Miren Azkarate.
EUSKARAREN NORMALIZAZIOA. NORANTZ EGIN?. BIDEBERRITZEN

Gazteak nola ekarri erabilerara

2016ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Euskararen normalizazioa bidegurutzean. Norantz egin? Zeintzuk izan daitezke gakoak?». Horra BERRIAko lagunek jarri didaten puntua. Beste hitz batzuekin adierazita, baina funtsean galdera bera dago amaitzear dagoen legealdian Euskararen Aholku Batzordeak aho batez onartu berri duen Eta hemendik aurrera zer? dokumentuan. Horko hainbat gogoeta eta esaldi hartuko ditut lerro hauek harilkatzeko. Eta baita Gazteriaren Batzorde-atal bereziak landuriko Gu gazteok dokumentukoak ere. Aipatu ditudan bi dokumentu horietatik lehenak badu azpititulu bat ere, Euskararen garapenaren iraunkortasuna edo «Dabillan harriari etzaika goroldiorik lotzen», zuzen-zuzen erabileran auzira garamatzana. Izan ere, urteak daramatzagu esanez erabilera dela lehentasuna, gakoa. Horixe da, nire iritziz, bidegurutzean lehenetsiko beharrekoa. Kontua da transmisiorik gabe ez dagoela erabilerarik, solaskiderik gabe ez dagoela erabilerarik. Beraz, beharrezkoa izango zaigu euskal hiztunak ugaltzen jarraitzea, euren gaitasuna sendotzea. Hizkuntza behar bezala elikatzea ere bai.

Baina itzul nadin erabileraren auzira. Eta hemendik aurrera zer? gogoeta neure eginez, gazteen erabilera lehenetsiko dut nik ere. Mende honetako inkesta eta mapa soziolinguistikoek erakutsi digute gaurko haur eta gazte elebidunen erdiak baino gehiagok eskolan ikasi duela euskara, ez duela etxean jaso. Eta horietako asko eta asko erdal elebidunak direla; alegia, errazago moldatzen direla gaztelaniaz. Areago, bigarren gune soziolinguistikoko hiri eta herrietan bizi dira gazteok; gazte elebidunak dira, nagusiki, gaztelaniaz bizi den gizarte batean. Nola lortu orduan haur eta gazte horiek eskolan ikasi duten hori eskolatik kanpo ere erabiltzea? (hori baita modu bakarra gizartea etorkizunean euskaraz ere bizi dadin). Nola lortu gazteek ez lotzea euskara soilik hezkuntzarekin eta derrigortasunarekin? «Zerbait desberdina eskaini behar die euskarak gazteei —dio Eta hemendik aurrera zer? Gogoetak— beste hizkuntzek ez duten xarma, komunikazio-tresna huts izatetik harago, erabilgarritasunetik harantzago». Beste modu batera esanda, motibazioa landu behar da. Nekez lortuko dugu, ordea, haur eta gazteak motibatzea diskurtso zaharkitu deituko nituzkeenekin (euskara gurea da, euskara salbatu behar da, hitz egin euskaraz! eta abar). Askoz zuhurragoa da Gu gazteok dokumentuaren gomendioa: «Galdera aldatu behar da: Zergatik ez dute gazteek euskaraz hitz egiten? galdera utzi eta zer eskaintzen die euskarak gure gazteei? galdetu behar dugu. Zer eskaintzen die gazteak eta euskaldunak (edo gazte euskaldunak) izateko (edo sentitu ahal izateko)?».

Zer eskaintzen die euskarak? galdetzean, ordea, ezinbestean hartu behar ditugu kontuan gazteek gogoko dituzten jarduerak, aisialdia, kirola, baita IKTak ere (guztiz gomendagarria da IKT Batzorde-atalak landuriko dokumentua ere, Euskarazko IKTak. Gomendioak herri-aginteentzat). Horietan euskara txertatzeak ekarriko du inguru horiek (hizkuntzarentzat) praktika-komunitate eraginkor bihurtzea: «Bistakoa da gazteen mundua, giroa, ohiturak, aisialdia euskaratzeak duen garrantzia, euskara erakargarri eta erabilgarri sentitzeak duena: azken batean, euskarak euren egunerokoan lekua baduela ikusteak». Horregatik ageri da, gomendioen artean, kirol, kultura eta aisialdirako hizkuntza-plangintza sendoak ezartzekoa.

Nola gauzatu lerro horietan esaten dena? Guztien lankidetzarekin. Bi adibide emango ditut, biak ere azken urtean, urte eta erdian, Donostian ezagutu ditugunak. Batetik, kirol elkarteen eta Euskara Zerbitzuaren artekoa, monitore euskaldunak dituen elkarte bateko esperientzia pilotuan oinarritzen dena. Monitore hauei prestakuntza eman eta entrenamenduak eta ikastaroak euskaraz emateko konpromisoa hartu dute. Gazteen erabilera aztertzen jardun duen Batzorde-ataleko kideek dioten bezala kirola garrantzi handiko esparrua da, eskolaz kanpoko jardueretan nabarmenena: «Hizkuntzari dagokionez, nerabe hauen kirol praktiketan euskararen presentzia ez dela oso handia esan behar da [...]. Nabarmenena futbolaren kasua da: ia mutil guztientzat oso garrantzitsua den praktika da eta ikerketa honetan futbolarekin lotuta jaso diren hizketaldi, esamolde, antzezpen eta bestelako erreferentzia guztiak gaztelaniaz izan dira». Esperientzia pilotu horretatik abiatuta, hogei kirol elkarteren diagnostikoa egin eta metodologia bera zenbatetan aplika dezakegun aztertzen ari gara. Berriro diot, kirol elkartearen konplizitatea behar da, monitoreena, administrazioarena... Elkarlana.

Gizartearen beraren ahalmena azpimarratzeko ekarriko dut hona bigarren adibidea. Donostiako auzo batean hasi, Egian, eta beste batzuetara hedatzen ari den egitasmoa. Egian euskaraz bizi nahi dugulako, ulertu bai, baina hitz egiten ez dutenekin gaztelaniaz jarduteko inertzia apurtzeko ahalegina izan da. Zazpi astez, txandaka, auzo talde eta elkarteak euskaraz jarduteko konpromisoa. Eta, bide batez, haur eta gazteek helduengan aurkituko duten eredua.

Badugu diagnostiko partekatua eta baditugu adibideak ere. Orain arte bezala, gaur ere bide egokia aukera dezakegu bidegurutze horretan, elkarlanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.