Txema Ramirez de la Psicina
ARKUPEAN

Felipe VI.a paketatuko al dugu?

2018ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Apirilak 14. Historiarako eguna. Duela 87 urte, 06:30an, Eibarko Udalak bigarren Errepublika aldarrikatu zuen. Harrera beroa egin zion herriak. Geroago, Francesc Macià presidenteak Kataluniako errepublika proklamatu zuen eta gauza bera egingo zuen gero, baina estatu osorako, Niceto Alcala Zamorak Madrilgo Gobernazio ministeriotik. Bistan da orduko giroa eta gaurkoa desberdinak direla, baina hain desberdinak?

Adierazgarria oso izan zen Alfontso XIII.aren ihesa. 16:30ean utzi zuen jauregia, Mairuaren zelaia izeneko lorategietara ematen zuen ate sekretu batetik. Jendetza kalean zen, festan, olgeta betean, errepublikari bibaka. Erregea, koroarik gabe, etsita zegoen, nora zihoan oso ongi jakin gabe. Bere luxuzko autoan sartu zuten, ehun kilometro orduko abiadan. Ihesaren lehenengo etaparen helmuga jakin zuenean, hauxe galdetu zion aldamenean zihoan Jose Riverari, Espainiako Itsas Armadako ministroari: «Nork paketatu nau Cartagenara?». Eta Riverak, lehor: «Gobernua izan da, jauna, Gobernua». Cartagenatik Marseillara Alfontso XIII.a erbestera eraman zuen ontziak, itsasoratu zenean, Alfontso printzea zuen izena. Bueltan, berriz, Askatasuna deitzen zen, eta mastan Errepublikako bandera zeraman.

Alfontso XIII.a ez zen esku hutsik joan. 140 milioi euroko fortuna eraman zuen berarekin. Mussoliniren babespean, lapurtutako fortunak aukera eman zion bere bizimodu xahutzailerekin jarraitzeko, baina bere herriaren gorrotoa aldamenean izan zuen beti harik eta 1941ean Erroman hil zen arte. Hori baino lehenago, 1931ko azaroan, Errepublikako Gorteek «goi mailako traizioa» leporatu zioten, baita herritar orori agindu zehatza eman ere: «Espainiara bueltatuz gero, edonork ahalko du bera atzitu». Izan ere, II. Errepublikak ez zuen inoiz barkatu Alfontso XIII.ak Primo de Riveraren diktadurarekin izan zuen lankidetza estua.

87 urte geroago gauzak aldatu dira zeharo. Espainia erresuma da berriro. Alfontso XIII.aren birbiloba Zarzuelan da, eta ez hori bakarrik, bere tronutik agintzen jarraitzen du bedeinkapenak eta gaitzespenak modu ezin zitalagoan banatuz. Orain, kolpistak eta matxinoak dira Katalunian herri borondatea gauzatzera ausartu diren agintari demokratikoak. Eta hori guztia Espainiako komunikabide gehienen babes sutsu eta itsuarekin.

Zer egin? Noiz paketatuko dugu Felipe VI.a eta bera inguratzen duen kohorte ustel guztia? Zoritxarrez, ezin itxaropen handirik izan. Izan ere, Espainiako estatuan nagusi diren lau alderdietatik hiru —PP, PSOE eta C´s— erregetzaren zutarri sendoak dira. Eta Podemosi ere badirudi aldaketa sozialerako grina emeki-emeki itzaltzen ari zaiola.

Zer ez da aldatu ordutik hona? Bada, besteak beste, Katalunia eta Euskal Herriaren arazoak oraindik ere hor jarraitzen duela, konpondu gabe, eta, itxura guztien arabera, halaxe jarraituko duela tartetxo batean. Aliatuak eta arerioak begi bistakoak dira. Etsai nagusiak: Espainiak bere menpe dituen estatu aparatu guztiak (politiko, judizial, polizial eta mediatikoa). Arerioak: besteak beste, Europako Batasunaren zurruntasuna, haren statu quoa aldatzeko batere gogorik ez duena. Non jarri itxaropena? Gure baitan, herriarengan, ez estatuetan; hau da, gure mobilizatzeko gaitasunean, konbentzitzeko ahalmenean, indar berritzaileetan, sektore solidarioengan, nazioarteko justizia independentean...

Askatasuna ez digu inork oparituko. Inork ez zuen esan hau guztia erraza izango zenik. Katalunia aurretik doa. Haiei miresmena eta aitortza zor zaie. Bai, baina hemen ere txinparta gutxien uste dugun momentuan pitz liteke. Baldintzak sortu eta landu behar dira. Adostasun berriak bilatu, testuingurua goldatu. Behetik gora eraikitzen diren konplizitate horiek lortuko dute inguratzen gaituen neofaxismoa historiaren zerri askara botatzea. Felipe VI.a Cartagenara paketatzea zailago dirudi. Baina hemen euskal errepublika eraiki behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.