Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

Googlek euskara salbatu zuenekoa

2017ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
XXI. mende osoko hizkuntza politikek hauteskunde kanpainaz kanpaina saldutako emaitza ustekabean lortu zuten XXII.aren hasieran: Euskal Herriko biztanleen osotasunak tira, soziologoek % 92 zirela zioten, baina % 8 bat utzi behar zirela iritzi dibergente, fluxu migratzaile eta aldi baterako biztanleentzat, hau da, euskara deliberatuki ikasiko ez zutenentzat bazekien euskaraz tira, soziolinguisten arabera hobe zen esatea «herritarren gehiengo zabalak, Europako hizkuntzen Erreferentzia Marko Bateratuari jarraiki, euskarazko C1 maila erdietsi zuela», baina titular hori ez zen hain notiziatsua. Ez zen langile publikorik, ez pribaturik, ez langabeturik, ez erretiroa hartutakorik, Andoni Egañaren hizkuntza ikasi izana ezin egiazta zezakeenik. Euskaraz ikasi zuten unionistek, konstituzionalistek, errepublikazaleek, europazaleek, indiferenteek, euskara zaila zela ziotenek, euskal abizenak erdal grafiarekin idazten jarraitzen zutenek, ustez euskaraz bazekitela uste zutenek, mediku onek, seme-alabarik edo txakurrik izango ez zutenek, publizitate-agentziek, kale garbitzaileek, ustez lanerako euskara behar ez zuten gainerako guztiek... AEK-k euskaltegi gehienak itxi zituen eta estrategikoki hautatutako batzuei baino ez zien eutsi, euskaldundu beharreko pelotoiaren azken hondartxoentzat. Korrika antolatzeari utzi zion ere, ez baitziren errepideetan kabitzen euskararen alde izerditzeko prest zeuden ehun-milaka euskaldunak.

Arrakastaren gakoa, ziurrenik, ezagutzaren eta erabileraren arteko paralelismoa puskatzea izan zen. XX. gizaldiaren hasieran etsipen galanta eragiten zuten inkesta soziolinguistikoek eta kale-neurketek, erabileraren ehunekoak ezagutzarenak adina hazten ez zirela iragartzen zuten bakoitzean. Zeinek esango zigun orduan Googlek askatuko zuela euskararen etorkizunaren korapiloa!? 2050. urteko Gabonetan, uve bikoitz hirukoitzaren multinazionalak aurreko gizaldi erdian zehar gaztigatutakoa bete zuen: Google glasses betaurrekoak merkaturatu zituen, bilatzailearen ahala gizakion begi-belarrietara ekartzeko gailua. Entzumenari gehitutako ezaugarrietako bat Google translate funtzioa zen: parekoa zernahi eletan arituta ere, betaurrekoen entzungailuak esana berehala jaso, Internet bidez itzuli, eta derrepentean xuxurla zekiokeen betaurrekodunari. Hortaz, mintzaide bakoitza hizkuntza desberdin batean jardunagatik, elkarrizketak ez zuen oztoporik.

Baina... zertarako behar genituen betaurrekoak euskaldunok? Euskal herritarren osotasunak bere eremuko bi hizkuntza nagusiak jakinez gero, ez genukeen betaurrekoen beharrik izango parekoaren elea ulertu eta gu geurean aritzeko. Bilbon batak euskaraz eta besteak gaztelaniaz jardungo zuten, ondokoaren hizkuntza ezagutuz, baina erabili gabe. Hortaz, herritar orok hartzen bazuen bere eremuko bi hizkuntzak ezagutzeko konpromisoa, gero komunikazio-egoera bakoitzean hiztunek libreki hautatuko zuten zein erabili. Bestela esanda, euskararen ezagutza erabatekoa bazen, erabilera hiztunek nahi bezain altua izango zen, eta ez ahal bezain bestekoa.

Eskemen apurketa orokorra izan zen: akabo bederatzi euskaldun eta erdaldun batez osatutako bilera erdaldunak, akabo ETB2n euskaldunei gaztelaniaz eginaraztea, akabo lehen hitzaren zalantzak, estres linguistikoak... Bi-hiru belaunalditan lortu zen erabateko ezagutzaren helburua. Elebitasun adostuaren aroa ez zen askok amestutakoa izan, ez zen estatu euskaldun independentea, eta ez zen dirua euskara baino gauza garrantzitsuagoetara bideratzen zuen erkidegoa ere, baina euskal hiztunen eskubideak bermatzeko eredu jasangarriena izan zen, google glassesek bigarren hizkuntzarik ikasteko premia erabat desagerrarazi zuten arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.