Joxerra Garzia.
ARKUPEAN

Hiri berorika egingo dizut

2016ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Hamabi bat urte bete berri, kristo guztiari «hi» esaten omen zion gure Patxikuk.Behin, aitak errieta egin dio, edonori ezin zaiola hika hitz egin, are gutxiago apaiz jaunari.

Handik laster, kalean doala, hara non etortzen zaion, espaloian pare-parean, Don Antonio apaiza. Aitaren errieta gogoan, Patxikuk: «Arratsalde on, apaiz jauna, zer moduz da berori?» Don Antoniok, horrelakorik espero ez, eta: «Joño, Patxiku, nolatan ba hik niri berorika?». Mutikoak, orduan, aitarenak aitaren batean ahaztuta: «Aitak esan zidak hiri berorika egiteko!».

Berorika guztiz galtzeko bidean doa, zorionez. Hitanoa ere bai, baina horri, nire ustez, eutsi egin behar genioke, kosta ahala kosta.

Nik neuk, ikasleei hika hitz egiten diet (ia) beti. Gero, ikasle ohi izatera bihurtzen direnean, saiatzen naiz haiek ere nirekin hika hitz egin dezaten. Animatzen direnen e-mailetan eta, sarri nahasten dira, esaldi berean, hika eta zuka. Hala ere pozik ni, ez baita hori hitanoarekin dugun arazo nagusia.

Munduan ez dago hiztunik, kideekin eta nagusiekin berdin hitz egitea gustuko duenik, eta premia hori hor dago, eskolan eta hedabideetan hitanorik ez balego bezala jarduten tematzen garen arren. Kidetasuna markatzeko baliabidea da hitanoa. Bere arauak ditu, jakina, baina garrantzitsuena ez dira arauak, hiztunarentzat bete dezakeen funtzioa (eta hari egin diezaiokeen onura) baizik.

Euskal hiztunek (ere) beti sentituko dute kideekin «nagusiekin ez bezala» hitz egiteko premia. Adin batetik behera ez dago euskal hiztun elebakarrik, eta euskarak (hezkuntza sistemaren eta hedabideen bidez osatu dugun euskara-edo horrek) ez badie horretarako aukerarik eskaintzen, beste hizkuntzara joko dute solaskidearekiko gertutasuna markatzeko, euskarazko jario ederrean «tío» eta gisakoak txertatuz hiruzpalau hitzez behin.

Muturreko bi joera txatxu antzematen ditut nik, hitanoaren erabilerari dagokionez. Batetik, guraso eta irakasle hiper-demokratak daude, seme-alabei eta ikasleei eurekin hika hitz egiten uztearen aldekoak. Ideologiak ideologia, astakeria latza da hori, gazte jendeari nagusiekin hika aritzeko baimena emanez gero hitanoak ez bailuke balio izango solaskideen arteko kidetasuna markatzeko. Eta gaur egun euskarak horretantxe du, erregistro informal-ludikoetan, gabeziarik larriena.

Beste muturrean, berriz, hezkuntza sistema eta hedabideak daude, euskarazkoak. Hor hutsaren hurrengo presentzia du hitanoak. Progre-usteena baino dezentez okerragoa da hori, nire aburuz. Ezagutzaren eta erabileraren arteko koxka gero eta handiagoa da euskararen kasuan, eta dena ez da alboko estatu gaiztoen erru, guk ere badugu horretan geure erru puxka. Hori onartzen ez dugun bitartean, nekez antolatuko dugu euskara politika egokirik.

Geure premietatik abiatuta antolatu behar genituzke nazio izaerari eusteko ditugun tresna nagusiak, batez ere hezkuntza sistema eta hedabideak. Kultura normalduetan ez bezalako eskola eta hedabideak behar baditugu, izan dezagun ausardia eskola eta hedabide ez-normalak antolatzeko.

Hezkuntza sistemarena alde batera utzita, Gaztea Irratiarena zait lazgarriena. Badakit latoso samarra naizela kontu horrekin, baina neure buruari zin egin diot aukera dudan aldiro saiatuko naizela Gazteak kontu hauetan erakusten duen utzikeria salatzen. Horrek ez du inola ere esan nahi Gaztea gutxiesten dudanik. Aitzitik, gazteen artean halako presentzia baitu, argi eta garbi daukat gazte hizkeran eragiteko tresna ezin hobea litzatekeela... hartara jarriko balitz.

Gazteari gazte hizkeran eragitea (eta tarteka hika jardutea) ere badagokiola erabaki eta behar diren neurriak hartzea eskatzen diot, beraz, zuka gutxi dela berorika, horretarako eskumena duen horri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.