Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Metaforak eta erroak

2017ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Geure garajeko sarreran pitzadura bat azaldu zen aspaldi, eta bizpahiru aldiz etorri behar izan dute konpontzera. Harrituta daude, antza landareren baten sustraiek sortzen dutelako arraildura hori behin eta berriro. Erauzi egiten dute, baina handik gutxira, hantxe dago berriro. Niri metafora ederra iruditu zait, baina aseguru-etxeko konpontzaileek ez omen dute poesia maite.

Kataluniaz ari naiz, zertaz bestela. Lerroak idazten ari naizen unean, bien bitarteko egoeran gaude. Alde batetik, iragarri diren hauteskundeetan parte hartu ahal izateko independentismoak zer bide hartuko duen ezagutu zain gaude. Eta bestetik, estatu espainiarrarenesku hartzea zertan gauzatuko den ikuskizun da, izenpe bat baino zerbait sakonago (bortitzago, sendoago) espero izatekoa baita. Lehen zantzuak agertu dira eta keinu txikietan ikusten da hori argien: amore ematea eskatzen dute, normaltasuna deitzen duten dena delakora itzultzea; abentura zoroa amaitzea... Bake-girorako berbak direla onartzea kosta egiten zait niri. Gauza txikiak dira, ez alta esangurabakoak. Espainiako fiskaltzari ahaztu omen zitzaion Errepublikaren aldarrikapena egin zuten Generalitateko eta parlamentuko mahaiko kideen kontrako idatziari izena aldatzea: eta Gogorragoa izango da erorikoa artxiboa iritsi zitzaien kazetariei. Izen hori jarri izanak asko esaten du, ez aldatu izanak bezainbeste. Metafora ederra.

Historiak makina bat adibide ematen dizkigu jabetzeko ezinezkoa dela aldez aurretik jakitea zein mugimendu txiki izango den erauntsia eragingo duena. Erakusten digu ez dela nahikoa begirale izatearekin, maiz denbora behar izaten dela, zentzumenez kanpo aparteko gaitasunik ez badugu, behintzat. Horrek azaltzen du nolatan ugaritu diren, ziurgabetasunak akuilatuta, iragana aurreikusten duten aztiak, jazoko denaz galdetuta, atzokoaren berri ematen digutenak.

Dena da hipotesia, eta beraz, den-dena da gertakizun. Alde batera zein bestera makurtu daiteke historiaren bizkarrezurra, istorio txikiek, begi hutsez aztertuta ezdeusa diruditenek, eraginda. Edonola ere, esango nuke badela egundo itzuliko ez den egoera, orain arteko itxurazko Entente Cordiale-a, ispilatze hutsa bihurtu dena. Denborak esango digu zein diren horren ondorioak, baina esango nuke hau ere pitzadura erresistentea izango dela.

Trenaren irudia aukeratu zuen independentismoak urriaren bateko erreferendumean. Metafora egokia, gure garajeko pitzaduren mailatik gorakoa. Batzuek esan zuten zuzen erabilita zegoela, ederki islatzen zuelako unearen garrantzia, tren bera ez baita bi aldiz igarotzen. Beste batzuek, alta, iragarritako porrotaren kronika ikusi zuten, gogoratuz bazter-trenbidean geratzen direla aurrera egiterik ez duten makinak. Denborak esango.

Orain, baina, horixe falta zaigu, denbora, egonarria, den-dena azeleratu eta azaleratu egin baita supituan, gertakari txikien segidak zorabiatzeko moduko abiadura hartu izan balu bezala.

Pentsatu nahi dut balizko normaltasuna eta garajeko asfaltoa pitzatu duten erro horiek banbua direla: zazpi urte, zazpi, behar ditu lurpean erroak zabaltzeko, eta denbora horretan guztian ez da ernamuinik txikiena ere ikusten, baina behin azalera irtenez gero, bazter guztietan nagusitu egiten da. Metafora ederra litzateke. Ikuskizun da, baina bien bitarteko egoeran, ez da aukera txarra sinestearen aldeko hautua egitea. Federico García Lorcak idatzi zuen bezala, poesiak ez ditu jarraitzaileak behar, maitaleak baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.