garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Askatasun digitala

2017ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Urte berriak asmo berriak ekarri ohi ditu, eta nireak zinez arrunt eta mizkinak izaten direnez, eta honezkero gainera ahaztu xamar ditudanez, beste batenak aipatuko dizkizuet, originaltasuna behintzat aitortuko diezuelakoan.

Ameslariak Pablo Molina du izena, eta gaztelaniaz irakurri dizkiot burutapenak, mami ezin susmagarriagoa argitaratzen duen komunikabide digital rancio batean (hitz horrek dakarren karga adierazteko euskal ordain egokirik ez dut artean aurkitu). Gainerako jende gozogabeon antzean erretzeari uztearekin edo gerrialdeko txitxiak mehetzearekin konformatzen ez, eta urte berriko asmo onak asmatzen hasita, Karbono Dioxidoaren Adiskideen Elkartea sortzea bururatu zaio gizonari. Zeropeko tenperaturek dagoeneko ehunka lagun hil dituztela nabarmendu ondoren eta salbatzailearen doinuan bota du aldarria, «CO2-ak besterik ez lezake berdindu planetak azken boladan pairatzen duen hotzaldi zitala». Klima apokalipsiaren profetek eman omen diote ondorio horretara heltzeko argitasuna, hain zuzen, gaur zientifikoki kolokan jartzen ez den egiak: gas horren metaketak Lurraren batez besteko hozberoaren igoera dakarrela ezinbestean.

Esan bezala, Pablo Molina jaun argieginak Karbono Dioxidoaren Adiskideen Elkartea fundatu nahi du, eta beharbada, Donald Trump ahoberoa ohorezko lehendakari izendatzen saiatuko da, baina ez da apeta hutsa, ez da egozentriko baten kapritxoa, garai likidootan hitzetik hortzera darabilzkigun krisi humanitarioak ekiditeko formula ondo hausnartua baizik. Beraz, ez auto elektriko eta ez energia berde, gasolioa barra-barra erretzen duten motorrak behar ditu gizateriak, mendialde galduetako aitona-amona errukiorrek ez ezik, baita Varsoviako kale gorrian bizi diren txiroek edo sagua tranpan bezala harrapatuta dauden errefuxiatuek ere, hau da, autoetako ihes-tutuak tur-tur-tur etengabe martxan edukitzea. Hain zuzen, negu gorriak beste inongo dohakaberik hil ez dezan aurrerantzean, neguak negu izateari behin betiko utzi eta giro tropikalean epel bizi gaitezen denak, gizon-emakume guztiak berdintasunean, sozialismo klimatikoan.

Ideia iraultzaileak ditu morroiak, «Karbono Dioxidoa ez da poluzioa, ez da kutsatzailea» dio harrotuta, gaiaren gainean mundu osoan ezarri den zuzentasun politikoa bost axola zaiola, «Lurrean bizitza sortu izanaren gakoa baizik». Oldarka luzatu ditu galderak: «Zuhaitzak eta gainerako landareak ez al dira, ba, karbono dioxidoz elikatzen? Gas horren kontzentrazio atmosferiko handiek ez al dituzte ba uztak hobetzen?». Planetaren berdetasuna areagotzea eta ondorioz oxigenoa sortzea ahalbidetzen baldin baditu, baina gainera termometroetako balioak goratzeko ere gaitasuna baldin badu, bejondeiola karbono dioxidoari. Biba Karbono Dioxidoa. Gora berotegi efektua. Utikan alarmistak.

CO2-aren ospe txarrari aurre egiteko promesa fermua egin du Molinak; eta askotan inertzia hutsez egozten zaizkion okerrak salatzekoa, eta bere alde ausart borrokatzekoa, boza eman dion webgunetik hasita.

Nik, berriz, asmo berri bat txertatu diot urte berriko nire promesen zerrendari. Aurrerantzean, Pablo Molina jaunaren artikuluak ez ezik, Libertad Digital atariak dakartzan artefaktu guztiak irakurtzeko ahalak egingo ditut sarri, agendan txokorik aurkitzen badut behintzat; bereziki ekologia, espainolismoa, abertzaletasuna edota genero berdintasuna hizpide duten idatziak hobetsiko ditut, ez baitago kalanbre ideologikoa sentitzea baino pizgarri handiagorik, asteari grinaz ekiteko. Hurrengo saiorako, Santiago Navajas txit agurgarriaren «inkisizio feminista» artikulua jo dut begiz. Horiena bai umore askea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.