euskaraldiak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Lezetxikiren Lagunak taldekoek ateratako argazki batzuk, Lezetxikoko galeria suntsituan. ©LEZETXIKIREN LAGUNAK

AHTaren tunel batek Lezetxikin kalteak egin dituela salatu dute

Xabier Martin

Aztarnategi baliotsuaren gertuko galeria bat suntsitu du tunelak, espeleologo batzuek dokumentatu dutenez. Euskal Herriko giza aztarnarik zaharrenak topatu dituzten lekua da Arrasateko koba
Osasun langile bat, atzo, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioaren kanpoaldean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Osasunbideko gehiengo sindikalak grebara joko du, Sindikatu Medikotik bereiz

Ion Orzaiz

LAB, SAE, UGT, ELA, Afapna eta CCOOk hilaren 15erako egin dute deialdia. «Osasun publikoaren kalitatea eta lan baldintzak» hobetzea daukate xedetzat. Negoziazioa gobernuaren eta Sindikatu Medikoaren artean egin izana salatu dute
Bidaiari batzuk, Donostiako autobus geltokian. ©GOTZON ARANBURU / FOKU

Ibilbide luzeko autobusak doakoak dira jada ohiko bidaiarientzat Hegoaldean

Jone Arruabarrena

Berme bat ordaindu beharko da, eta gutxieneko bidaia kopuru bat egin
Euskal Herriko mugimendu feministaren agerraldia, atzo, Gasteizen. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Zaintza sistema «eraldatzeko» mobilizatuko da mugimendu feminista

Edurne Begiristain

Lehen mugarria Martxoaren 8an ezarriko du Euskal Herriko mugimendu feministak. Zaintza «erantzukizun soziala» bilakatzea izango du helburu borroka dinamikak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...