garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Langabezian

2016ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Aspaldi ikusi ez dudan erkide grazioso batek sarritan azaldu ohi zuenez, «etapak erretzea» omen da bizitza, aro bakoitzak eman lezakeenetik ahal den guztia hartzea, eta hura bukatuta, hurrengo aroari etorri bezala heltzea. Ataka horrexetan nago ni orain. Zirkunstantziek gaur arteko langintza atzean uztera eraman ninduten duela pare bat hilabete, eta ondotik iritsi beharko lukeen etapari ekiteko, lehenengo eta behin, langabetuen zerrendan eman behar izan dut izena.

Egoera horretatik pasatu behar izan duenak badaki pazientzia kiloka eta umorea tonaka behar izaten direla ezarrita dauden protokolo bihurretan ez galtzeko, administrazio bulegoetarako joan-etorriak minimoetara murrizteko eta funtzionarioen paper gose aseezina kitatzeko; bereziki, tartean langabezia saria jasotzeko eskubidea ere badagoenean, eta zer esanik ez, neu bezala, «mugez gaindikoa» zarenean: «ekarri azken hamar hilabeteetako soldaten agiria» bateko, «gizarte segurantzan eman beharko lizuketen papera ahantzi zaizu» besteko, «ui, baina atzerrian bizi zaretenek ondoko leihatilatik pasatu behar duzue» hurrena, eta ondoko leihatilara mozolo-mozolo begira jarri, eta hark, errukitu beharrean, «a, baina lehendabizi hitzordua eskatu behar zenuke», eta «horretan ari naiz ba», neronek arrapostu, logika nire alde banu bezala, baina logikak batere agintzen ez burokraziaren erresuman, eta «telefonoz egin behar da, ordea», leihatilaren bestaldekoak, hortz-oreen iragarkietako irribarrea ala lehertu behar duen eltzearen bekozkoa jarri behar ote duten ez dakiela, eta atzean daukan lankideak, «aurrez aurre ezin liteke, sarrerako afixan garbi asko azalduta dago, ez al duzu ikusi?». Eta zenbatgarren itzulia egin duzun ere dagoeneko gogoan ez duzunean, sartu zara berriro, bildutako agiri mordoa besapean eta azken bisita izango delakoan, eta baita zera ere, «hau dena alferrik», esan dizu aurpegi berri batek «U1 dokumentuaren eskaera formala egin behar duzu, dagokizun langabezia saria Frantzian eman diezazuten», arranopola itoko al zarete denak, zeure kolkorako... Egun batean, ez jakin nola, zirrikitu bat zabaldu zaizu, zure onetik ateratzeko zorian zinenean hain zuzen, eta halaxe iritsi zaizu dokumentu malapartatua, zerutik eroria bezala, postariak ekarri dizun arren, eta ezin sinetsi duzu: bi estatuen linbotik ateratzeko lehen pausoa eman duzu.

Falta den bidea ordura artekoa baino samurragoa izango delakoan, matrailetako tenka laxatuta heldu zara hurrengo hitzordura, Pôle Emploi delakoan, Donibane Lohizunen. Zure hurrengo etaparako asmoa agertu nahi zenuke, hartu zaituen funtzionarioak ez ditu, baina, ordenagailuan atera zaion fitxa betetzeko hitzak besterik nahi, eta eskean hasi zaizu, eta zu ernegatzen, Irungoak adina joan-etorri eginaraziko dizun beldurrez. «Osa dezagun zure curriculuma», bota dizu, webguneko zure espazioan falta denari erreparatu ondoren. Sagua eskura utzita, «zure lanean baliagarri izango zaizkizun hizkuntzak hauta itzazu», agindu dizu. Frantsesa, gaztelania, ingelesa, portugesa eta beste agertu zaizkizu gezian gora eta behera eginez, «Euskara falta da, ordea» atera zaizu mozolo-mozolo, eta gaizki ikusten ari zarela pentsatu duzu, betaurrekoak etxean ahantzi dituzunez. «Emakumea, lana eskatzeko eta eskaintzeko tokia da hau» esplikatu dizu funtzionarioak, inongo zinismorik gabe. Harridura ezkutatu eta euskara zure lan-tresna dela azaldu diozu albait lasaien, horren gainean eraikia duzula bizitza, ofizioa eta afizioa. Eskua kokospean jarri eta pentsatzeko bi segundo hartu eta gero, burura etorri zaion erantzun egiatiena bota dizu: «Beharbada Espainian saiatu beharko zenuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.