Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Nahi-pentsa

2017ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Zuk ezin duzu zalantzan jarri sinisten duzuna, baina nik horixe egin behar dut». Alexandriako Hipatiarena omen da esaldia, bere ikaskide batekin aiko-maiko ari zelarik erlijioaz eta fedeaz. Gogotik egin du euria geroztik, baina lehengo lepotik burua dugula jarraitzen dugu maiz eztabaidan, sinisten duguna arrazoibide ororen erdigunean jarrita, maiz ebidentzien kaltetan. Ingelesez «wishful thinking» esaten diote horri; Morris hiztegiak «ameskerietan erortzea» ematen du horren ordain gisa, aski argia, baina nik gustukoago ditut sareetan barrena topatu ditudan «gura-ustea» edo «nahi-pentsa». Batera zein bestera, ulertzen erraza da: nahi duguna, sinisten edo desio duguna egiatzat hartzen dugu, eta are gehiago, egia artesirik gabetzat.

Hazi pozoidunak fruitu marketsa emango du beti, uste okerrak emaitza txarrak bezala. Hona sinesmen zaharrean errotutako pentsamoldearen okerra: «Si vis pacem, para belum», latinera jatorrean esanda. Mendez mende iraun du eta bertan darrai, inguruari behatuz erraz antzeman daitekeen bezala. Gerra hotsak entzuten dira nonahi azken boladan, ohi baino ozenago. Siriakoa murmurika ari zaigu aspalditxo, ia oharkabe bihurtzeraino, baina joan den astean Alepo ingurutik irten nahian zebilen konboiaren kontrako erasoak berriro ekarri du argitara, ehunka zibil (desarmatuak guztiak, horien artean makina bat haur) hil dituztela jakitean. Bizirik irautea zen haien borroka-zelaia, beste askotan bezala. Ipar Korean lasterketa bizian dihardute bonbatzarrak probatzen eta erakusten, gerta daitekeenaren aurrean prestatzen ari direla iragarrita. AEBetako armadak inoizko bonba ez-nuklearrik handiena jaurti du Afganistanen, eta ez dakigu, eta ez dugu jakingo, zer ondorio izan dituen. Hori bai, bonbaren irudia lehen orrietara eraman dute hango eta hemengo hedabideek, erakustaldi likitsean. Zoriz edo, Aste Santuarekin batera jazo da hori, eta bonbaren argazki handiak erabat militarizatutako beste zenbait prozesioren irudiekin batera agertu dira kazeta eta telebistetan. Alegoria txit bitxia, inondik ere.

Neure buruari maiz galdetzen diot erotu ote garen, gutariko bakoitza eta geure mundu hau. Ahaztu ote dugun bonbardaketa gupidagabeetatik ihesi joandakoen oinordekoak garela, ezabatu ote ditugun testu-liburuetatik gerra handi eta ez handien aipamenak, irudiak edo testigantzak. Alferrik izan ote zen duela 80 urte geurean jazo zena, Otxandion, Durangon, edo Gernikan. Noiz arte iraun ahal izango dugu sinesmenen lozorro gozoan kulunkan?

Beti pentsatu izan dut kontzientzia bakezalea ez dela ezerezetik eta berez sortzen, prozesu bat dela zeinean gerraren izugarrikeriak ezagutzea beste erremediorik ez dagoen jendartean bake-grina pizteko. Aitona zenak, gerra zer zen ongi zekienak, askotan esaten zigun: infernua ezagutu duenak iskin egingo dio hurrengoan aurrez aurre topatzen duenean. Ez dakit oker ote zegoen, oker ote nagoen.

Munduko mapari begiratzen diot eta ez dut ikusten lehen baino gerra gehiago, hedabideek kontrakoa iradoki arren. Betiko gerrak dira, baina eguneroko kronika makabroak erakusten digu ez direla sekula ixten, zauriak zornatu egiten direla, betikotu.

Pentsatzeko beste bide bat probatu beharko dugu, beraz: kontua ez da gerra-goseak irabazi duelako amore ematea, bakeak zergatik porrot egiten duen ez ulertuta, lanean jarraitzeabaizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.