garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Esnea

2016ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Udaberri kutsuko lehen printzek eta San Jose loreek haurtzarora eramaten naute beti, urtaroek zentzu betea hartzen zuten garaira eta tokira: Ibarrako herrian koskortu ginen, fabriketatik gertu baina kale girotik urrun xamar, baratzez inguratuta. Eskolako lanak gutxiago eta etxean ardura handiagoa izaten genuen orduko umeek, eta, oro har, gaurkoei baino betebehar errealagoak egokitzen zitzaizkigun egunerokoan, nagusiki etxerako enkarguak, txukunketa eta senide txikien zaintza, familia ugarian jaiotakoak ginenon kasuan, edo baserriko jardun amaiezinen artetik batzu-batzuk beregain hartu beharra, gure auzoko lagun-minez ari bagara.

Mainak eginda saihestu zitekeen lanik ez zen askotxo izango gurean, gaur eginkizun negoziaezinak besterik ez baitzaizkit etortzen gogora, alegia, trumoi-tximistak jo edo harria bota, esan orduko egin gabe barkatuko ez zitzaizkigun ardura gogaikarri haiek. Zazpi-zortzi urteak betez geroztik, konparazio baterako, esne bila joan behar izaten genuen neba zaharrenak eta biok, txandaka beti, egun batean hura eta biharamunean neroni, 300 metro inguru beheragoko baserrira. Beti eta salbuespenik gabe afalaurretik egin beharreko mandatua, eguneko trantzerik gogorrenetakoa izaten zen niretzat, amesgaizto totala, ordu horretarako ilunpe beldurgarrian biltzen zituelako gauak hango bazterrak, eta kale-argi makal tristeak gure etxetik baserriranzko bidetik urrun gelditzen zirelako tamalez, baina batik bat, bi litroko marmita betea eskuetan harturik ezin izaten nuelako itzulia arineketan egin, ezta lepoa atzerantz behar bezala okertu ere, bizkarra zaintzeko, gaizkilerik segika ba ote zebilkidan erreparatzeko. Den-dena esaten hasita, garaitsuan hasi zitzaion baserrian zuzenean erositako esne gordinari ospe txarra gailentzen. Behiaren gernua nahastuz loditzen zutela, gaitzak transmititzen zituela, esnearen gainak zikinkeria franko batzen zuela eta antzeko beste susmo asko entzuten zen orduan ama-amonen berriketetan, baserriotako osasun ikuskapena martxan jarriko luketen aitzakia ugari.

Gaur, ondo kostata lortutako lehengaia baino gehiago, gure bizimodu gozogabearen ispilu genuke esnea, eta elikaduraren industriak sartu digun golik handienetakoa, produktuari aplikatzen zaion prozesua eta nola dibertsifikatu den kontuan hartuta. Oinarrizko misioaz gainera, gure figura fin mantentzea eskatzen zaie esneari eta haren eratorriei, edo gure txitxi itsusiak mehetzea —horrexetarako asmatu omen ziren esne gaingabetuak eta erdi gaingabetuak—; geure zainak, arteriak eta bihotza luzarorako zaintzea —omega 3 eta azido oleikoa duten esneek agintzen diguten onura, hain zuzen ere—; emakume helduen hezurrak indartzea, osteoporosia ekiditea, gaztetasunari eusten laguntzea —D bitamina eta kaltzio dosi potoloa dakarten esneen meritua—, burmuinaren endekapena eta nerbio sistemaren jardun egokia bermatzea —magnesiodunen bidez—; haur mega-bizkorrak haztea —burdina, fosforoa, bitaminak eta sekulako osagarri mordoa barra-barra gehituta—; eta hori gutxi balitz bezala, digestioa arintzea eta gizarte honek nekez emango diguna basokada bakarrean eskuragarri jartzea —«ondo sentitu, aske sentitu», dio laktosarik gabeko baten abesti sonatuak—. Baina zer da benetan gaurko esnea. Zer da supermerkatuetan area oso bat hartzen duen produktu zuri paketatu hori, berez behar lituzkeen onura natural guztiak esterilizazio edo pasteurizazio prozesuan galdu baditu, immunitate sistemari hain beharrezkoa zaion bakterio-flora guztiz eskasa edo hutsala baldin badu, Veronique Richez-Lerouge kazetariak burututako ikerketaren arabera... Motz esanda, natura hila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.