Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

70 pezeta, 4,5 libera

2017ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Nire garaiko musikaz galdetu didate alabek. Iritsi behar zuen une malapartatuak, eta iritsi da. Durangotik bueltan gatoz, hara elkarrekin joanda, nork bere plana antolatuta: ni, kutixi batzuk eskuratzeko aitzakiarekin, uzta oparoaren usaina dastatzera hurbildu naiz, eta beraiek gustukoa duten taldearen azken lanaren aurkezpena bizi-bizi gozatzera. Berriketak berehala eraman gaitu izkina egin nahi nuen tokira: «Zer entzuten zen zure garaian, ama?». Lehen galdera horrek ubidea ireki izan balu bezala, tupustean heldu dira segidako itaunak: Durangoko Azoka egiten ote zen garai horretan, non eta nola, oraingo jendetza elkartzen ote zen, edota non egiten ziren kontzertuak. Eta horrela jardun dugu, luze, artean Spotify-rik ez zegoela esan eta gero, gaiaz aldatzea erabaki dudan arte.

Gauza batzuk oso gaizki zahartzen dira: oroimena, adibidez, edo nor bere buruaz denboraren poderioz eraikiz joan den irudia; nire kasua da, bederen. Beren adinean zer entzuten nuen, zer irakurtzen nuen, nolako bizimodua egiten nuen azaltzea ez da berez zaila, ongi gogoratzen baititut horiek guztiak, xehetasunak gorabehera. Oso bestelakoa da, alta, oroitzapen horiek zer itxura hartzen duten bi gazte bizkorren begirada kritikoaren galbahetik pasatzen dituzunean, ispilu horretan ia dena baita barregarri. Ez da horrenbeste denbora igaro nik neuk ere galdera deseroso horiek egiten nituenetik, eta ez zait ahaztu. Gurasoen ezkontzako argazkia ikusi nuen egunean sentitu nuen auzo-lotsaz gogoratu naiz une batez.

Durangoko Azokak ateak ireki zituen eguneko notizia Euskaldunon Egunkaria-n lehen aldiz irakurri nuenekoa kontatu diet, eta orduan gutariko askok bizi izan genuen zirrara nola edo hala azaltzen ahalegindu naiz. Etxera heldu garenean, lehen ale hori hartu dut esku artean, zer kontatzen zuen hamaikagarrenez irakurtzeko, nire «garaiko» oroitzapen gozoagoak ekartzeko. Orduan ez zitzaidan hala iruditu, baina orain letra zatarra zuela eta argazkiak ere hobeak izan zitezkeela pentsatu dut. Eta hala ere, ez naiz batere barregarri sentitu kazeta horiztatuari begira. Eskuak oraindik zikintzen ditu ale zahar honek. 70 pezeta, 4,5 libera irakur daiteke haren goialdean; gaur egungo 60 zentimora doi-doi ez da iristen, eta huskeria dirudi. Eurorik, internetik, Spotify eta antzekorik ez zegoen garaian, euskarazko prentsarik ere ez zegoen, ez egunerokorik, behintzat.

Gabeziek ohitura sortzen dute. Ez edukitzera, ez izatera ohitu egiten da bat, halabeharrez. Jaiotzez itsua denak ez du udagoieneko ilunabar gorrizta falta zaiola esango, eta lehen ale hori heldu zen arte, euskaldun gutxi ohartuko zen goizean zerbaitek huts egiten zuela.

Henry Miller idazleak esaten zuen egunkari bat ez dela informazio-bide soila, bere buruari hitz egiten dion herri oso bat baizik. Egunkaria heldu zen arte, gaztelaniaz edo frantsesez mintzatuko zen geure herria bere buruarekin, baina ez euskaraz.

Herri mutua izan da geurea urte askotan, eta maiz ikasi behar izan du ia hutsetik mintzaira berri hori. Herri gabetua izan gara, herri elbarri, erdi herri.

Aldea horrexek egin zuen, egunkari hark, beste garai baten inprentak egin zuen bezala. Ordutik aurrera, bada, osatuz hasi zen geure hitz egiteko modua, eta artez eta moldez, osoagoa gara geroztik. Gauza batzuk gaizki zahartzen dira, baina beste batzuk etorkizun den garai berri eta hoberako kimuak dira.

Atera kontuak eta gaurko ispiluan jarri ordukoa. Lehen Euskaldunon Egunkaria-tik oraingo BERRIA eta BERRIAlagunera jauzi txiki bat dago, 70 pezeta edo 4,5 liberaren parekoa. Orduan bezala, geroa gugan dagoelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.