Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Agoniatik

2018ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Agonia hitza latinetik dator eta borroka esan nahi du. Protagonista eta antagonista berbatan ikus daiteke, hizkien artean, mozorrotuta: aurrean borrokatzen da lehena, eta kontrako indarra eginez bigarrena. Erabilerak beste bide batetik eraman du eta, gaur egun, kosta egiten da jatorrizkoaren arrastoa aurkitzea. Amore ematearekin, azken hatsa eman aurretik ahalegintzearekin lotzen dugu.

Jatorria, alta, beste bat da eta, beraz, zilegi da geure agonia txikien letania beste tonu batez kantatzen saiatzea.

Duela gutxi irakurri dut Extremadurako herrixka txiki bateko agure baten historia, Gizontxo deitu ohi zutenarena. Espainiako Gerra Zibilean bila joan zitzaizkion faxistak eta hara bildu behar izan zuen, ezinbestez. Jakin zuen, ordea, bere herrian gertatutakoaren berri, eta jaso egin zuen. Poltsikoan gorde zituen 30 bat urtez faxistek fusilatu zituzten bere lagunen izen-deiturak. Bilobari kontatu zion izenak paper-zati baten idatzita beti eraman izan zituela berarekin diru-zorroan ezkutatuta. Kontatu zidatenean, keinu hori zerbait agonikoa iruditu zitzaidan berbaren gaurko adieran. Pentsatu nuen garaituaren keinu ezkutukoak, intimoak ez zuela deus lortu. Orain, ordea, argi ikusten dut agonikoa izan zela, bai, borrokari eutsi ziola erakusten zuelako: izenak gorde zituela ezkutuan, ez berak gogoratzeko, besteok ahantzi ez ditzagun baizik.

Norberak erabaki ditzake bere errebeldiazko keinu txikiak zertan eta nola egin. Eta askori huskeria irudituko zaie, eta barre egingo digute. Eta alferrik dela esango dute.

Ni neuk aukeratu dut aurtengo neurea, ahanzturaren kontrako nire ale txikia, eta aurten uko egingo diot markagailua zeroan jartzeari.

Zerotik kontatzen hasten gara urtea hasten denean. Zero hildako errepidetan, zero erasotu gerretan, zero haur gosera kondenatuta. Zerrenda berritik abiatzen gara, lasai antzean, baina salbuespenak salbuespen, oso gauza gutxi dira guztiz berri.

Zeroan jarri dugu emakumeen kontrako biolentziaren kontagailua, eta orain paper zuria dirudi berez odolez zipriztinduta ageri beharko lukeenak. Zerotik abiatuta, bakea hartzen dugu, baturaren zifrak maneiaezina zaigun errealitatearen berri ematen duelako. Oraingoz, behintzat, hutsik dago laukitxoa, baina badakigu gutxi iraungo duela horrela. Ez dakigu non izango den, zein izen-deitura izango dituen urteko lehen biktimak, eta hori guztia ezagututa ere, ez dugu jakingo zein infernu-motatatik agertuko zaigun supituan.

Ahanztura programatzearen kontra matxinatuko naiz, neure txikian. Ez baitut ulertzen zer mesede egiten duen hasierako laukira itzultzeak, izan dezakeen interes estatistikoa onartzen badut ere. Uste baitut gutxi axola izango zaizkiola inkesta horiek, adibidez, joan den urteko edozein hilabetetan hildako emakumeen seme-alabei, edo lagunei. Eta esango nuke bat-batean zerrenda guztietatik desagertze horrek pena ala nazka emango diela, baina ez indiferentziarik.

Emakumeon kontrako biolentzia argazki estatiko baten baino gehiago, sekuentzia luze eta mingarrian jasotzea komeni zaigu. Gizontxo-k egin zuen bezala, gorde egin behar ditugu izen horiek guztiak, ez geuk gogoratzeko bakarrik, sekula ahantzi ez ditzagun baizik.

Txikitik borrokatzen gara ahanzturaren, injustiziaren, desberdintasunen kontra. Bizitza orube hitsa dela iradokitzen diguten Apokalipsiaren tronpeta-joleen aurka. Eta geure saialdia agonikoa dela esaten dute askok, gutxietsiz bezala, alferrik ari garela iradokiz. Barre txikia egin dezakegu, harresiak ez direlako erdigunetik pitzatzen, ertzetatik baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.