Xabier Mendiguren Elizegi.
ARKUPEAN

Aita

2018ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Gaur, apirilak lau, laurogeita bi urte betetzen ditu nire aitak. Artikuluak idazten daramadan urte mordoan ez dut uste inoiz kontu pertsonalik aipatu dudanik, eta seguru asko etxean ikasitako ohitura izango da hori: apal jokatu, diskrezioz aritu, isilik lan egin. Baina gaur, gurasoen lezioa ahaztu eta salbuespena egingo dut, aitari omenaldi xume bat egiteko.

Apal, langile, diskretu esan dut, eta orokortasunean nabilela iruditzen zait. Garai eta giro jakin bateko euskaldun askoren erretratua sartzen da hitz horietan. Gerraren atarian jaio zen, berriki eraitsi duten etxe batean, baserritar maizterren familia batean. Gose kontuak aditu izan dizkiot beti haurtzaroa gogora dakarrenean: gaztaina eta taloa ia beste jatekorik ez negu osoan; txisteak, Pernando Amezketarrarenak-eta, jatearekin lotutakoak; pozik handienak ere, otordu eder batean, «earki berdinduta». Eskola askorik jasotzeko aukerarik ez zuen izan, nahiz buru ona eduki; kexu da beti eliz kontuak besterik ez ziotela irakatsi, dotrina buruz ikasitakoen txapelketa batean parte hartzeraino; hortik aurrera, irakurketa xumeak izan ziren bereak: western generoko eleberriak, egunkarietako kirol-orrialdeak... Baina beti hauspotu ninduen ikasteko, beti harrotu izan zen nik idazteaz eta irakurtzeaz, nahiz harrotasun hori agerian erakutsi ez.

Lana izan da bere bizitzaren ardatza, mutikotan hasita bizitza ia osoa tailerretan; buzo urdina jantzita gogoratzen dut, goizeko zazpietarako lantegira, eta etxera itzultzean eskuak makinen olio beltzez zikindurik, harraskan Vim detergentearekin garbitzeko, bazkaldu aurretik; berrogeita hamazazpi urte zituela kalean geratu zen, ordea, lantokia ezustean itxita, ez aurrejubilaziorik ez kalteordainik ez ezer, erretiroa kobratzeko adinera iristeko urte batzuk falta zitzaizkiola, eta gelditu zaion pentsio koxkorrarekin bizi izan da geroztik, apaltasun derrigorrezkoan.

Eguneroko kontuei buruzkoak izan dira beti gure solasak, ez hizketaldi sakon, ez filosofiarik. Baina gogoan daukat behin, ez dakit nola, aitorpen moduko bat egin zidala: «Mundu honetan bizitzeko, gizonak konformidadea behar dik». Ez nion ezer esan baina barrutik haserretu egin nintzen, konformismoa goraipatzen ari zelakoan; hala ere, urteeekin ohartu nintzen hitz horietan ez zegoela egoera injustuak ontzat emate akritiko bat, baizik eta estoizismo moduko bat, bizitzaren aurreko jarrera fatalista, datorrena datorrela umiltasunez eta onean onartzen jakitea.

Gainerakoan, gure eguneroko lan, erreferentzia eta kezkek zerikusirik ez izan arren, batzuetan pentsatzen dut funtsezko ohitura, jarrera eta makurdura batzuk aitari zor dizkiodala. Eszeptizismo errotiko bat, ezkortasunerako isuri ebitaezina, besteen nahietara moldatzen jakitea baina norberaren usteei egoskor eutsiz, jendea estimatzea baina bakardaderako joera batekin, langile fina izatea baina azpian hedonismo puntu bati helduta...

Horiek guztiak, esango nuke herentziaz jaso edo hark erakutsi dizkidala, nahi gabe, bere ereduarekin.

Tokatzen zaigun familia daukagu, suertatzen zaigun aberria, jaioterria, ingurunea; barregarri samarra izaten da horietaz harrotzea, ez baitaukagu inongo meriturik zirkunstantzia horietan; are barregarriago da, ordea, norberari egokitu zaion familiaz edo sorterriaz lotsatzea.

Gure aita osasunez pattal samar eta animoz makal antzean dabil aspaldi honetan. Ikusmen arazoak direla-eta, azken urteetako entretenimendu nagusi izan duen irakurketa ezinezkoa bihurtu zaio. Ezingo ditu beraz lerrook irakurri, baina, halaz guztiz, idatziz jarri nahi izan dut nire esker ona, estimazioa eta maitasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.