«Erreparazioa da BERRIArekin ituna egitea»

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
Gasteiz
2018ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Herri ekimeneko euskarazko hedabideen arloan aldaketak egingo dituzte Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek: bateratu egingo dute laguntzen sistema. BERRIArekin itun bat egingo du Eusko Jaurlaritzak.

Euskarazko hedabideen laguntzetan aldaketa handiak izango dira. Biratze gisa ikusi behar da?

Hasieratik izan dute diru laguntzaren bat, eta aldian-aldian aldatu egin dira irizpideak. Ikusi dugu egoera berri honetan beste era batera planteatu behar genuela gaia. Bi oinarri jarri ditugu. Bat: aukera dago euskarazko hedabideen laguntzak modu ordenatuan kudeatzeko, eta leihatila bakarra egotea proposatu dugu. Bi: harreman bat egon da hedabideekin. Euskarazko eduki interesgarriak behar ditugu euskarri guztietan, eta sortu behar dituzten enpresak ez dira gai bakarrik mantentzeko; produktu erakargarriak nahi baditugu, baldintzak sortu behar ditugu lantaldeetan eta enpresetan.

BERRIAren kasuan, hitzarmen baten bidez bermatuko duzue hori.

Erabaki horrek badu zerikusia besteekin hartutakoarekin: nahi dugu euskarazko egunkaria ahalik eta erakargarriena izatea; horretarako, beharrezko ikusten dugu gutxieneko baldintzak sortzea. BERRIAk baditu bereizgarri batzuk: egunkaria da, eta euskararen herrialde guztietan kaleratzen da.

Eta badago beste arrazoi bat, orain arte jendaurrean erabili ez dudana, hemen esan nahi dudana: erreparazioa. Herri honetan, euskal terrorismoak askatasunaren eta euskararen izenean indarkeria erabili du. Estatuak, une jakin batean, indarkeriari aurre egiteko, eraso egin zion euskaraz kaleratzen zen egunkariari. Denborak eta justiziak ondorioztatu zuten gaizki erabili zutela indarra, motiborik gabe eta legez kontra itxi zutela, eta torturatu egin zituztela pertsona batzuk. Gizarte honek erreparazio moduko bat zor die Egunkaria-ri eta haren ondorengoari, BERRIAri. Erreparazio politikoaren barruan sartzen dut. Bizikidetza bultzatu nahi dugu: injustua izan zen Egunkaria-ri egin zitzaiona, hango pertsonei eman zitzaien tratua; ez zuen gertatu behar. Hori ere badago BERRIArekin hitzarmena egiteko bide horretan.

BERRIAk hartuko duen laguntza ez da Jaurlaritzaren dirua, EAJren eta PSEren dirua: diru publikoa da, herri osoarena. Herri hori plurala da, eta gizarte plural horrek egingo du hitzarmena BERRIArekin. Nahi kolektibo bat izan liteke BERRIAk bide ikur gisa izatea gizarteko aniztasuna aintzat hartzea.

Aurrekonturik ez badago, zertan geratuko dira asmo horiek?

Ez dut egoera horretan jarri nahi. Pauso hau emateko, behar-beharrezkoak ditugu aurrekontuak. Denoi dagokigu aurrera ateratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.