Idurre Eskisabel Larrañaga.
ARKUPEAN

Zatarra

2016ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Bai gauza zatarra dela diruaz hitz egitea. Egin dezagun proba: irudika dezagun batez besteko probetxuzkoaren multzoko lagun kuadrilla bat jatetxe batean afaltzen. Eta demagun ardoa eskatzeko garaian lagunetako batek besoa altxatu eta ahots ozenez esaten duela, mesedez, ez eskatzeko botila bakoitzeko 25 eurotik gora ordaindu beharko duten hori, eskatzeko urteko ardo xume bat, ordaintzerakoan aurreztuko dituen hamar euro horiek bere ahalmenen —eta, batez ere, ezinen— patrikan, gainerakoenetan 150 euroren pareko direla. Eten egingo da ordu arteko berriketa txoroa, edo, alderantziz, indartu, mahai gainean jarritako auziak sortutako deserosotasuna estaltzeko. Eta, ziurrenera, kontrako iritzi bat bera gabe onartuko da eskaera.

Hori bai, afalosteko talde txikietako elkarrizketetan izango da komentariorik: exajeratu egin duela iritziko dio baten batek, «ez nekien hain larri zebilenik»errukiberak sortuko dira… Are, trago luzeek aurrera egin ahala, ez dira faltako urteko ardoa eskatu duenaren halabeharra, ondasunen ekoizpen eta banaketa sistemari, bidegabekeriei edota, sinpleki, «zorte txarrari» egotzi ordez, haren kalamidade izaerari leporatuko dionik: ez behar bezain azkar, langile, saiatu, anbiziotsu eta kudeatzaile on izateari.

Edo estutu dezagun hipotesia. Irudika dezagun afari giro bertsuan batzuk ari direla kontatzen nola pasatu duten zubia Londresen, eta nola joango diren oporretan kruzerora, eta nola ingelesekoaz aparte aleman irakaslea ere jarri dieten umeei, eta nola etxeko sukaldea berrituko duten, bost urteren ondoren dena egiten delako aspergarri... Eta, demagun, batek altxatzen duela eskua, eta galdetzen diela zenbateko soldatak dituzten. Zeren eta berak ere gainerakoek adina ordu pasatzen dituela lanean, gaitasun, formazio eta arduretan ez dabilela besteen atzetik, baina, trukean jasotzen duen diruarekin ez zaiola iristen besteen erdia egiteko. Eta galdetzen duela ea onargarria den lantoki batean edo bestean aritzeak, postu batean edo bestean, funtzionariotzan edo administrazioak azpikontratatutako enpresa batean, ildo ofizialeko edo euskalgintzako langile izateak, halako arrakala sortzea batzuen eta besteen artean; hain zuzen ere, batzuen denboraren balioa (bizitzarena, beraz), besteenaren erdira, edo herenera, edo hamarrenera edo ehunenera edo milarenera gutxiesteraino. Hori gertatuko balitz, isiltasun deserosoa baino gehiago, zalaparta piztuko litzateke ziurrenera. Eta lehenago ahopeka egindako salaketak —ez behar bezain azkar, langile, saiatu, anbiziotsu eta kudeatzaile on izatea— ozen jaurtiko lirateke, segur aski.

Zatarra baita diruaz edo, zehatzago, diruaren banaketaz hitz egitea. Batez ere, norberaren patrika batez besteko erosoaren barruan dagoenean. Gogorra delako pentsatzea egunero hartzen duzun ardo berezi horrek edo egunero janzten duzun beroki garestiak badutela zerbait besteren bizkarretik. Eta, jakina, askoz ere atsegin eta lasaigarriago delako pentsatzea azkarra, langilea, saiatua, anbiziotsua eta kudeatzaile ona zarelako merezi dituzula. Eta ez dutenen arranguraren oinarrian inbidia dagoela, eta ez injustizia —batzuetan, balirudike inbidiaren kontzeptu itsusitzailea justiziaren kontra asmatua dela—.

Zatarra da diruaz edo, zehatzago, diruaren banaketaz hitz egitea. Hain zuzen ere, munduko biztanleen %1 aberastasunen erdiaren jabe dela jakiteak matxinadara eta hau dena aldatzera eraman beharko gintuzkeelako zuzenean eta ezinbestean. Edota errebolta piztu beharko lukeelako jakiteak Donostiako Kirol Txartela larrialdi sozialetako laguntzen bidez jasotzen dutenei, hau da, erretiratu eta pobreei, arratsaldeko bostetatik aurrera kiroldegiak erabiltzea galarazi dietela. Pentsatzen jarrita, ez baitago neurri horrek biltzen dituen klasismo eta bazterkeria baino ezer etsaituagorik Donostia 2016k aldarrikatzen dituen bakearekin, bizikidetzarekin eta errespetuarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.