garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Urteek emana

2017ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Urteurren biribilak memoria interesatuak astintzeko parada izan ohi dira, eta zer esanik ez, ibilbidearen etapak seinalatzen dituztenean, edo areago, biribilaren biribilez bizitzaren joana sinbolizatzen dutenean, urte metaketa hutsaren ordez.

Berrogeita hamar bete berri ditut, mende erdi alajaina, emakumearen gainbehera ofizialki hasten den marra, eta adinari lotu ohi zaizkion aje fisiko eta estetikoek baino gehiago, ezaguera dudanez geroztik ikusitako komeriek eman didaten perspektibak kezkatzen nau.

Hamabost hogei urte nituela, errepresioa, zapalketa, herra politikoa, heriotza eta tortura egunerokoaren osagai ageriko genituenean, ez nukeen imajinatu ere egingo, noizbait, ETAren akabera ezagutuko nukeenik, eta are gutxiago markatutako helburuetatik urrun izango zenik ere. Ezta armagabetzearen halako eszenifikaziorik, egutegian santu seinalagarria izan zezan. Bego horretan.

Gazte garaiko nire buru inozenteak, egia esan behar bada, egunerokoan nahikoa kalapita izan, eta ez zuen epe luzeko aurreikuspenetarako lan handirik hartzen, ez behintzat kontzienteki, baina badakit, horretaz oso ziur naiz, gaur daukaguna baino agertoki hagitzez hobea irudikatzen nuela geurontzat, hainbat arlotan. Bereziki, hizkuntzaren erabileran.

Nire inguruko gazte askok, lehenik euskalduntzeko ahalegina eta bigarrenik euskaraz bizitzeko hautua harro egin zutela kontuan hartuta, nekez imajinatuko nukeen gaur geure komunikazio ohituretan ageri zaigun panorama dramatikoa, garai hartan denetarako «gureak egin du» pentsatu zaleak izanagatik ere.

Ez nuen imajinatu ere egin, esate baterako, geroztik joan zaizkidan hogeita hamar urte pasatsuetan, erdararen uhin hedakorrak horren gogor joko zuenik Ordizian, Alegian, Azpeitian, Goizuetan, Zegaman edota molde jatorren tenplutzat genituen gainerako bazterretan. Amesgaiztorik ernagarrienean ere ez zitzaidan burutik pasatu, arnasgune esaten diegun tokietako euskaldun peto ugari elkarren artean gaztelaniaz barra-barra adituko nituenik, lasai eta tenkarik gabe, aise, «natural», baina ez erdaldun batenganako itsuskeria ekiditeagatik, erraztasun hutsagatik baizik; era berean, berriketa arrunt eta egunerokoan, esaldiak euskaraz hasi eta bukatzeak horrenbesteko lanak emango zizkienik, edo euskaraz hasi orduko erdarara jo beharko zutenik, hizkera gatz-piperdun eta biziaren bila. Ez nuen sekula imajinatuko inguru erdaldunago batetik eta euskara maila kaxkarrago batekin abiatu ginenon lardaska nagusituko zenik haien artean ere, eta ez alderantzira. Are gutxiago, hizkuntza berezi baten jabe izatearen ardura eta prestigioa euskarari kendu eta ingelesari emango genionik, munduko ateak zabalduko dizkigulakoan.

Zentzu berean, Euskal Herriaren onarpena lortzea genuen helburu, nazio gisa ditugun berezitasunak aintzat har zitzaten, bagarena errespeta zezaten, anputaziorik gabe. Haurra nintzela, sentipen aski zabaldua zen hura, euskararen munduak biltzen dituen sentsibilitate gehientsuenek eragozpenik gabe bere egiten zutena. Horren ordez zer dugu, ordea. Euskadi, País Vasco eta Pays Basque hitzen degenerazioa, gehiengo zabalak onartua eta honezkero errotua dirudien urradura. Eta azkenik, asimilazioa. Jaurlaritza euskal herritar guztien ordezkari dela pentsatzea. Menpean hartu gaituen estatuan, izan Frantzian edo Espainian, arraro baino gehiago, tokiko sentitzea, Ocho apellidos vascos filmaren eta atzetik etorri diren suzedaneo, telebistarako serie eta enparauei jarraikiz barre egitea, minik ez hartzea, umorea dela argudiatzea eta sinestea, identifikazioa sentitzea.

Borrokak borroka, geure mundua atzerantz birarazi dugula iruditzen zait batzuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.