ARKUPEAN

Mendizaletasuna

Mikel Elorza -

2017ko ekainak 28
Lana zela-eta baso eta zelaietan gora eta behera ibiltzen ez zirenez, lanik egin ere ez seguruena, mendiak igotzen hastea erabaki zuten batzuek. Afizioz, ez ofizioz. Mendi altu horiek hankapean hartzea erronka bilakatu zen, abentura ere bazen. Egunean orduak libre eta are egun osoak libre zituzten jendeen esklusiba zen abentureroa izatea, gizonezkoena noski, abenturero horien emakumeak jardun publikotik at baitzeuden, eta jende gehienak nahikoa zeukan bizimodua ateratzen kirola egitearren pendizak eta paretak garaitzen ibiltzeko.

Gizartea aldatzen joan zen, denbora librea eta soinketa gizartearen maila baxuagoetara iristen hasi ziren —emakumezkoengana iristea askoz gehiago kostako zitzaion, oraindik ez da iritsi kasu askotan— eta mendizaletasuna zabaltzen joan zen. Ondo. Ariketa fisikoa izateaz gain, osasungarria gainera, naturarekin bat egiteko aukera ematen zuen, ederra hori ere.

Une batean, gainera, aberriaren osagaien artean ere sartu zen, nolabait esateko, eta bultzada handia hartu zuen, mendira joateko zaletasuna gure DNAn dagoela tankera hartzeraino. Garai horretan gure aberriak ponte usain latza ere bazuenez —orain ere...—, mendiak gurutzez bete genituen, eta han daude oraindik (nola kenduko dituzu bada gure asabek jasotako gurutze horiek, nola ba, ze nezesidade, ze traba egiten dute, gure historiaren parte dira, utzi bakean gurutzeak, eta hildakoak eta hezurrak...).

Errepresioko isilaldi luzearen ondoren, berriro ere mendia lagun izan genuen frankismo amaieran, martxak eta asanbleak, ikurrinak gurutzeen aldamenetan... eta euskaldunak berriro esnatzeari berrekin genion, mendirik mendi, baserritik baserrira.

Eta hola. Mendizaletasuna gure odolean daramagu. Bego, ondo dago, ederra izaten jarraitzen du.

Abentura ukitua ere ez zen galdua. Mugen bilaketa, orain esaten zaionez. Horrek ere jarraitu zuen, eta mendi altuagoak eta zailagoak igotzen hasi ziren batzuk. Eta jarraitzen dute. Gero eta zailagoak, gero eta altuagoak, gero eta modu muturrekoagoan. Everest puntara iristen ere aurrenetakoak izan ginen, garaitza kolektibo gogoangarri batean.

Baina gaur egun, batzuen kontua zena —muturreko jarduerena, esfortzu eta arriskuaren mugan jardutearena—, hori ere orokortu dugu. Hori ere odolari gehitu nahi diogula ematen du. Orain dena da Xtreme eta ultra. Orain kontua ez da mendira igotzea, azkar igotzea baizik, eta bide zailenetik. Lurrarekin gogaituta zerua presaka konkistatu nahi bagenu legez, kilometro bertikalak egiten ditugu. Eta lasterketak mendian, edo basamortuan: afizioz eguzki galdatan, 40taka gradutan, korrika edo pedalka; eta bat gutxi irudituta, hiru edo lau mendi kateatzen ditugu ultratrail eta trabesia amaiezinetan. Edozein jardunaldi bihur liteke Xtreme, muturreko, eta nola sakrifizioarena ere DNAn inkrustatuta daramagun —aita santuaren koskabiloak baino kristauagoak gara, arraioa!—, asmatuko dugu maldatzarrak, hormak eta behar direnak erronka bihurtzen, eta lortuko dugu. Sufrituko dugu hesteak lehertzeraino, eta gozatu egin dugula esango dugu. Eta guk zuzenean egiten ez dugunean, egiten duena txalotuko dugu, arnasa emango diogu, bultzatuko dugu. Munduko sufridore onenetakoak ez ezik, sufridoreen zalerik handienak gara, txirrindularien balentriak ikusi besterik ez dago. Ez alferrik «sufritzen gozatu» bezalako perbertsio bat gureganatu dugu, sexuarekin zer ikusirik ez daukana.

Guztia Xtreme bilakatzea, ordea, gehiegizkoa begitantzen zait. Eta zalantza, betiko zalantza, jariatzen dugun adrenalina mordo hori beste gabezia batzuen adierazle ez ote den.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna