Idurre Eskisabel Larrañaga.
ARKUPEAN

Tabuari heltzeko garaia

2018ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Egunak daramatza alabak Siria bonbardatu duten frantziarrak nongoak diren galdezka.Itauna ez du edonoiz eta edonola egiten:adibidez, autoan biok bakarrik goazela, bakoitzak geure baitara biltzeko adinako isiltasun dosia geureganatu ondoren. Edo lotarakoan, biharamunera bitarteko azken musua gauzatzean. Galdera botatzen du, nire nola-halako erantzuna aditu, eta isilik geratzen da berriro. Horrenbestez, badakit larritzen duen gaia dela.

Kosta zait, ordea, galderaren zentzuaz ohartzea:«Nongoak dira Siria bonbardatu duten frantziarrak?»... «Nongoak izango dira ba? Frantziakoak!».Jainkotara jolasten duen gurasoaren bizkortasun tautologikoa. Baina, jakina, ezetz, ez dela hori... isiltasun hutsarteen ostean joan da galdera segida osatzen:ea Frantzian nongoak diren... esaterako,Ipar Euskal Herria Frantziaren meneko denez ea euskal herritarrik ba ote dagoen, Baionakorik, kasu. Edo Donibane Lohizunekorik, Azkainekorik, Urruñakorik... eta, asaldura bereziz, ea Hendaiakorik, gure herrikorik, baden. Horrela, azken galderalarrira heldu arte: «Ama, guk ezagutzen dugun inor ba al da Siria bonbardatu dutenen artean?».

Orduan jabetu naiz kezkaren nondik norakoaz, non kokatzen den mundura handitzen ari den buru txiki horri hainbesteko bazka eman dion espantua: pentsatzean egunero agurtzen duen bizilaguna, edota piszinan irribarre zabalez kasu egiten dion auzokidea, izan daitezkeela bonbardatzaileak. Azken batean, ulertzean mina, erasoa, kaltea, gaitza, hilketak,bortxa, gerra... ez direla gutaz aparteko pantaila eta eremu lausoetan gertatzen, baizik etagure gorputz zehatzetan.Alegia, gu bezalako jende eta gorputzak direla min, eraso, kalte, gaitz, hilketa, bortxa etagerren pairatzaile. Geu izan gaitezkeela.Are eta asaldagarriago: gu bezalako jende eta gorputzak direla sarraski horien egile. Geu izan gaitezkeela.

Behin ondorio horretara helduta pentsatu dut umeak zoragarriak direla, eta, zorionez, haiengan geratzen dela halako batean helduok esnezko hortza balitz bezala galdutako bihotz garbitasuna, zeina gero eta argiago dudan dela egiazko buru argitasunerako baldintza. Halaber, pentsatu dut alabaren pasadizo hori abiaburu egokia dela egun eta hemen dugun pentsagai premiazkoenetako, eta halaber, azkenaldiko taburik handienari heltzeko: indarkeriaren auziari. Helduleku bikaina dudala, besteak beste, mahai gainean jartzeko nolako erraztasunez onartzen ditugun urruneko eta, batik bat, «bestelakotutako» leku eta jendeen sarraskiak, gure etxe atarietan migratzaileen ehizarako jarritako indar armatuen kontrolak, halakoetan bortxarik ez ikusteraino. Aldiz, zenbaterainoko otzan hartzen dugun Altsasukoaren pareko taberna bateko liskarra ia-ia gizateriaren kontrako krimentzat jotzea edota Kataluniako desobedientzia zibileko praktikak terrorismotzat. Horrenbestez, artikulu honen ildoa erabakita jarri naiz ordenagailuaren aurrean, arestian aipatutako horri denari forma ematera.

Eta orduantxe ikusi dut ETAren agiria. Orduantxe orain 40 urte nintzen ume haren oroitzapenak hartu nau, lo hartu aurreko unean min, eraso, kalte, gaitz, hilketa, bortxa eta gerraren hurbiltasunaz ohartu zen harenak. Nire gorputz txikian sentitutako espantuarenak: poliziek tirokatuta hildako hurbilekoarenak, komisariatik pasa ostean gorputza ubel etorritako senide eta lagunenak, beldur eta debekuenak. Baina, batez ere, neure inguruan, neure gu-an, ETAkoa nor ote zen larriduraz pentsatzen zuen haurrarenak: min, eraso, kalte, gaitz hilketa, bortxa eta gerren egile sentiarazten ninduen, eta, era berean, neure eta ulergarri zitzaidan.

Inoiz baino argiago sentitu dut: indarkeriarena dugu egun taburik handiena, eta, horrenbestez, indarkeriaren gainekoa dugu eztabaida zintzo eta, batik bat, libre, premiazkoena. Inoiz berriro gertatuko ez bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.