Idurre Eskisabel Larrañaga.
ARKUPEAN

Umorea eta bertutea

2017ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Zenbat ez ote den idatzi egunotan Euskalduna naiz, eta zu? telebista saioak piztutako ika-mikaz eta haren ildotik Miren Gaztañaga aktoreak jasandako lintxamenduaz. Zenbat lerro Bidasoaz hegorako erredakzioetako pantailetan; zenbat hitz agintari eta politikarien komunikazio bulegoetan; zenbat salaketa mezu, elkartasun adierazpen, atsegite eta meme sare sozialetan... Izan ere, umorea ez da txantxa, eta are eta gutxiago da inuzentea.

Azken batean, gertakari bakan horretan gure korapilo zailenen hari muturrak katramilatzen dira: muinean herri izate nahi desberdin, eta, gainera, konfrontatuen auzitik sortzen direnak, hala nolaidentitateen eraikuntzarako errelato eta iruditerien arteko lehia eta talka. Uxoa Anduaga soziologoak maistraki azaldu du egunotan berripaper honetan umoreak boterearekin duen harreman estua; are, umorea eskuarki erresistentziarekin eta kontra egitearekin lotzen bada ere, egiaz, gehienetan, boterearen aldeko tresna izaten dela.

Nolanahi ere, gauza batek eman dit bereziki atentzioa: egunotan idatzi eta esan diren milaka hitz, esaldi eta mezu horietan: ez dudala bat bera ere harrapatu esaten duenik Euskalduna naiz, eta zu? saio horretatik jasotakoekin barre egin duela. Aitzitik, Miren Gaztañaga eta kideei babesik estuena agertu eta, are, zalaparta horren oinarrian Espainiako Estatuaren larderia dagoela salatu dutenen mezuetan ere, irakurri ditudanetan, beti bazen desmarkatze ariketa bat. Hau da, izan elkartasun zein salaketa mezu, hori formulatzera iritsi baino lehen behin eta berriro errepikatu den esaldi moldea izan da aurretik paratzea saioaren edukia ez dela mezu egilearen gustukoa. Ez diola saioari grazia zipitzik topatu.

Eta, zer nahi duzue, esatea... bada, bakar xamar sentitu naizela... Izan ere, aitortuko dut: istiluaabiatu eta Youtuben talde oso interesatu batek jarritako hamar minutuko entresaka erabat interesatu hori ikustean barre egin nuen... Hori bai, karkailarik gabe eta esku ahurrarekin ahoa estaliz; hau da, erdi lotsaz eta erruduntasun zantzuekin. Drogarik gabeko mozkorralditxo intimo baten antzeko zerbait izan zen, parrandakoan, ordu txikitan, norbaitek edo zerbaitek zirrikitu bat zabaldu eta ugazaba edota lankide ukiezinaren pentzura astakeriak esaten hasten garenean bezala. Eta esango nuke, saioan Espainiaren gaineko estereotipoak ardatz hartuta solastatu ziren aktore, kantari, telebista aurkezle eta gainerakoak, aldarte berean sumatu nituela. Ez da dotorea, ez da eraikitzailea —kasu zehatzera etorrita, ziur aski, ez da telebista publiko batek emateko edukia—, baina, izan liteke askatzailea. Eta, batik bat, gertatu egiten da.

Pentsa eta pentsa nabil egunotan, ulertu nahian nire barreen nondik norakoa, eta, era berean, ulertu nahian telebista saioan egineko txisteen graziaren ukatze publiko erabatekoa —(auto)zentsurarik izan ote da hor?—. Ez naiz ondorio argietara iritsi oraindik, baina aurkitu ditut bi hari mutur: bat, Fermin Etxegoien kazetari eta idazleak zalaparta piztu duen saioan bertan esaten duena, hots, Espainia trauma dela. Ados nago, uste dut hala dela oraindik jendarte honetako herritar askorentzat: saioko kideen artean sumatutako mozkorralditxo giroa horren zantzu bat delakoan nago. Eta, diotenez, trauma handitu besterik ez da egiten ez ikusiarena eginda.

Beste hari muturra, Miren Llona historialariari noizbait irakurritakoaren haritik: iragan mende hasmentetan, Bilbo Handiko klase ertainak Meatzaldeko langile klasea estigmatizatzeko hango emakumeak «galdu eta moralik gabeko» erretratatu izanaz ari dela, esaten du meatzari haiek beren buruan sendotzeko baliatu zuten estrategia izan zela emakume indartsu, langile, kontziente eta arduratsuaren iruditeria eratzea. Hau da, feminitate burgesaren iruditeriakoa baino emakume eredu bertutetsuagoa eratzea. Nago antzeko mekanismoz jokatu dugula auzi honetan geure burua menderatuen bandoan ikusi dugunok: 8 apellidos eta enparauetan ikusitako itsuskeria bera atzemane ez ezik, hura erabiltzea ere arbuiatuz.Umore hegemonikoarengainetik egoteko bulkadaz, bertutetsuago eta aratzago izateko premiaz.

Gerta dadila onerako... Adibidez, errelatoen eta iruditerien lehia euskaldunak vs espainiarrak ardatzetik gune eraikitzaileagoetara mugitzeko. Gertatuko ote da noranzko bietan...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.