Albistea entzun

Quim Torra. Kataluniako Generalitateko presidentea

«Kataluniako Parlamentuan ez da izan jauzi kolektibo bat egiteko gehiengorik»

Torrak nabarmendu du autonomiaren mugak gainditzea ezinbestekoa dela Kataluniarentzat. Horretarako, bi bide ikusten ditu soilik: erreferendum bat edo plebiszitu bat egitea. Penatuta agertu da agintaldian «haratago» ez joateagatik.
ALBERT SALAME Tamaina handiagoan ikusi

Assumpcio Maresma. Vicent Partal - Vilaweb

2020ko irailak 27 - Bartzelona

Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidentea elkarrizketatu du Vilaweb egunkari katalanak, presidentea ziur aski bere agintaldiko azken orduetan denean. Tentsioa hain da handia mundu politikoan, ezen Generalitateko jauregiko patioko itzalak ere gogorragoak dirudite galeria gotikoaren paretan. Eguerdia da. Presidenteak badaki bera inhabilitatzeko erabakia iritsi daitekeela edozein unetan Espainiako Auzitegi Gorenetik. Elkarrizketa hasi arte begiratu dio sakelakoari. Ez da halako mezurik iritsi. BERRIAk elkarrizketa hau argitaratu du Vilaweb-ekin eta Galiziako NOS Diario egunkariarekin abian duen elkarlan egitasmoari esker.

Kataluniako presidente gisa inhabilitatua izateko zorian egon zaitezke. Zer duzu horri buruz esateko?

Azken hilabeteetan eta urteetan gertatu denak autonomiaren mugak utzi ditu agerian. [Kataluniako] Parlamentuak ezin ditu adosten dituen ebazpenak onartu, 2.850 errepresaliatu ditugu, eta baliteke presidente inhabilitatu bat izatea adierazpen-askatasuna defendatzeagatik... Horrek nazioaren jauzi kolektibo baten beharra dakar. Zirt edo zart egin behar da, haustura demokratiko bat egin eta independentzia defendatu.

Hori egiteko asmoz onartu zenuen presidentetza, baina ez da halakorik gertatu.

Beti prest izan den jendearengana zuzendu nahi dut, independentziaren alde era anonimoan lanean jarraitzen duen jendearengana, desengainatuta senti daitekeen jendearengana, ez garelako haratago joan. Ulertzen dut sentipen hori. Baina, aldi berean, gurea itxaropenaren aldeko borroka da, Josep Benetek esan bezala. Data gakoei buruzko ikuspegia izan behar dugu, eta jakin behar dugu independentzia prozesu batek lerro zuzen bat izan behar duela, esan dudan bezala, haustura demokratikotik pasako dena.

Zergatik ez da gertatu?

Konplexutasun handiko egoera batekin egin dugu topo. Onartu behar dugu errepresioak behartu gaituela ahalegin handiak egitera errepresio horretatik babesteko. Horregatik, neurri handi batean, ezin izan dugu aurrera egin. Pentsatzen dut jauzi kolektibo hori egiteko parlamentuan gehiengoaren borondatea beharrezkoa dela, eta, agian, borondate hori ez da existitu. Horri dagokionez, garrantzi handia izango dute Kataluniako etorkizuneko hauteskundeek.

Zergatik?

Gehiengo jakin bat behar dugulako, ausarta, bizi dugun une historikoaren jakitun izango dena. Ezin dugu jarraitu kanpotik esku hartutako autonomia batekin eta jazarpen honekin. Urriaren 1eko espiritu irabazlea berreskuratu behar dugu. Hau da, haustura eta desobedientzia kolektiboki planteatu. Desobedientzia pertsonalak eta banakakoak ez dira irtenbidea. Independentziara jauzi kolektibo batekin iritsiko gara ala ez gara iritsiko.

Buruzagi independentisten kontrako epaia iritsi zenerako bazen prest egoteko aukera...

Une etsigarria izan zen, halako une garrantzitsu batean alderdiek ados jartzeko zuten ezintasuna agerian utzi zuelako. Nik proposamen bat egin nuen legebiltzarrean: erreferenduma ala erreferenduma. Ez zen proposamen onartuegia izan, oro har. Baina ez dut ikusten erreferenduma edo hauteskunde plebiszitarioak ez diren beste biderik.

Batzuetan, gobernu-itunaren eta gobernu eraginkorraren obsesioaren artean harrapatuta geratu zarela dirudi.

