Jule Goikoetxea.
ARKUPEAN

Gure esku eta haragi zehatzak

2015eko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Zorionak pasa den igandeko Gure Esku Dago-ren ekitaldia urte osoan antolatzen ibili eta bost hiriburuak ilusioz, oihalez eta irriz bete zituzten herritar guztiei. Lehengo urteko giza katean baino jende gutxiago elkartu arren, urtean zehar lanean aritu direnak askoz gehiago izan dira aurten. Halere, zapore gazi-gozoa utzi digu batzuoi igandekoak. Egunean zehar zegoen giro alaitsu eta kutsakorra lausotzen joan zela aipatu da sare sozialetan ere, estadioak ez zirela bete, ekitaldiak aspergarriak, emozio eskasekoak eta edukirik gabeak izan zirela, errepikakorrak eta folklorikoak. Bat nator ezaugarritze horiekin, baina inork ez du aipatu igandekoa 2008an gertatu izan balitz gure etorkizunaren inguruko kontsulta (legala, lege-kanpokoa edo a-legala) egina genukeela edo hortxe geundekeela. Hortaz, ongietorriak kritikak, betiere errepikakorrak, folklorikoak, aspergarriak, emozio eskasekoak eta edukirik gabeak ez badira.

Bere aste, hilabete eta urteak, musutruk, eraikitzailea eta zinez politikoa den prozesua sortzeko eta antolatzeko ematen dituen giza taldeari ahuldade estrategikoak dituela esatea komenigarria, eta, batez ere, eraginkorra da, okerrak edo ahuldadeak atzeman dituztenek, nola bideratu edo hobetu adierazi, eta, are gehiago, praktikatzen dutenean. Ez garelako aurkikuntza kimiko baten esperimentazio prozesuaz ari, guztion artean sortu beharreko eta guztiongan eragin zuzena duten egitura politiko eta erabakitze prozesuez baizik. Oso modan dago euskal kritikagintzan lizentziatuak direnen artean askatasun distantziakidearen distribuzio ekitatiboaz aritzea, hots, pasota eta sedentario politikoak izateko eta aldi berean guztiaz hitz egiteko duten eskubide unibertsalaren defentsaz aritzea, «bakoitzak nahi duen konpromisoa har dezala» lema ezkertiarra, barkatu, liberala, gehitzen dutelarik jarraiki, lema sozialista, alegia, «bakoitzarengandik haren gaitasunaren arabera, bakoitzari haren beharren arabera» ahaztuz, misteriotsuki eta euskalklasertainki.

Nire iritzi apal baina argitaratuan, egunero haragia sutan jartzen dutenak dira Euskal Herria mundu hobea bilakatzen dutenak, ez restaurantean haragia ondo egosia dagoen edo ez iritzi dutenak. Baina elkar jasan behar dugu, hori baita Herriaren existentzia ahalbidetzen duena, elkar jasango ez ziren horiek elkar pairatzen diotenean sortzen baita Herria. Gu/haiek zatiketa mota bat delako Herria, langilea eta ugazaba beste gu/haiek zatiketa mota bat den moduan. Ezkerrekoak/eskuinekoak, fededunak/ateoak, misoginoak/feministak, gure koadrila/zure koadrila, ergelak/azkarrak, alferrak/saiatuak, ez bata ez bestea ez direnak (ergo, intelektual ilustratuak). Guztiak hartzen ditu Herriak barne. Humanitateaz azpiko hurrengo giza talde anitzena da Herria, horrek dakartzan zailtasun guztiekin, nik zure Athletica eta zure Danborrada pairatu behar dudala, zuk nire Emakumea zutik jasan behar (beharko) duzula, alegia. Gure Esku Dago-k Herria edo Gu makro anitz eta zabal hori posible egiten duen gutxiengo izendatzaile komun bat aktibatu du, inork aktibatu ez duena: erabakitzeko eskubidea. Zorionak beraz.

Arazoa zein da? Gizarteak ez direla masiboki eta era jarraituan (jarraituan) mobilizatzen erabakitzeko eskubidearen alde, autogobernuaren edo federalismoaren alde mobilizatzen ez diren moduan. Nahiz eta gero bi azken aukera horiek izan bozkatuenak, autogobernuak ez du mobilizatzen. Jendea ez litzateke erabakitzeko eskubidearen alde mobilizatuko independentziarik nahi ez balu. Erabakitzeko eskubidea kategoria abstraktuegia da, oso zehatzak izango diren galdeketen eta horiek eskatzen dituzten erantzunen aurrean. Zehaztasuna landu beharko da aurrera egiteko: zer nolako erlazioa dagoen ongizatea eta independentziaren artean zehaztu beharko da, eta ez horrenbeste erabakitzeko eskubidearen eta demokraziaren arteko erlazioa. Eskubideen eta demokraziaren alde (era abstraktuan) mobilizazio masiboak egongo direla pentsatzeak justifikazio mitologikoa izan dezake, ez politologikoa. Erabakitzeko eskubidearen aldeko mobilizazioa masiboa eta jarraitua izango da independentziaren aldeko apustua ongizatearen aldeko apustua dela gizarteratzen denean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.