Inaki Galdos
ARKUPEAN

Botoaren dilema

2017ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Beste askok ere esango dute, baina guk Imanol Murua zenari entzuten genion sarri, azaltzen denbora asko eta ahalegin handia eskatzen zuen botoa agian ez zela egokiena izan. Erakundeetan bozkatu beharreko mozio, proposamen, adierazpen edota beste hainbat ekimenen aurrean alderdi politikoen baitan usu sortzen den dilema da: errazenera jo, azalpen handiegirik behar ez duen botoa aukeratuta, edo gure benetako ikuspuntua (ustez) hobeto islatzen duen boto koherentea eman, nahiz eta jende askorentzat hain ulerterraza ez izan. Arerioarengandik bereizteko obsesioak ere bultzatzen ditu askotan alderdiak botoa erabakitzera, konturatu gabe, bereiztearen bereiztez, sarri norbere jendearengandik urruntzen direla egindako hautuarekin. Kontua da dilema horri ematen zaion irtenbidea zama bihurtzen dela maiz, aje nabarmena uzten duena.

Aipatutakoaren bi adibide garbi ikusi ditugu gure artean azken asteetan. Alde batetik, Eusko Legebiltzarrean frankismoko epaiketak baliogabetzeko Elkarrekin-Podemosen lege proposamena aintzakotzat hartzeari ezezkoa eman zion EAJk (Iñaki Agirrek salbu). Bestetik, Madrilen EH Bildu abstenitu egin zen Kupoaren legeari buruzko bozketan. Biek ala biek euren jarrerak zuritzeko pisuzko arrazoiak eman badituzte ere, susmoa daukat berriz pentsatu eta erabaki behar balute, baiezkoa emango luketela bai batzuek Gasteizen zein besteek Madrilen. Susmoaz haratago, jelkideen kasuan hori da Joseba Egibar berak iradoki zuena osoko bilkuraren ondorengo egunetan.

Bi kasuotan aproposena baiezko botoa zelakoan nago, baina ez sortu diren zalapartak saihesteko, berez egokiagoak zirelako baizik. EAJk bazuen aukera lege proposamena aintzakotzat hartu eta forma aldetik ikusten dizkion erreparoak gero legearen izapidetzean mahaigaineratzeko. EH Bildurentzat ere ez zen bateraezina Marian Beitialarrangoitiak egindako kritika Kupoaren legeari baiezko kritikoa ematearekin. Baina, erabakiak erabaki, are kezkagarriagoak iruditu zaizkit oro har egon diren erreakzioak. Salaketa potoloak, sumindura plantak, erromeria sareetan. Eta ez, lasai gaitezen, ez dira bat-batean batzuk neofrankista bihurtu eta besteak Ciudadanosen aliatu Kupoaren kontrako gurutzadan.

Neurri batean, politikak batez ere parlamentuek denbora berrietan jokatu behar duen paperaren eztabaida dago hemen. Ziurgabetasunez eta zalantzaz jositako garai hauetan, Twitterreko txio labur bat testu politiko sakon bat baino askoz eraginkorragoa den honetan edo diputatu batek bere aulkitik erakusten duen kamiseta, pankarta edo trasteren batekin lortutako argazkiak hitzaldirik mamitsuenari ia ezkutatzeraino itzal egiten badio, zer egin?

Daniel Innerarityri irakurria diogu parlamentuek galdua dutela gobernuak kontrolatzearen rola, hori dagoeneko anakronismoa dela. Lan hori beste era bateko foro eta esparruetara pasatzen ari dela. Gizartean gertatzen ari diren etengabeko aldaketen abiadura ez dela bateragarria parlamentuek historikoko hausnarketarako eta erabakiak hartzeko behar izan duten denbora eta abiadurarekin. Horregatik bihurtzen ari dira agian parlamentuak sare sozial gero eta nabarmenago. Egokitzapen arriskutsua.

Hona hemen, beraz, zailtasun berri bat hasieran aipatutako dilema argitzeko orduan. Dagoeneko kontua ez da soilik gure azalpena ez dela emateko hain erraza, dagoeneko gure zergatiak inora iritsiko ez direnaren arrisku bizia daukagu. Berehalakotasunaren (berehalakokeria esan beharko genuke agian) nahiz sareetako jarraitzaile, birtxio eta atsegin kopuruaren diktadurapean bizi garen honetan, ñabardurek tokirik ez badute, nola izango dute ba espero ez zen boto baten azalpenek?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.