garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Paradoxak

2017ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Sarean jo eta su dabilen batek —Jario deitzen diote—, poeta ospetsu baten olerkia jarri zuen Facebook-en, lau ahapaldi xume ulergarri, hamalau lerro eskas guztira, eta gonbita luzatu zien lagunei, ekarpena gustukoa zutela adieraz zezaten.

Poemak poetari gertatutakoa zekarren damuz eta minez. Alegia, bizitzaren paradoxa goibela: zoritxarrekoa izatea, bere gogoari jarraitzeagatik. «Egin litekeen bekaturik handiena egin dut», zioen poemak gutxi gorabehera, «Ez naiz zoriontsua izan. Ahanzturaren glaziarrek eraman eta gal nazatela, gupidarik gabe. Gurasoek bizitzaren joko arriskutsu eta ederrerako munduratu ninduten, lur, ur, aire eta surako. Huts egin nien. Ez nintzen zoriontsua izan. Ez zen haien borondate gaztea bete. Nire adimena artearen eztabaida simetrikoetara jarri zen, beroriek ehuntzen dituzten huskerietara. Ausardia erakutsi zidaten. Ez nintzen ausarta izan. Zoritxarreko izatearen itzala daramat beti aldean».

Poema etiketatzeko gonbita jaso zuen adiskideetako bati —ezizenez Mela—, sare sozialetako denbora-pasa ohikoa baino gehiago, bigarren paradoxa iruditu zitzaion irakurritakoa: zeharbidez zeharbide igorritako mezu zuzena, gordean egin nahi den aldarrikapen ozena, hitzik gabeko adierazpen berbala, berdez margotutako alerta gorria. Ohar garbi-garbia, alajaina. Zergatik eskatu zion bestela, Facebooken sartzea eta ikonotxo ergela sakatzea. Zer zentzu izan zezakeen bestela, aspaldian batere harremanik ez zutela kontuan hartuta...

Kezkaz, edo sare sozialek inposatzen duen ekin beharraz, auskalo, Melak Jarioren bizimoduaz pentsatzeari ekin dio. Haren egunerokoa osatzen duten zereginak errepasatu ditu, haren umetako balizko asmoak eta gaur arteko lorpenak alderatzen aritu da, eta bere kabalak aplikatu ditu. Gauza bat besterik ez du atzeman adiskidearen jardun beti okupatu eta hiper sozializatuaren atzean: maitasun eza. Zorionaren gainean egin litezkeen ekuazio guztiek hori bera dutelako elementu higiezina, haren uste apalean. Finean, maitasuna. Emana eta hartua. Tira, orobat bigarrena, zintzoki esan behar bada.

Hortaz, Jario, bertatik bertara bizi izanagatik ia inoiz ikusten ez duen adiskidea, Jorge Luis Borgesen poema bere egin duen pertsona hori bera, mimo eskean ari da disimuluan, eta eman egingo diola deliberatu du. Argi ikusi du bidea. Efektismora joko du berak ere. Lengoaia unibertsalean mintzatuko zaio. Lore-sorta eder bat igorriko dio. Arrosa gorriak. Jakina.

Jariori biharamunean iritsi zaio oparia: dozena bat ezusteko arantzatsu, zelofanetan elegante bilduta. Banatzaile mozolo batek jarri dizkio eskura, etxeko atea zabaldu orduko, eta berak salatu dio, begiak lurretik jaso ere egin gabe kasik, zein loradendatatik eta noren partetik heldu den. Jario txundituta gelditu da, atean zut.

Hasteko, paradoxa ikaragarria iruditu zaio inoiz like ziztrinik ere eskaintzen ez dion ezagun horrek, Melak, bat-batean eta aitzakiarik gabe ia, halako artefaktua bidali izana: ekologikoki batere arduratsua ez den elementu kontsumista, pestizidaz gainezka hazia, eta, oso litekeena, gainera Afrikatik ekarria. Noiz, eta San Valentin egunaren biharamunean. Jariok hotzikara sentitu du. Loreei begiratu die. Hain perfektuak eta era berean hain hutsalak. Usainik ere ez darie, baina kiratsa sumatu du. Igorleaz dituen oroitzapen zenbait errepasatu ditu buruz, haren bizimodu zomorroa, haren ekintza falta —post ziztrinik ere ez sekula, aizu—, haren urruntasuna. Zenbat eta gehiago pentsatu, orduan eta garbiago du: ekintzak grina gaiztoren bat ezkutatzen du, baina zein? Inbidia ote?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.