Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

Doakoa beti?

2017ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Kataluniaren independentziak ez zituen hizkuntzaren inguruko buruhauste guztiak desagerrarazi, ezta gutxiago ere. Katalanek ez zioten uko egin gaztelania gehixeago baliatzen jarraitzeari; azken batean, behar bezala babesturik hizkuntza nagusia, ez zuten zertan kolonizazio linguistikoen beldur izan. Gainera, independentzia egun batetik bestera deklaratu arren, Erroma ez zen egun bakarrean eraiki, eta nork ez zuen hiriguneko català quemaco-a mintzatzera iristen ez zen auzokide xarneguren bat...

Errepublikaren lehenbiziko hamarkadek hizkuntza normalizazioa birus bihurtu zuten: Mercè Rodoredaren elea gizarte katalanaren zokondorik ezkutuenetara zabaldu behar zen kosta ahala kosta. Erabaki horrek katalangintzaren eragile guztien txalo zaparrada ekarri zuen, nola ez, baina urteetan Espainiako aurrekontu mirrinak pairatutako beste sektore batzuek ez zuten halako boztarioz hartu albistea: «Katalana estatu-hizkuntza izateak ez du esan nahi gaztelaniaren edo ingelesaren parekoa denik; guk baliabide mugatuak ditugu eta aukeratu behar dugu zein esparru linguistikotan lehiatu nahi garen» adierazi zuen ordura arte tipulina erreak kuadrillan jatea baino katalanagotzat zuten intelektual batek. «Hizkuntza politikako sos guztiak xahutzen baditugu katalanaren ikaskuntza eta kanpoko gaien itzulpena diruz laguntzeko, ez zaigu eurorik geratuko erabilera sustatzeko, eta hor dugu benetako erronka» gaineratu zuen.

Kafetegi eta ile-apaindegietako ardaila sutsuenak katalana ikasteko doakotasunarenak eragin zituen. Montserrat diru-laguntzak ematen zituen bulegoko teknikaria zen eta Rambletako «edertasun saloi» batera joaten zen ile kizkurtze iraunkorra egitera. Egun hartan, ordea, ileak tente-tente sartu zen atetik: «Gaur hiru lagun etorri dira diru-laguntza eskaera egitera eta ez dakit denek merezi duten katalana doan ikastea».

Lehenengo kasua Houstongo neonatologoa zen, curriculum bikainekoa: «Gure herriak ez ditu beti profesional prestatuenak sortuko; puntakoak izan nahi badugu, beti eman beharko ditugu kanpoko buruargiak bertakotzeko laguntzak» azaldu zuen Montsek eta, aldi berean, permanentea egitea ondo iruditu zitzaien gainerakoei.«Gero Jordi Gaudí etorri da, Rubíko 40 urteko gaztea; eskolan katalana ikasi, gerora erabili ez, ahaztu eta orain berreskuratu nahi du» jarraitu zuen Montsek burua kizkurgailuz josten zioten bitartean. «Zilegi ote da bere utzikeria linguistikoa denon dirutik ordaindu beharra?» galdetu zion Svetlanak katalan ahoskera ezin nasalagoz. «Auskalo zer diostazun hirugarrenaz orduan: Elisenda Spriu, 30 urteko sabadelldarra, eskolan katalanez ikasteko aukera izanda, gurasoek deliberatuki gaztelaniazko eredura bidalia; orain, lanpostua ez galtzeko katalana ikasarazi diote». «Ziur titulua eskuratuta ere ez duela katalanez lan egingo horrek!» pentsatu zuen Carmek kokospea depilatzeari zor zaizkion garrasi horietariko bat egin bitartean.

«Eta zergatik esan duzu ez dakizula denek merezi ote duten doan ikastea? Hizkuntza ikastea doakoa izan beharko litzateke beti!» bota zuen Andreu ile-apaintzaileak guraizeak eskuan zituela. «Badakizu nik ere pozik emango nituzkeela katalana ikasteko diru-laguntzak eskuin-ezker, baldin eta Hizkuntza Politikako diru-kutxak Suitzako Pujoldarrenak bezalakoak balira; baina gure aurrekontuak finituak eta finitoak dira, eta ezagutza sustatzeko inbertsioek ez dute parekorik izango erabilera bultzatzekoetan. Eta aukeratu behar badut katalana ahaztutako edo ikasteari uko egindako pertsona baten, eta katalanez bizitzeko laguntza behar duen katalan baten artean, nik argi daukat zein partidatan sartuko nukeen guraizea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.