Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

Jazzik gabeko uda

2017ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
XXII. mendeko bigarren hamarkadako azken irailean gertatu zen. Ordura arteko uda guztiak nobedade handirik gabe igaro ziren Euskal Herrian: baratzetako tomatea bezain ohikoak ziren alde zaharretako giriak, hondartza egunetako euriak, jai biharamunetako kale garbiak, lankideen facebooketako safariak, bazkalosteko Tourreko nagiak, Marokora bidean galdutako GPS gidariak, telebistako bekadunen izerdiak... horiek guztiak aztertzen zituen udalogiak. Irail hartan, ordea, euskal errimategi udatiarrean kale egin zuen oin errepikakor batek: jazzaldiak.

2119. urteko Sanmigel bezperako egunkari salduenaren herritarren kezka eta kexatarako tartean, asmatuak ziruditen izen-abizenekin sinatutako testutxo batek agintariei galdetu zien ea zergatik urte hartan ez zen antolatu jazzaldirik: «gure hiriak jazzarekiko lotura ezin estuagoa du eta barkaezina iruditzen zait jaialdia bertan behera uztea». Emakumeak zioena egia zen teorian: Euskal Autonomia Erkidegoko jazzaldi nagusiei erreparatuz, hirurak Francoren diktaduraren azken urteetan sortu ziren, beraz, tradizio handikoak ziren. Ziurrenik, protekzionismoaren itolarri kulturalak Estatu Batuetan hain iraultzaile bihurtutako generoan aurkitu zuen bere «ongi etorri, Marshall jauna» partikularra. Donostian 66an, Getxon 75ean eta Gasteizen 77an, ordura arte babarrunak jaten ohitua zegoenari bat-batean sushia eskaintzea bezalako zerbait gertatuko zen: berrizaleek ez ezik, ohikoarekin gogaitutakoek ere gustura probatuko zuten mokadu exotikoa. Donostian Turismo eta Erakarpen zentroak antolatu zuena penintsulako lehenengoetarikoa izan zen, besteak beste. Oker ez banabil, XXI. mendearen hasieran 3 milioi euro inguruko aurrekontua batzen zuten hiru jaialdien artean.

Kontua da uda hartan ez zela jazzaldirik antolatu eta inork ez zituela faltetsi. Esango nuke desagerpenerako motibo ugari batu zirela: lehenik eta behin, jazza sasoiko produktua zen Euskal Herriko kultur eskaintzan, uztailean hasi eta uztailean bukatzen zena. Gainerako hilabeteetan zehar presentzia ezin apalagoa zuen aste bukaeretako menuetan. Beraz, azaroan jazza dastatzeko apeta zutenek bi irtenbide izaten zituzten: ezin merkeagoak ziren lowcost hegaldiak baliatu edo ezin kalitate handiagokoak bihurtu ziren streaming kontzertuak aukeratu. Hegaldien merkealdiak ere izango zuen jazzaldien desagerpenaren errurik, Montrealeko jazzaldia uztailean izanik, mokofinenek harako jauzia egingo baitzuten. Bestalde, streamingak eta inprobisazioak antonimoak emanagatik luzaroan, hain zen kalitate onekoa etxeko bozgorailuetatik ateratzen zen soinua non zenbaitek karpapeko hotsaren aurretik lehenesten zuten. Bigarrenik, Monk, Coltrane edo Davis-en musikak ez zuenez lekurik eskola curriculumean, lurraldean sortzen ziren entzule berriak basoan sortutako zizak bezalakoak ziren, espontaneoak eta aurreikusezinak. Jazzaldiek egin zituzten haurrak erakartzeko saiakerak, baina kontzertuak ikasturtetik kanpo izateak irakasle askoren bekozkoak iluntzen zituen, hori ere eskolari eskatu behar ote zitzaion duda sorraraziz. Hortaz, zaleek baino ez zituzten ilobak hurbiltzen jazz emankizunetara. Azkenik, askorentzat jazzak galdua zuen bi gizaldi lehenago sinbolizatzen zuen apurketa, eta globalizazioaren ikur bat gehiago baino ez zen. Edonongoa eta inongoa ez izateak bazituen zaleak oraindik, baina beste musika estilo batzuek era modernoagoan eskaintzen zuten ezaugarri hori.

Egunkariko kexa txiki hura eta bertako zenbait musikariren txioak kenduta, hutsunea oharkabean pasatu zitzaion euskal gizarteari. Pentsa, askok uste dute oraindik udaro antolatzen direla jazzaldiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.