Posible da. Hilabete hauek oso konplexuak izan dira. Inoiz utzi ez ditugun bi bandera defendatu ditugu beti. Horiek ziren lerro gorriak niretzat: Kataluniaren autodeterminazio eskubidearen defentsa eta amnistia. Hori da independentismoak defendatu ahal izan duen oinarri komuna. Nik urrunago joan nahi nuela eta ezin izan dudala halakorik egin denek dakiten zerbait da.

Zein da bizi izan duen unerik muturrekoena?

Diputatu akta erretiratu zidatenekoa iruditu zait larriena, pertsonalki. Oso desatsegina egiten zait ordura arte gertatu zen guztiarengatik. Ekitaldi bat egin genuen hemen [Generalitatearen jauregian] gobernu osoarekin, gero bozketa batzuk egin ziren Parlamentuan babesa emateko eta, bat-batean, plast! Diputatu gisa desagertu nintzen. Gauza jakin batzuk eginez gero, kontsekuenteak izan behar dugu amaieraraino.

Alderdi politikoak kontrolatu gabe eta sottogoverno bat gabe, aurrera egin al daiteke?

Jendeak argitasuna eskatu behar die alderdi politikoei. Joan den egunean, Josep Costa parlamentuko lehendakariordeak esan zuen alderdiei ez eskatzeko batasuna, independentzia lortzeko baizik.

Autonomiaren mugak ezin dira desmuntatu?

Nik ez dut desmuntatu hitza erabiliko. Gainezka egin behar du, eta hori jendeak egingo du, bozkatzen. Gehiengo batek independentzia nahi badu, independenteak izango gara. Hala da. Horretarako, zenbait erabaki hartu behar dira; nola antolatu eta nola bideratu mugimendu independentista berez den horretara: birsortze eta haustura mugimendu batera. Oraintxe bertan, Espainiako Estatu osoan 1978ko erregimenarekin apurtzen duen mugimendu bakarra mugimendu independentista da. Horrek balio handia du. Ikusi dugu beste mugimenduekin zer gertatu den. Espainiako Estatuaren urdail boteretsu horrek irentsi ditu. Horren aurrean, hausturarako duen balioagatik, babestu behar dugu independentismoa.

Babestu?

Ni kezkatzen nauena da independentismoa katalanismoaren 2.0 bertsioa bihurtzea. Katalanismoa mugimendu bikaina zen, ez zenekielako non hasi eta non bukatu. Mundu guztia izan zitekeen katalanista. Baina independentismoa haustura da, eta, beraz, ez diote katalanismoaren metodoek balio.

Pandemian ikusi dira autonomiaren mugak. Egitura instituzional osoa ezerezean geratu zela zirudien. Ez zegoen maskararik Madrilgo gizon batek ez zekielako non eros zitzakeen.

Bere gordinkeria osoan ikusi zen bakoitza nolakoa den. Sanchez presidentea desilusio handia izan zen niretzat. Gogoratzen naiz, Kataluniak oso egoera arriskutsuan pasa zituen hamabost egun horietan, erabateko konfinamendua eskatzen genuela. Hamabost egun geroago hartu zen erabakia. Garai hartan nik mezu bat bidaltzen nion egunero Sanchezi. Inork egin ez duena egitera iritsi nintzen. Sanchez presidenteari konfinamendu hori dekretatzeko eskatu nion, jende askoren bizitza jokoan zegoelako, eta etsipen handia sortu zidaten bere erantzunek. Une hartan benetako Sanchez ezagutu nuela iruditu zitzaidan.

Eta nolakoa da benetako Sanchez presidentea?

Presidentea izan nahi duen presidentea da. Ez du inolako arazorik edonorekin bat egiteko, edozein politika aldatzeko, negoziazio mahai bat desagerrarazteko edo sedizio delituaren erreforma bat proposatzeko, presidente izaten jarraitze aldera. Ez dut inoiz ere aurkitu Sanchez presidenteak baino bihurgune gehiago dituen pertsonarik.

Ez duzu mistikarik egin isilpean egin duzun lanarekin. Ez duzu argazkirik egin osasun materialez betetako hegazkinekin...

Uste dut hori dela jarduteko modu katalana. Izaera hotzago horrek, ironiak barne, modu jakin batean jardutera garamatza. Niri ez zait gustatzen nitaz hitz egitea.

