garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

'Nukleargate'

2017ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Duela sei edo zazpi urte, aspaldian ikusi ez dudan ezagun batek panfletoak banatu ohi zituen Hendaian, gehienetan supermerkatu handiko atarian, betiko eskaleei txokotxoa kenduta, larunbat goiz askotan. Topaketa interesgarriak izan ohi ziren haiek, egunari zegokion panfletoagatik beragatik baino gehiago, jendeen erreakzioagatik eta jarraian ematen zituzten erantzunengatik, bereziki bizpahiru lerro irakurtzera ausartzen zirenen kasuan (izan ere, dena esan behar bada, adore handia behar izaten baitzen hitz potoloz jositako esaldi luze katramilatsu eta katastrofiko haietan barrena murgiltzeko).

Gogoan dut behinola, Txernobylgo urteurrenen baten karietara edo, energia nuklearraren aurkako epistolak banatzen aritu zela gure panfletozalea, eta adin batetik gorako gizon-emakume askotxo izan zirela orria hartu, bertan zetorren txanpiñoi erradioaktiboaren zirriborroa ikusi eta lerroburu apokaliptikoa irakurtzearekin batera sinesgaitz purrustan hasi zitzaizkionak. Kurioski, argudio bat eta bera baliatu zuten denek, belarria luzatuta eduki nuen artean behintzat: «Baina zuek zer nahi duzue, kandelen garaira itzuli?!».

«Zuek» eta «kandela» hitzak zein tonutan nabarmentzen zituzten kontuan hartuta, beldur primario baten zantzua ondoriozta zitekeen desadostasun politikoaren ordez; ekologisten aldarrikapenei kasu emango bagenie, eta zentral nuklearrik ezean, naturaren elementuen menera geundekeen aro betera itzuli beharko bagenu bezala. Eta, nola diren gauzak, horixe bera iradoki dute Espainiako gobernuburuek ere, argindarraren fakturan gertatzen den abusua leporatu eta «euriaren zain gaude» moduko azalpen ergelak eman dituztenean; «uraren eta haizearen indarrik gabe, ezin tarifa merkeagoak eskaini». Energia nuklearra, Abiadura Handiko Trena bezalatsu, Frantziako estatuak proiektatu duen poderioaren ikur izan da urte luzetan. Zoriona, ongizatea eta ziurtasuna inspiratu ditu gehiengo zabalaren kontzientzietan. Gaur, nagusitasun teknologikoaren etsenplu eta bikaintasunaren erakusgarri izan nahi zuenak nondik heldu ere ez dauka, eta biztanleak harri eta zur daude hotzaldian elektrizitate-etenaldi latzak gertatu direlako nonahi. Arazoak atzaparka joan zaizkio metatzen: erreaktoreetan, segurtasuna kolokan jarriko luketen material susmagarriak; beroiek kamuflatzeko txosten faltsutuak, agiri ofizialetan; zentral batzu-batzuk kontrola ezartzeko geldiarazi, eta azkenean energia atzerrian erosi beharra, nuklearrarekiko dependentzia ia erabatekoa delako; zerbitzuen kalitatearen eskastea eta, guztiaren ondorioz, izen onaren galera, konkurrentziarekin lehiatu ezina, bezeroen urritzea; gainera, finantzaketa krisia, eskuartean dituzten buruhausteek —tartean, Cigéo edo hondakin erradioaktiboak lurperatzeko gune erraldoia, hainbat zentralen bizitza luzarazteko egokitzapenak edota desmantelamentuak— eragindako zulo ekonomiko mugagabea, estatua bera kolokan jartzeko lain ere badena, eragozpen teknologikoek urtetik urtera areagotuko dutena eta belaunaldiz belaunaldi iraungo duena. Hori gutxi balitz bezala, lobby-ari entzungor egin eta egia gordinak komunikabideei ezkutatzen ez dizkien tipo bat, Segurtasun Nuklearraren Agintaritzako buru.

Kakazte maila totala da. Ez dago aurrerabiderik, ez eta atzerabiderik ere, eta ekologistena ere, kasik, L'express aldizkariak dakarren titulua onestera behartuko du egoerak: «Nuklear frantsesa salbatu beharra dago». Zer eta katastroferik gerta ez dadin. Lagundu ezean etorriko litzatekeen hekatonbe ekonomikoak gainerako energia iturri berriztagarrien garapena oztopa ez dezan. Behingoz, nuklearra atzean utzi ahal izateko baldintzak sor daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.