Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

10.000 haur

2016ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Bizpahiru urterekin, alabetako bat galdu zitzaigun Bilboko Zazpikaleetako Plaza Barrian. 10 minutuko kontua izan zen, baina oso ondo gogoratzen dut estualdia. Bere neurriko ume mordoa elkartzen zen han ordu-modu horretan, eta ia denek motortxo urdin-horixkak zerabiltzaten, denak igualak, denak alderik alde karraderan. Goitik begiratuta inurritegia zirudien Plazak, eta behetik behatuz gero, diot nik, guraso guztiak antzekoak irudituko zitzaizkien haurrei. Despistatu egingo zen bera, eta baita geu ere. Handik aurrera, begia kendu gabe zelatatu nituen alabak, oso ongi gogoratzen nuelako ni neu ere, bospasei urterekin edo, Kontxako hondartzan galdu egin nintzela egun batean, eta kabina kolektiboetara (halaxe deitzen ziren, bai) eraman nindutela, eta hantxe izan nintzela, bazter baten eserita eta negarrez, gurasoak bila etorri zain. Urte piloa igaro den arren, oraindik gogoratzen dut, hitzez hitz, bozgorailuez ematen zuten abisua: «Se encuentran recogidos en las cabinas colectivas varios niños extraviados. Se ruega a sus familiares o cuidadores pasen a recogerlos a la mayor brevedad». Bitxia da, gero, nola gogoratzen ditugun hainbat gertakariren xehetasunak, noraino sartzen zaizkigun, eta nolako arrastoa uzten duten, ia betirako.

Apurka-apurka iristen ari zaizkigun albisteen arabera, 10.000 haur galdu dabiltza Europan barrena, auskalo noren esku. Goiburuak atentzioa deitzen du, baina ez, itxura denez, larrialdia eragiteko adina. Zer gehiago behar dugu esnatzeko? 10.000 haur nahikoa ez bada behingoz kalapita hau guztia arintzeko oinarrizko neurriak har daitezen, zenbat behar dira? 20.000? Gehiago? Zenbat gehiago?

Galderak egitea erraza da, eta edonori burura dakizkioke nik neure buruari egiten dizkiodan bezalakoak, edo are mingarriagoak. Erantzunak, alta, askoz konplexuagoak dira, errefuxiatuen jarioak eragin duen krisiak ertz asko baititu.

Gerora sor daitezkeen arazoak aurreikusten ari direlako argudioarekin, ezintasun agerikoa erakusten dute Europako erakundeek, eta neure buruari galdetzen diot zertarako eratu ote zuen Europak era horretako (des)gobernurik, arazoak aurreikusteko edo konpontzeko. Itxura guztien arabera, lehena da, hau da, gertakizun dena, orain axola diona bere erosotasunaren kuxinetan etzanda lasai-lasai lo egiten duen Europari.

Errefuxiatuen etorrera desordenatuak urduri jartzen ditu Europako agintariak, nola banatu, non kokatu eta zein baliabiderekin artatu ahal dituzten erabakitzea ez baita auzi erraza. Eta hori hala dela dakigun arren, moketadun areto epeletako eztabaida hori mingarria eta atsekabegarria da, argi eta garbi erakusten duelako ispilatze hutsa izan zela noizbait amestu genuen Europa abegikor eta aterpe emaile hura. Gezur handi bat da 2012. urtean Nobel Saria jaso zuen Europa hura, zeinean ez baitira kabitzen gerratik eta miseriatik ihesi datozen errefuxiatuak, are gutxiago 10.000 haur galdu.

Kuotak kalkulatzeko irizpide matematiko edo estatistikoa erabili behar ote den erabakitzen duten bitartean, ordea, euria ari du, edo hotz egiten du, eta lokatzetan egiten dute lo errefuxiatuek, eta eguneroko bizitza segurtatzeko ahalegina titanikoa bihurtzen da errefuxiatuen kanpamentuetan. Estatu bakoitzaren barne-produktu gordinaren araberako errefuxiatuen esleipena negoziatzen ari diren unean, haurrak «galtzen» ari dira, haurrekin merke-zuhurrean dihardute trafikatzaileek. Negoziazioetan atsedena hartzeko kafe-etena egiten duten bitartean, jendea hil egiten ari da, eta boluntarioak haurrak eta helduak lurperatzen ari dira Mediterraneoko kostaldeko herrietan.

Imajinatu ilara batean jarrita haur horiek; imajinatu guztiak, demagun, eskutik helduta Europa aberatseko mugen barruan, itsasaldi luze eta beldurgarria gainditu eta gero. Imajinatu 10.000 haur galdu horiek, kasurik onenean, bazter batean eserita, gurasoak agertu zain, seguruenik ohartu gabe entzuten ari diren berbak, arrotzak eta ulertezinak izanik ere, bizitza osorako iltzatuko zaizkiela burmuinean eta, infernutik ateratzea lortzen badute, hitzez hitz gogoratuko dituztela aurrerantzean.

Imajinatu 10.000 haur horietako bakoitza desagertu zen unean haren inguruan guraso eta senideen artean lehertuko zen eztandaren oihartzuna. Imajinatu zer den gauero lo egin behar izatea seme-alabak galdu edo galarazi edo desagerrarazi dituztelarik, burutik kendu ezin dituzularik galdu aurreko egunean esan zenizkien azken hitzak. Eta orain, galdetu zeure buruari horri lo egitea deitu ote dakiokeen, edo nola izendatuko zenukeen zuk zeuk egoera hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.