Baina lehendakaria zara eta jendeak jakin nahi du...

Bai, baina ni ere banaiz. Nahiago nuen arnasgailuak egiten zituen jendeari deika egon, edo Hong Kongen, edo ordezkaritzetan... Egun oso bat eman nuen munduan baten bila. Agintari erlijiosoei ere deitu nien: gotzainak, errabinoak... Oso kezkagarria zitzaidan gai batengatik: heriotza bakartiak, dohaintza egiten ari zen jendea... Ez nuen astirik, eta telebista ere ezin zen etorri. Baliagarriagoa zen nire lana egitea.

Zer espero duzu parlamentuak egitea Espainiako Auzitegi Gorenak inhabilitatzen bazaitu?

Legebiltzarrak erakutsi du erakunde mugatuenetako bat dela.

Baina zer espero duzu?

Bere babesa espero dut, beti demokraziaren ondoan egotea, baina denok dakigu zer egoeratan bizi garen. Hemen erreferendum bat edo hauteskunde batzuk ditugu aurretik, inflexio puntua bat ezarri behar dutenak, jauzi kolektibo bat egiteko.

Zer uste duzu indultuei buruz?

Orain indultu eskari batzuk izapidetuko dituzte; halabeharrez egin behar dute. Zer konpontzen du horrek? Ezer ere ez. Konponbide bakarra amnistia lege bat da, eta Kongresuan bada gehiengo bat borondate politikoarekin Kataluniako gatazka konpon dezakeena. Amnistia lege bat aurkeztea benetako keinu bat izango litzateke; baina indultu bat izapidetzea, ez.

Presoekin anker jokatzen ari dira?

Astakeriak esango nituzke. Aste honetan Jordi Turullen aitari dolumina ematera joan naiz, Puigdemont presidentearen aita ere hil zen... Sekula biziko nituela pentsatzen ez nuen egoera ankerrak bizi ditugu. Batzuk uste dute horrela jarrai dezakegula presoei eta erbesteratuei senitartekoak hiltzen zaizkien bitartean.

Kanporatzen bazaituzte, deserosoa zarelako da?

Uste dut asko haserrearazi ditudala. Batzuk pentsatu dute zapata barruko harri bat bezalakoa naizela, eta paretik kendu behar nindutela. Nahiko pozik nago hainbeste gogaitu ditudalako. Benetan. Miresten dudan Carrasco i Formiguerari Madrilgo Parlamentuan esaten ziotenean nazionalista erradikal bat zela, erantzuten zuen inoiz esan dioten gauzarik onenetako bat zela. Hori ere bada pixka bat da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ezkerreko alderdiek iazko apirilean egin zuten bilera bat hautagaitzak bateratzeari buruz. Marketin kontua izan zen gehiago, egiazko dinamika bat baino. ©C. P. T. / EFE

Primario popularra, nahien eta ezintasunen artean

Ander Perez Zala

Gaurtik igandera, 467.000 bat herritarrek Frantziako zazpi presidentegairen artean 'egokiena' aukeratuko dute ezkerrean hautagaitza bateratu bat sustatzeko.
Errusiako armadaren tanke bat atzo, maniobrak egiten, Rostov inguruan ©EFE

AEBen erantzunak ez du Errusia asebete

Igor Susaeta

Moskuren arabera, Washingtonek eta NATOk segurtasun eskaerei egindako proposamenak ez du «baikortasunerako motibo askorik» ematen. Halere, «elkarrizketarako perspektibak» badaude.

Mendebaldeko Sahararen askatasunaren aldeko manifestazio bat Madrilen, iazko azaroan. / ©Giannis Triantafyllidis, EFE

Marokok gizon bat hil eta adingabe bat zauritu ditu bonbardaketa batean

Arantxa Elizegi Egilegor

 Rabatek bigarren egunez bonbardatu ditu gune zibilak. Droneak baliatu ditu Mendebaldeko Saharan egindako erasorako.

 ©Mike Caceres / Efe

Gutxienez zortzi lagun hil dira FARCeko talde disidenteen eta ELN gerrillaren arteko borroketan

Mikel O. Iribar

Bien arteko liskarrak gogortu egin dira Venezuelaren eta Kolonbiaren arteko mugetan. Urtea hasi zenetik 40 hildako, eta ehunka desplazatu eta desagertu utzi ditu gatazkak, gizarte zibilaren arabera.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.