garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Paranormala

2016ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Aldizkari serio eta prestigiotsu batean irakurri nuen honoko historia.

Gaztelu zahar deslaia, ikusi orduko jo omen zuen begiz Veroniquek. Mende erdi zeraman hutsik, bertan behera utzita, baina lehen bisitaldian berean liluratu zuten, nola inguruak hala eraikin zaharrak, eta zalantza izpirik gabe sinatu zituen salerosketarako paperak eta ondo kostata lortutako hipoteka tzarra. Giltzak eskuratu zituenean, garbitzeari ekin zion, han bildutako hautsak kentzeari eta zuloak konpontzeari jo eta su, urtebetean-edo habitagarri bihurtuko zuen itxaropenez. Lanean ari zela, pozez gainezka imajinatu nahi zuen bere burua, laket betean, betidaniko ametsa gauzatzen ari zelakoan. Arrangura eta dohakabea besterik sentitzen ez, ordea. Bertan denbora eman ahala, tristura etsigarri batek uzkurtzen omen zion bihotza. Eta gainera, beste sentsazio makur eta aitorrezin hura, beti bakarren bat zelatan baileukan...

Hilabeteak behar izan zituen etxe huts handi hartan entzuten zituen hotsak bereizten hasteko, eta apurka, gehientsuenak identifikatzeko. Batzu-batzuk, sinpleki esplikaezinak zirela onartu beste erremediorik ez zuen izan. Esaterako, solas urrunak. Senarrari eta seme-alabei egotzi izan zizkienak, edo akaso sarkinen bati, etxean bakar-bakarrik zegoela jabetu arte. Aire-korronte hotzak ere sumatzen zituen, non eta gela itxietan, haizerik gabeko egun epeletan; eta usainak, eltzekari eta jakienak batik bat, artean sukaldea sekula erabili ez zuten arren. Nekeak eragindako okerrak izan zitezkeelakoan, bere kolkorako gordetzen zituen denak, familia osoa hara eraman izanaren erru ustela bezala. Harik eta etxeko besteei ere, antzeko ezusteek aztoratzen zituztela entzun zien arte. Senarrak, kasura, presentzia maskulino autoritario bat sumatzen omen zuen beti aldean. Haren esku kolpeak ere sentitu omen zituen sorbaldan, patioko zuhaitz akitua moztu nahi izan zuen batean.

Lagun baten aholkuz, medium bat eta haren bi laguntzaile etorri zitzaizkien, eta tresnez bete gaztelu osoa. Ridikulu eta barregarri zirudiena aztoragarri bilakatu zen gau hartan, eta era berean argigarri, hara bildutako guztiek, salbuespenik gabe, entzun eta ikusi egin baitzituzten hari hilabete luzetan amesgaizto bihurtutako pasadizoak: oin hotsak han-hemen, emakume baten silueta eskaileretan gora, neskato bat trostan, «nor zara zu» galdezka… Gaztelu hartan bizitzekotan, ezinbestean arima alderrai haiekin beharko zuela ulertu zuen Veroniquek;ezbeharrek, zoritxarrak, saldukeriak, traizioak, espoliazioak edota gaitzak mendean hartutako «jende» haiek ere betetzen zutela hark erositako espazioa, eta «gaizki» hilak zirela gehienak, beren buruaz beste egindakoak batzu-batzuk, gerora artxibategietan ikertuz ikasitakoaren arabera.

Beldurra eta amorrua neurririk gabe sentituta, hamaika aldiz madarikatu omen zuen Veroniquek. Bertan behera utziko zukeen dena, jabetza behin betiko saldu eta kito. Hor konpon. Zerbaitek, baina, eutsi egiten zion isilka, toki hartara lotu. Beharbada, bertan une eder askorik ere bizi izan zuela konturatzeak. Veroniquek gaztelu zaharrari aukera berria ematea erabaki zuen azkenean, inoiz jaso ez zuen tratu ona ematea, bere horretan errespetatzea eta begirunez hartzea, ulertezinak ulertezin. Bertan geldituta, lau pareten artera bake apur bat bideratzea izan zitekeela bere ekarpena.

Une batez, gure herriaren metafora iruditu zitzaidan. «Gaizki» hildakoz betetako gure etxea zuela hizpide, bakerik ez duten gure mamuez, gure teilatupeaz, gure historia hurbilaz ziharduela. Nondik heldu eta nola kudeatu ez dakigun horrez guztiaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.