Inaki Galdos
ARKUPEAN

Burgesak eta komunistak

2017ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Urrezko ezteiez betea izan dugu amaitzear dagoen urtea ere, garai haietan, besteak beste, euskal politikan eta euskalgintzan egin ziren urrats garrantzitsuen seinale. Gure ikastolari ere hala tokatu zaio eta, ohikoa den legez, ospakizunak liburua ekarri du berarekin besapean. Benetako jakin-mina neukan liburuan gaiari eman behar zioten garrantziaren inguruan, aipatu aipatuko zuten ere ez neukan garbi, eta aipatzekotan nola egingo zuten galdetzen nion neure buruari liburua labean zegoen bitartean. Argi dezadan: gaia, ikastola askoren hastapenetan izandako gatazka da, kaleratzeak, zatiketak eta krisi gogorrak ekarri zituena. Ez zen erraza hamarkada luzez tabua izan den gai horren inguruan asmatzea, baina goitik behera asmatu dute liburuaren egileek, orduko protagonistei ahotsa ematen lekukotza zuzena eskaini dezaten.

Guraso burgesak eta irakasle komunistak; erlijoa bai edo ez; umeak gurasoenak dira edo herriarenak; kuotak; h-a... Horra hor ñabardurarik gabeko manikeismoa orduan ere gailendu zena. Kaleko giro nahasi bezain polarizatua ikastolara eramana. Eta ez, gauza askoz ere konplexuagoa izan zen, hura ez zen izan erreakzionario ero batzuen arteko (nola izango ziren ba erreakzionarioak sekulako arriskuak hartzen umeak inkognitaz betetako egitasmo berri horietan murgildu zituzten gurasoak?) eta bat-batean umeak bereganatu nahi zituen sekta komunista batean sartu ziren irakasle on eta jatorren arteko borroka. Nahiz eta sarri horrelako gauzak entzun behar izaten zituzten batzuek zein besteek.

Imanol Laspiur zenak eskaini zigun orduan gertatzen ari zenaren argazki zehatzena 1972ko Jakin Sorta 6-an. Gure Ikastola izeneko monografiko mardula izan zen hura, artikulu mamitsuz josia, baina eibartarraren (barka biezadate bergararrek) Ikastolak eta Gurasoak ekarpena da bereziki egokia orduan ikastoletan bizi zen giroa ezagutzeko. Laspiurrek berak hasieratik aitortu zuen ez zela erraza gai honen inguruan odol beroarekin ez idaztea. Geroago, 1994an, UEUren eskutik Idoia Fernandezek ere aztertu zituen garai hartako istilu gogor haiek Oroimenaren Hitza. Ikastolen Historia (1960-1975) liburu ederrean. Berrikiago, Goio Arana arrasatearrak Adela Ibaberen historia tristea gogorarazi zigun Sustatu-n, bere garaian Gabriel Arestiren eta Natxo de Feliperen poema eta abesti baten protagonista izana. Adela Ibabe Arrasateko ikastolatik kanporatuetako bat izan zen.

Beraz, nahiz eta herri askotan ezkutuan gordea ia tabu bihurtutako gaia izan den, badago zer irakurri. Eta irakurgai guztietan burgesak versus komunistak dialektika lehen lerroan. Testuinguru horretan biziki argigarriak dira Joxe Azurmendiren hainbat gogoeta, jakin.eus atariak bere Memoria atalean aldizkariko talde historikoko kideekin izandako solasaldian eginak. Besteak beste, zegamarrak dio «arrazoia daukate pentsamenduaren mailan, baina izorratzen ari dira» pentsatzen zuela orduan giza iraultza pedagogiaren bitartez egin nahi zutenen inguruan. Iruditzen zait asko zirela sakonean ideologikoki gero kaleratuak izan zirenen ikusmoldetik hain urruti ez bazeuden ere, ez zutenak egoki ikusi une hartan hainbat gai labainkor mahaigaineratzea, bestela ere ikastolek sekulako arazoak zituztelako hastapen haietan, besteak beste, hainbat tokitan guraso asko umeak ateratzen ari zirelako eta beste ikastetxeetara eramaten.

Ongi etorriak izan bitez Euskal Herri zabaleko ikastolen urrezko ezteiak, are gehiago ohiko ospakizunez gain, gure (ezkutuko) historia (hobeto) ezagutzeko baliagarri suertatzen badira, sekulako arazo, zatiketa eta sufrimendu pertsonalak ekarri zituen krisiari buruz modu naturalean hitz egiteko. Bide batez, garai hartan Euskal Herrian gertatzen zena jakiteko aukera paregabea ere bada, ikastolen krisi hark oso ondo batzen baititu bere baitan, gizartean izaten ari ziren gatazka eta eztabaidak. Eta orduan ere, klasikoen artean klasiko, burgesak eta komunistak elkarri mokoka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.