Inaki Galdos
ARKUPEAN

Normaltasuna

2018ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Igandean jaiki eta Ikurriña jarri nuen gurasoen etxeko balkoian. Bigarrena zen kalean, berandutxoago etorriko zen hirugarrena. Eta planto, garai batean hogeita hamarretik gora ikus zitezkeen kalean. Etxetik gertu, gure elkartean ere falta, eta kale bereko beste elkarte batean ere bai. Ahaztu egin omen zitzaien jartzea. Egunkariak eta ogia erosita txikito batzuk edaten, inork ez zuen Aberri Eguna aipatu, nik neuk lagun bati zerbait esan nion arte. Bere etxe berrian ez omen dauka Ikurriñarik, telefono finkoarekin gertatzen den bezala, gurasoenean bai, baina berean ez zuela beharrik ikusten. Mingarria, baina ateraldi bizia berea. Eta esanguratsua.

Arratsaldean Eibar-Reala derbia telebistaz ikusten, ez nuen Aberri Egunaren arrastorik sumatu. Une aproposagorik... Lagun batek idatzi zidan esanez Donostiako kale batean Kataluniako estelada gehiago ikusi zituela Ikurriñak baino. Are harrigarriago, estelada batzuk zeuden balkoietan Ikurriñarik ez Aberri Egunez. Tira, ez gaitezen ozpindu, agian ez ziren etxean egongo. Milaka batzuk hainbat alderdi eta eragile politikok deitutako hitzorduetan eta punto. Eguna pentsamendu mingots batekin bukatu nuen. Horrela jarraitzen badugu, laster Montejurrako karlisten ospakizuna bezala bukatuko dugu, abertzale fetitxista eta erromantiko gutxiren urteroko bitxikeria.

Inor aurreratu baino lehen, nik ere onar dezadan nazio baten egoera eta indarra ez dela horrelako ospakizunetan neurtzen. Egia da orbain sakonak utzi dituen eta oraindik itxi gabe dagoen urte luzetako gatazka odoltsuaren ajea pasatzen ari garela oraindik. Halaber, ukaezina da gizartean ematen ari den aldaketa sakonaren biktima ere badirela horrelako ospakizunen beherakada nabarmenak, eta ez aberriaren ukapenaren ondorio. Eta nola ez, onartu beharrekoak dira euskal abertzaletasunak aurrera begira dituen erronka eta gabeziak ere, globalizazioan hobeto kokatu beharra, besteak beste. Baina aldaketa eta gabezia horiek bakarrik azaltzen al dute bere horretan gure artean gertatzen ari dena? Ezezkoan nago.

Herri guztiek dituzte beharrezko barealdiak, are gehiago gure artean bizi izan dugunaren ondoren. Baina ez genuke gainditu behar bare egotearen eta lozorroan egotearen arteko muga lauso bezain arriskutsua. Eta iruditzan zait gainditzen ari garela sarri. Dena besteen esku uzten ia beti. Arazoak baldin badaude, erakundeek, hezkuntza sistemak, irrati eta telebista publikoak... konponduko dizkigute, konpondu beharko dizkigute edota konpontzeko exijituko diegu (aukera beza bakoitzak berea, erakundean dagoen alderdiarekiko duen gertutasunaren arabera). Edo Pedro Luisek, kontzertua baldin bada arazoa. Pultsua galduta, zabar, laxo dago euskal gizartea, begi bistan dauden arriskuez jabetu ezinik.

Hamarkada luzez normalizazio politikoa aldarrikatu eta amestu ondoren, normaltasuna lortu dugula ematen du. Baina kontuz, ez da gauza bera. Normaltasuna ez da beti normalizaziora bidean dagoen arnasgunea ere. Normaltasuna kultura dominanteak zolitasunez ezartzen digun egoera da sarri, agian normalkeria deitu beharko geniokeena. Euren balioen arabera doitu ondoren sortutako egoera. Hemen normaltasuna ezartzen ari dela diote gero eta sarriago Madriletik. Bada, normaltasuna hau baldin bada, nik ez dut normaltasunean bizi nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.